Larreen irekiera egingo dute bihar, Larraitzen

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Maiatzaren 1a egun berezia izan ohi da Larraitzen. Aralarko larreak irekitzen dituzte abereak bertara eramateko, eta horren aitzakian, festa polita egin ohi dute. Egun osoan zehar, postu ugari egongo dira bertako produktuekin, eta era guztietako abererik ere ez da faltako. Ikuskizunak ere izango dira, zaldi domatzailea, mendi behor eta zaldien lehiaketa eta aizkolarien saioa, kasu. Eguerdian izango da, suziria bota eta langa irekiko duten unea.

Maiatzaren 1a Ausa Gaztelu Eguna ere bada, eta urtero moduan, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen mendi katea egingo dute Aritza kultur elkarteak bultzaturik. Mendi buelta egin ostean, bazkaria izango da, eta bertarako txartelak eskuragarri daude, 943 556011 zenbakira deituta.

Bestalde, Amasan ere abereak larreetara igoko dituzte bihar goizean. Amasa-Villabonako Udalak bigarrenez egingo du aurten, Komizarren, festa giroa nagusituko delarik.

Egitaraua

Maiatzak 1

09:00. Topagunea Larraitzen.

10:00. Postuen irekiera eta trikitilariak, festa gunean.

11:00. Oscar Ferrer zaldi domatzaile errioxarraren erakustaldia.

11:30. Mendiko Behor eta Zaldien Gipuzkoako Lehiaketa.

11:30. Ausa Gazteluko mendian eta Larraitzeko festa tokian ekitaldia.

12:00. Aralarko larreak irekitzeko suziria.

Ondoren. Jose Mari Esnaola aizkolariaren saioa bost metroko altueran eta zintzilikaturiko enborra ebakitzen. Bertsolariak: Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi.

13:00. Mendizaleei ongietorria.

14:30. Bazkaria.

17:00. Erromeria, Triki Beltz taldearen eskutik.

Arratsaldean. Abereen erakusketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!