Gipuzkoa Zero Zaborren Mundumob egitasmoa Orendainen hasiko da larunbat honetan
Iraunkortasuna aldarrikatzea izango da, finean, Gipuzkoa Zero Zaborrek aurkeztu duen Mundumob egitasmoaren funtsa. Horrela, eta Eman hartu nahi duzun mundua lelopean, Gipuzkoa osoa zeharkatuko du proiektuak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «herritarrak eta eragileak iraunkortasun printzipio horri atxikitzea» nahi dute, eta hori izango da, beren helburuak eta jarduera zehatzak abiarazteko oinarria.
Mundumob egitasmoaren hari nagusia herritarrek gidatuko dute, baina koreografia duen kantu batek lotuko ditu gipuzkoar guztiak. Abestia bera, Karlos Gimenezek sorturikoa da, eta Jon Maia bertsolariak jarri dizkio, doinuari, hitzak. Ahotsa, berriz, Ze Esatek musika taldeko Jabi Rodilek eta Gose musika taldeko Ines Osinagak jarriko diote Mundumob-i, Mikel F.Krutzaga teknikariaren laguntzaz. Azkenik, milaka gipuzkoarrek dantzatuko duten koreografia Mikel Erguinek sortu du.
Musika, ahotsa nahiz dantza uztartzearekin batera, ordea, eskuz esku ibiliko da eman eta hartu nahi duten mundua; mundu bola batek ere bira emango dio, beraz, Gipuzkoari.
Aipatzekoa da, Gipuzkoa Zero Zaborrek «giro parte-hartzaile eta ludikoan» aurrera eman nahi duen proiektua dela, eta egitasmoa «etorkizun hobeago baten isla» izatea dutela helburu: «Aldarrikatzen dugun baikortasuna eta konpromisoa izango dira Mundumob-en erdigunean».
Abiapuntua Orendainen
Pasa den larunbatean Zubietan aurkeztu zuen, Gipuzkoa Zero Zaborrek, Mundumob egitasmoa. Hasiera, ordea, Tolosaldean bertan izango da, Orendainen.
Antolatzaileen arabera, «Gipuzkoako herririk handiena da Orendain, handitasuna herritarren konpromisoan neurtuz gero». Izan ere, Orendain da Euskal Herriko lehenengo zero zabor herria, eta hondakin organiko guztia herrian bertan tratatzen dute, ongarri bihurtuz. Ondorioz, orendaindarrek ez dute beste herrietara hondakin organikorik bidaltzen.
Mundumob egitasmoko antolatzaileek, beraz, Orendaingo kontzientzia «eredugarria» nabarmenduz, larunbat honetan bertan hasiera emango diote munduko bolaren ibilbideari, 12:00etan, Orendaingo plazan.
Amaiera, berriz, nolabait beste muturrean den Gipuzkoako herrian, Donostian, emago diote Mundumob-i: «Gipuzkoako herririk handiena da Donostia, sortzen duen zabor kopuruari begiratuz gero. Praktika onak nahiz eredugarriak ezinbestean aplikatu behar dira, beraz, eta Donostiak 2016rako Europako Kultur Hiriburu izateko duen erronka politari, gure ekarpena egin nahi diogu guk ere, Donostia zero zabor norabidean jartzeko». Ekainaren 8an amaituko da, beraz, Mundumob, Donostian ospatuko duten herrialdeko mailako festarekin.
Tolosaldean, ordea, orendaindarrez gain, beste hainbat herritarrek ere izango dute, Eman hartu nahi duzun mundua leloari jarraituz, koreografia dantzatzeko aukera. Igandean, esaterako, Ibarratik pasako da egitasmoa, 12:00etan.
Eguna iritsi aurretik, zenbait entsegu burutu dituzte jada ibartarrek, eta igandera bitarte ere beste bi egingo dituzte: ostiralean izango da lehena, 18:30ean, Ibarrako plazan, eta eguraldiak laguntzen ez badu, Emeterio Arreseko frontoian burutuko dute entsegua. Azkenik, igandeko grabazioaren aurretik, 10:00etatik 11:30era bitarte entsegu orokorra egingo dute.
Tolosako herritarrek, berriz, hilabete barru parte hartu ahal izango dute, iraunkortasunaren aldeko koreografia jendetsuan, eta Tolosa Zero Zabor taldeko kideek jakinarazi dutenez, emango dute entseguen berri zehatzagorik.