Edurne Pasabanek ezker hankarekin hasi du Titan Desert proba gogorra

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Edurne Pasabanek erronka berri bati ekin dio Marokoko desertuan. Mendiarekin lotura handirik ez du oraingo abenturak, baina zortzi milakoak bezain gogorra da. Mendi bizikletaren gainean jarri eta Titan Desert lehiatzen ari da tolosarra. Igandean hasi zen lasterketa, eta ostiralean jokatuko da azken etapa. Lehen jardunaldia gogorra izan zen Pasabanentzat. Hainbat eroriko izateaz gain, sabeleko minarekin ibili zen, eta guzti horren ondorioz, etapa denboraz kanpo amaitu zuen. Horren ondorioz, sailkapen ofizialean ez da agertuko tolosarra, baina hala eta guztiz ere, Pasabanek ez du etxerako bidea hartu, eta Marokon jarraitzen du. Atzo korritu zuten bigarren etapa, eta bezperan sufritua atzean uztea lortu duela dirudi. Bigarren jardunaldia 8 ordu eta 29 minututan amaitu zuen. Gaur hirugarren etaparen txanda izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!