Aurtengo Maiatza Saltsanek 1.500 euro biltzeko helburua du

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 30a, 10:48

Zizurkil eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen arteko anaieratzearen 20. urteurrena izango du hizpide 2013ko Maiatza Saltsan ekimenak. Hori dela eta, anaieratzearen inguruko ekitaldi ugari antolatu dituzte maiatzerako Guk egiten dugu, zuk zergatik ez? lelopean.  Guzti horren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, bi herrien arteko hogei urteko harremana ospatu eta anaieratzeak bizirik irauten duela gogoraraztea; eta bestalde, 1.500 euro biltzea, Padre Segundo Montes institutuan bost gaztek goi mailako ikasketak bertan burutu ahal izateko. Horretarako, kontu korronte hau zabaldu dute: 2095-5072-63-1063439367.

Ingenieria Zibileko Teknikaria (eraikuntza, iturgintza eta elektrizitatea) eta Hosteleria eta Turismo Teknikaria izateko ikasketak eskaintzen ditu, eta hiru urterako ikasketak izango lirateke.

Duela hogei urte, anaieratzea egin eta hainbat proiektutan parte hartu du Zizurkilgo herriak, hala nola, komunitateko etxeetara ura eramatean. Otaño eta San Millan ikastetxeek ere harreman zuzena dute Henry Ortiz eta El Barrial ikastetxeekin. Bailara mailan ere, Asteasu, Aduna eta Villabona beste komunitate batzuekin anaieratuta daude. «Esan daiteke Aiztondo bailara Meanguerarekin anaieratuta dagoela», azaldu du Alaitz Ormazabal, kultura zinegotziak.

Modu horretan, amaiera emateko, bailarako herrien artean antolatzen duten Senidetze egunak eman dio amaiera aurtengo Maiatza Saltsaneko ospakizunei.

Egitaraua

Maiatza Saltsan 2013

Maiatzak 2. Guk egiten dugu, Zuk zergatik ez? erakusketaren inaugurazioa eta Aiztondo-Meanguera anaieratzea hitzaldia, Euskal Fondoaren eskutik.

Maiatzak 4. Bertso eguna: bertso pelota, bertso afaria eta Otaño bertso paper lehiaketako sari banaketa.

Maiatzak 5. Andatza Eguna.

Maiatzak 8. Sin Nombre filma Atxulondon, 19:00etan. Gaia: El Salvadorreko errealitatea.

Maiatzak 10. Udal Jardunaldi teknikoak Atxulondon

Maiatzak 11. Errimak oinetan emanaldia  Intxaur pilotalekuan. Sarrera: 5 euro.

Maiatzak 12. Herri Urratsera autobusa, Udala eta Txepetxa Gazte Asanbladak antolatuta.

Maiatzak 14. Ipuin kontaketa solidarioak Otañon.

Maiatzak 15. San Isidro eguna.

Maiatzak 17. Herriko haurrak bertso, dantza eta kantari ibiliko dira (17:00etan); janari truke gastronomikoa: El Salvador eta Euskal Herriko janaria prestatuko da Urkamendin eta Aurrera Plazan dastaketa eskainiko da.

Maiatzak 19. Biatloia.

Maiatzak 21. Segundo Montes, libre de analfabetismo hitzaldia.

Maiatzak 22. Retorno a Morazán bideo emanaldia eta Gugaz-eko film laburrak. Hitzaldia ere izango da Atxulondon.

Maiatzak 23. Loatzo Musika Eskolako kontzertua, 19:00etan Atxulondon. .

Maiatzak 24. Kantu Jira Elbarrenan, 20:00etan.

Maiatzak 25. Senidetze eguna.

Senidetze Eguna

Harrera. Zizurkilgo Udaletxean harrera instituzionala egingo da 11:00etan. Ondoren kalejira Kataluiniatik etorriko den konpartsa baten eskutik.

Pailazoa. Porrotxek emanaldia emango du Pedro Mari Otaño Plazan, 12:00etan.

Harrera herrikoia. Bertsolari eta dantzariekin harrera. Talo solidarioak eta Empordako ardo dastaketa. 13:00etan.

Bazkari herrikoia. Paella egingo dute, 14:30ean.

Kontzertua. Fermin Valentzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!