Astelehenean berriro ere zabalik

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 3a, 10:32

Hilabete bateko itxialdiaren ostean, berriro ere ateak irekiko ditu Anoetako Abraham Olano kiroldegiak, datorren astelehena, hilaren 6tik aurrera. Kudeaketa, baina, aldatu egingo da. Hemendik aurrera, udalaren esku geratuko da.

Duela lau urtetatik hona, BPXsport enpresa arduratu izan da 2006. urtean inauguratu zen kiroldegiaren kudeaketaz. Ibarra, Hernani, Azpeitia edo Debako kiroldegiak ere, bere gain izan ditu enpresa honek.

Aurtengo martxoaren 31an, ordea, Anoetako Udalarekin zuen hitzarmena amaitzen zitzaion, eta pasa den urteko urrian kudeaketarekin jarraituko ez zuela jakinarazi zion udalari.

Hori dela eta, enpresei pleguak aurkeztu zizkien udalak, baina enpresa bakar bat aurkeztu zen, lehiaketara, eta ondoren atzera bota zen. Martxoaren amaiera iritsi zenerako enpresa berririk ez zegoenez, Abraham Olano kiroldegia epe baterako ixtera behartuta ikusi zen udala.

Bitarte horretan, udalak, kudeaketa bere gain hartzeko erabakia hartu eta berriz ere ateak irekiko ditu datorren astelehenean hilabeteko itxieraren ondoren.

Lehen zeuden langile berek jarraituko dute lanean, udalak autonomo gisa azpikontratatuko baititu ikastaroak eman eta harrera zerbitzua eskaintzeko.

«Ahal bezain azkar ireki nahi izan dugu, eta modu horretan kontratatzea zen biderik lasterrena. Eskaintza publiko bat ireki izan beharko bagenu, kiroldegia luzaroan egon beharko litzateke itxita. Horixe zen formularik eraginkorrena», dio Pello Estanga, Anoetako alkateak. Garbiketa lanak, berriz, udaleko langileen esku geratuko dira.

Normaltasunera itzuli nahian

Astelehenetik aurrera, «normaltasunez, betiko moduan» martxan jartzea espero du udalak. «Itxi baino lehenagoko ikastaro eta irakasle gehienak mantentzeko ahaleginetan gabiltza, herritarrak oso gustura zeudela ikusita», dio Estangak.

Anoetako kiroldegiak, 400 erabiltzaile inguru ditu, horietatik erdia baino gehiago, herrikoak bertakoak. «Garrantzitsua zen herriarentzat lehenbailehen kiroldegia berriro ere zabaltzea».

Herritarrei eskerrak emanaz

Bestalde, Pello Estangak eskerrak eman nahi zan dizke herritarrei denbora tarte honetan erakutsitako pazientziarengatik. «Bi batzar egin genituen herritarrei kiroldegiaren egungo goera zein zen azaldu eta gure intentzioak zein ziren azaltzeko. Euren kezka eta proposamenak entzun genituen, eta eurek guri ere bai. Oso ondo ulertu dute guztia, eta ondo jokatu dute, pazientziaz, eta hori eskertzekoa da», esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!