Maiatzeko lehen bazkaria, auzolanaz

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 2a, 08:16

Herri kirolek giro aparta sortu zuten Baliarraingo Atari Soro pilotalekuan. Irudian, lokotx biltze saioa.

Urteroko moduan, maiatzaren lehenarekin txekor jatea egin zuten, atzo, Baliarrainen. Bazkari legearen aurretik, herri kirolen jaiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, Atari Soro frontoian.

Goiz osoan Aramako lorezaina izan zen Baliarraingo plazan, eta herritarrek garaiko lore nahiz landareak erosteko aukera izan zuten. Jarraian, eguerdi aldera, herri kirolen saioa hasi zen, Irazustabarrena bertsolari gaztearen lau bertsoekin. Aitor Esnaola kidea gogoan izan zuten bertaratuek.

Horrela, bi taldetan banatu ziren kirolariak, eta gazteen taldea eta helduenaren arteko lehia sortu zuten. Azurmendi eta Otaegi aizkolarien erakustaldiarekin batera, lokotx biltzen aritu ziren Garmendia eta Goikoetxea, eta trontza saioa ere egin zuten; emakumeen txandan Etxeberria-Astondoa eta Gorostidi-Intxausti aritu ziren norgehiagokan, eta gizonezkoenean, berriz, Gabirondo-Esnaola eta Iraola-Garmendia lehiatu ziren. Atari Soro frontoiko ikusleen artean giro ederra piztu zen, kirolariei animoak emanez. Bazkalondoan, Iraolak eta Garmendiak erakustaldi berezia eskaini zuten, enbor handi bat ebakiz.

Eskuz esku txekorra errez

185 lagun inguru elkartu ziren pilotalekuan eta antolakuntza herritarren lanaz osatu zuten. Urteak daramatzate ospakizun hau antolatzen. Bezperan, erretzen jarri zuten txekorra, eta beren artean txandak eginez zaintzen zuten sua, txekorrari bueltak emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!