Jende andana bildu zen atzo goizean Hernanin, LABek, burujabetza politiko eta ekonomikoa, eta aberastasun banaketan oinarritutako lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzeko deitutako manifestazioan. Sindikatuaren esanetan, 1.000 bat lagunek egin zuten bat Borrokatu, Matxinatu eta Irauli Euskal Herria lelopean egindako manifestazioarekin, tartean, eskualdeko hainbat eragilek. Arratsaldean, bizikleta martxa egin zuten Tolosaldeko hainbat gaztek Villabonako plazatik hasita, Tolosaraino, bidean geratzen diren herriak zeharkatuz. Ondoren, Tolosako Plaza Berrian ekitaldia egin zuten, Ernai gazte antolakundearen eskutik. 100 gazte inguru elkartu ziren ekitaldian.