Pasa den urteko azaroan amaitu zituzten obrak, eta orduan proba moduan hasi zen lanean. Gaur egun, ordea, %100ean martxan da Adunako Uralde hondakin uren araztegia, eta atzotik inauguraturik dago. Josu Amilibia Adunako alkatea, Eneko Etxeberria Gipuzkoako Ur Kontsorzioko lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira inaugurazio ekitaldian. 24,5 milioi euroko kostua izan du azpiegiturak.
Araztegiak 61.000 herritarren hondakin urak garbitzea du helburu, Legorreta, Amezketa, Abaltzisketa, Baliarrain, Orendain, Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Belauntza, Ibarra, Tolosa, Hernialde, Anoeta, Irura, Asteasu, Zizurkil, Villabona, Aduna eta Andoaingo herritarrak, hain justu, eta baita industria jatorria dutenak ere.
Araztegiaren azpiegitura guztiek 20.000 metro2 hartzen dituzte. Lau eraikin nagusi daude: aurretratamendurako eraikina, lohietarako eraikina, biologikoa aireztatzeko eraikina eta kontrol eraikina, kontrol aretoa eta laborategia barne hartzen dituena. Bertara iristen den ura, prozesu osoa egin ostean, ibaira isurtzen da, eta prozesuan sortzen den lohia eta materia organikoa metano bihurtu eta erregai gisa erabiltzen da araztegian bertan. Zortzi behargin aritzen dira bertan lanean.
Adunakoarekin, osaturik geratzen da Gipuzkoako araztegi nagusien sarea. Hamahiru azpiegiturek osatzen dute sare hori. Arduradunek adierazi dutenez, araztegi hauei esker, ibaien egoerak hobera egin du azken urteotan: «guztietan arrainak daude, eta zenbait espezie ezagun, izokina kasu, berreskuratzen ari dira». Hala ere, Gipuzkoako ibaiak Europako zuzentarauek ezarritako kalitate on irizpideetara ez direla oraindik iritsi nabarmendu dute, beraz, saneamendu lanak egiten eta udal saneamenduko sareak hobetzen jarraitzeko beharraz ohartarazi dute.
«Ura giza eskubidea da»
Josu Amilibia Adunako alkatea «gustura» agertu da azpiegitura berriarekin. Proiektuak, aurreko agintaldian, kezka sortu ziela aitortu du «balizko usain arazoengatik», orduko Aldundiak kezka horri ez ziola erantzun gaineratu du, baina oraingo Foru Gobernuarekin protokoloa sinatu dutela araztegiari jarraipena egiteko. Horregatik ere «pozik» dagoela adierazi du Amilibiak.
Eneko Etxeberria Ur Kontsorzioko lehendakariak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundearen arabera, ura eta haren saneamendua giza eskubidea direla, eta horregatik, mota honetako azpiegiturekin eskualdeko herritarren giza eskubideak bermatzen direla.
Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoako ibaiak eta errekak kutsaduraren «txapeldunak» izan ziren duela zenbait urte, eta orain gipuzkoarrok beste erronka bat dugu: «garbitasunaren eta ingurumenaren txapeldunak izatea». Horretarako, konpromiso pertsonal eta kolektiborako deia egin du Garitanok: «Horixe delako Gipuzkoa berria: ingurumenarekin eta datozen belaunaldiekin arduraz jokatzen duen jendarte bat, herritar arduratsuez osatutakoa, esfortzu kolektiboak egiteko prest dagoena, etorkizunerako erronkak gustuko dituena».