Gutuna: Eguzkik Ibarrako herriari

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Hitzaren bidez izan dugu Tolosa Txukuneko eledun P. Amantegik Ibarrako hitzaldi batean botatakoaren berri. Zur eta lur geratu gara. Amantegik hauxe esan omen zuen: «Eguzkik bere web orrian 5. edukiontziaren bidez atez atekoaren emaitza berak lor daitezkeela onartzen du». Hasierako harridura berehala haserre bihurtu da, Amantegik gure blogetik esaldi bat hartu eta komeni izan zaion bezala moztu baitu, gure pentsaeraren antipodetan dagoen jarrera defendatzeko, gainera. Txukuntasunaren alde ari omen den baten aldetik, ezin genuen joko zikinagorik espero.

Esaldi hori, 5. edukiontziaren bidez lortutako emaitzei buruz egin genuen balorazio batean agertzen da (nahi duenak ikus dezake bideoa, http://eguzkidonostia.blogspot.com-en). Esaldiak, honela dio: «5. edukiontzia erabiltzea derrigorrezkoa balitz, ia atez atekoa bezain eraginkorra izan liteke».

Hain justu, «derrigorrezkoa» da hitz erabakigarria,EAJ-k eta PSE-EEren moduan, errauste planta inposatu nahi dutenek saihestu nahi dutena. Haiei ez zaie komeni birziklatzea derrigorrezkoa izatea; derrigorrezkoa balitz, errauste plantak ez lukeelako etorkizunik. Horren adibide garbiak dira, gobernatzen dituzten udalerriak: Elgoibar, Hondarribia, Aia edo Zegama. Udalerriotan 5. edukiontzia dago; ez derrigorrezkoa, borondatezkoa baizik. Biltzen duten zabor organiko kopurua hutsaren hurrengoa da. Hau da, itxurak egiten dituzte, birziklatu nahi balute bezala, baina ez dute pausorik ematen bilketa benetan eraginkorra izan dadin. Logikoa, errauste planta bazka gabe geratuko da, bestela. Amantegik horregatik kendu du derrigorrezkoa hitza gure esalditik. Ez da kendu duen bakarra, ordea. Izan ere, «ia» atez atekoa «bezain» eraginkorra izan litekeela esan genuen, inoiz ez baita atez atekoa «bezain» eraginkorra izango. Ñabardura garrantzitsua, guk uste.

Amantegik ingurumenaren alde 20 urte daramatzagula esaten duenean ere, ez dabil zuzen. Ez bakarrik 20 urte baino gehiago direlako, baizik eta urte horietatik 19tan errauste plantaren kontra aritu garela saihesten duelako. Beterano batek baino gehiagok gogoan izango du, EAJk 1994an Usabalen errauste planta bat eraiki nahi izan zuela. Zorionez, herri ekimenari esker, bertan behera geratu zen. Dioxina fabrika txukun geratuko litzateke ikastola eta kiroldegiaren ondoan!

Entzun nahi duenak entzun beza: Eguzkiren iritziz, borondatezko 5. edukiontzia, hau da, ezagutzen dugun 5. edukiontziko eredu bakarra, birziklatzeari aurre egiteko barrikada gisa erabiltzen ari dira. Batzuek, errauste planta dutelako helburu, eta beste batzuek, berriz, birziklatu gabe eroso daudelako eta horrela jarraitu nahi dutelako.

Juan Mari Beldarrain. Eguzkiko kidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!