Igor Labaien: «Entrenatzaile izatea erabaki nuen eta ez naiz damutzen»

Ataria 2013ko maiatzaren 2a

Igor Labaien, Espanyol futbol taldeko gazteen entrenatzailea

Aste Santutan etxean izan bada ere, Realeko gazteen txapelketan, Espanyoleko kirol hirian elkartu da Hitza Igor Labaienekin, Bartzelonako Sant Adria de Besos auzoan. Futbola bizi eta sentitu egiten du. Gustura ikusten zaio, bata eta bestea agurtzen: jokalariak, teknikariak, langileak….

Betidanik izan nahi zenuen futbol entrenatzailea?

Laskorain areto futbol taldean jokatzen nuela, jubenil mailan, hasi nintzen haurrak entrenatzen eta gustura aritzen nintzen. Gero Berrobiko pilotari lagunak ere fisikoki prestatzen aritu nintzen. Ondo aritzen nintzela sentitzen nuen, bakoitzari % 100a ateratzen niola.

Igor Labaien tolosarra[/caption]

Eta gustura ikusten zaizu.

Bizitza motza da eta gustuko lantoki bat izateak ez du preziorik. Lotsa ematen dit hona lanera etortzen naizela esateak, oso gustura natorrelako.

Hasieratik hasiko gara. Nola sartu zinen futbol munduan?

Laskorain ikastolan ikasi nuen eta areto futboleko taldean jokatu nuen urte askotan. Hondartzako taldean ere bai. Lehen soldatatxoa ere txikiagoen entrenatzaile gisa irabazi nuen.

Eta ikasketak horretara bideratu zenituen.  

Donostian ingenieritza teknikoa ikasten hasi nintzen: algebra, kalkulua, marrazketa, fisika... Baina ez nuen tailer batean zortzi ordu pasa nahi. Lleidara joan nintzen INEF ikastera, baina ez ninduten hartu eta Magisteritza hasi nuen eta aldi berean kadete talde bat entrenatzen hasi nintzen. Gero eskola bateko bi talde hartu, eta eskola horretan oinarrizko futbolaren koordinatzaile izatera iritsi nintzen. Bi urte eginda, INEFen onartu ninduten eta gozatu egin nuen eskubaloia, futbola, saskibaloia, igeriketa… eginez. Kirola gustatzen zaion batentzat hori ez da karrera bat egitea. Gainera oso giro ona genuen, gehienak kanpotik joandakoak ginelako eta horrek talde lana egitera bultzatzen gintuelako. Eta esperientzia hori mila liburu baina hobea da. Bizi behar den karrera da, ez ikasteko bakarrik. Eta bestalde, futbol entrenatzaile nazionalaren titulua daukat.

Zenbat denbora daramazu kiroletik bizitzen?

Ordutik hasita, beti atera dut soldatatxoa nire taldeekin. Gero nire enpresatxoa sortu nuen prestatzaile pertsonal gisa, oposaketetako proba fisikoak prestatzeko. Zazpi-zortzi lagunekin hasi eta berrogei baino gehiagorekin bukatu nuen. Aberatsa izateko asmorik ez dut, baina aurrera jotzeko atera izan dut aspalditik. Amets hori izan dut txikitandik.

Eta nola iritsi zara Espanyoleko jubenilak entrenatzera?  

23 urterekin 3. mailan jokalari izan edo erregional mailako taldea entrenatzea erabaki behar izan nuen. Jokatzeko zaharra eta entrenatzeko gaztea. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Aragoako Pomar taldea jaitsiera postuetan ibiltzen zen eta bi urtetan goiko postuetan utzi nuen. Horren ondorioz, 3. mailako Fraga taldeak deitu zidan, diru gutxiko taldea eta ni bezalako entrenatzaile bat errentagarri ateratzen zitzaion. 3. mailako entrenatzaile gazteena nintzen. Bi urte egin nituen han eta eskaintza batzuk izan nituen, baina Espanyolera jubenil mailako B taldera prestatzaile fisiko moduan etortzea erabaki nuen.

Zein da zure eginkizuna Espanyol futbol taldean?  

Jubenil B taldeko, hau da, jubenil mailako lehen urteko, 15-16 urtekoen prestatzaile fisikoa naiz. Eta ingeesa menderatzen dudanez, jokalari indonesiar baten entrenatzaile pertsonala naiz. Fisikoan eta taktikan lan egiten dut, entrenatzaile titulua ere badaukat eta. Atzerritik gure entrenatzeko era ikustera datozen taldeez ere ni arduratzen naiz normalean, hizkuntzagatik, hemen inor gutxik dakielako ingelesa.

Nola entrenatzen duzue, bada?  

Entrenamendu oso taktikoak egiten ditugu, dena jokoa ulertzera dago bideratuta, egoera desberdinak ulertzera. Fisikoki ez da hain gogorra, baina erabakiak hartzen erakusten diegu. Oso desberdina da eta harritu egiten dira kanpotik datozenak. Baloiarekin egiten da dena. Gure garaian eskailerak eta aldapak igotzen ziren, hori baztertuta dago. Gimnasioa ere asko erabiltzen dugun tresna da. Eta lan psikologikoa ere asko erabiltzen dugu, pertsona kontuan izan eta bere arazoak konpontzen laguntzen diegu.

Astea nolakoa den zehatz ezazu.

Gazteek lau entrenamendu dituzte astean, eta gehiago behar badituzte gehiago. Goizetan ikasi eta arratsaldez entrenatu egiten dute. Batzuk bertako erresidentzian bizi dira. Eta asteburuetan partiduak izaten dira. Haiekin egoteaz gain, goizetan aurreko partiduko akatsak eta hurrengo taldearen ezaugarriak aztertzen ditugu, astean zehar landu ahal izateko. Taldeaz aparte, lehen aipatutako lanak egin behar ditut. Eta gainontzeko taldeak eta jokalariak ikusi behar izaten ditugu, ingurukoak eta urrutiagokoak ere bai. Ahalik eta jokalari onenak lortzea eta beharrak betetzea garrantzitsua da talde bakoitzean.

Konpetentzia handia duzue Bartzelonan bertan.

Anaia aberatsa dugu ondoan. Horregatik lan bikoitza egin, profesionalagoak izan, eta azkarrago eta aztiago ibili behar dugu. Alebinetan beti irabazi egiten diogu Barcelonari eta gero sei jokalari kentzen dizkigu. Bost aldiz gehiago ordaintzen badute… Horren kontra ez dago egiterik. Guk berdina egiten dugu talde txikiagoekin. Guretzat erronka bat da Barcelona ondoan izatea, hobeto egin behar dugu lan. Munduko onenak dira.

Gazte guztiak ez dira lehen mailara iritsiko.

Bai, baina saiatu behintzat egin behar dute. Hemen egoteko zortea dutela esaten diet. Beraien eskuetan dauden gauzetan zentratu behar dutela esaten diet, indar eta esfortzu guztiak hor gastatuz: hobetzea, ikastea… Beren eskuetan ez dauden gauzetan denbora alferrik ez gastatzeko esaten diet: jokatuko ote duten, fitxa luzatuko ote dieten…  Hobetzeko entrenatzen dute, ez jokatzeko. Elkarrizketetan zer hobetu behar duten esaten diegu: erabakiak azkarrago hartu, defentsan hobetu, zentratu... eta horretara etorri behar dute entrenamenduetara. Krisiak badu alde ona: kanpoko erdipurdiko jokalariak ez dira fitxatzen orain, etxekoekin moldatu behar izaten da. Realean aspaldian ez zegoen bertako hainbeste jokalari jokatzen.

Nola joan da Donostiako torneoa? 

Iaz laugarrenak gelditu ginen, denak lehen urteko taldeak izanda. Aurten A taldeak ziren, bigarren urtekoak, eta gu B taldearekin joan ginen, baina konpetituko zutela ziurtatu genien eta hala izan da. Finalera iritsi eta penaltietan galdu genuen Brasilgo Puerto Bahiaren kontra. Partidurik txarrena izan zen, bi taldeak neka-neka eginda geunden lau egunetan lau partidu jokatuta.

Nola bizi duzu bizitzako garai hau?

Eskailerak banaka igo ditut eta oraingoz ez ditut jaitsi. Lagun baten apustuagatik etorri nintzen hona eta bi urte daramatzat. Nire helburua lanean ondo jarraitzea eta konfiantza hori lortzea da.  Pena dut aitak hemen ez nauelako ikusi. Oso arrazionala zen eta bide hau aukeratu nuenean seguru al nengoen galdetzen zidan. Nire izentxoa egin dut futbolean Katalunian eta Aragoan. Hori Euskal Herrira iristea nahiko nuke, baina oraingoz hemen nago.

Eta nola planteatzen duzu etorkizuna?

Kanpora joateko eskaintzak izan ditut, askoz baldintza hobeagoetan, baina hemen gustura nago. Espainiako futbola dagoen bezala, zortea dugu oso kotizatuta gaudelako. Bidea kanpoan dago. Indonesiako selekzioarekin kolaboratzen aritu naiz. Ahal badut hemen urte batzuk egin nahi nituzke, erakusleiho ona da hau. Eta gero kanpora joan behar badut, joan egingo naiz. Emaztearen herrian bizi naiz, Sant Cugat del Valles-en, oso gustura, baina bera ere prest dago kanpora joateko hala suertatzen bada.

Eta etxera, noiz?  

Ez dakit, nahiko nuke. Familiarekin egoten naiz tarteka. Harremanik ez dut galdu lagunekin, sare sozialei esker. Alaba txikia euskaraz ondo moldatzen da, katalana eta gaztelerarekin batera.

Zer moduz moldatzen zara katalanez?  

Gazteleraz baino hobeto. Jokalari katalanekin erabiltzen dut, baina futbola nahiko erdalduna da, baita Euskal Herrian ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!