Maxurrenea Herrintzat, pozik alderdien jarrerarekin

Ataria 2013ko apirilaren 26a

Maxurrenea Herrintzat plataforma pozik agertu da Nafarroako Parlamentuan izandako lan-saioetan alderdiek erakutsitako jarrerarekin. Plataformatik adierazi dutenez, donazioaren kontratuko helburua betetzen ez denez, leitzarren eskaera «arrazoizkotzat» eman dute talde parlamentario gehienek

Plataformako kide den Iñaki Zabaletak, hori gogorarazi nahi izan du: «Ongintza heziketa jarduerak burutzeko baldintzarekin onartu zuen Nafar Gobernuak Maxurrenea etxea, beraz ez da donazioaren helburuekin betetzen ari. Espainiako Gobernuari alokatu zitzaion eta diru hori ez da erabili eraikina eraberritzeko».

Bilduko Bittor Rubiok, Maxurrenearen egoera «leheneratu» egin behar zela esan zuen: «Arrazoi historiko, kultural zein normalizazio politikoagatik, mozioa babestuko dugu Leitzari Leitzarena dena eman diezaioten».

UPN alderdiko Geronimo Gonzalezek, berriz, dokumentazioa irakurri eta helburuak betetzen ez direla ikusita, Nafar Gobernuari horren berri emateko konpromisoa hartu zuen, eta kuartelarentzat beste kokapen bat bilatu beharko dela esan zuen.

Maria Victoria Arraiza, PSNko kideak, eskaera «logikoa» dela adierazi zuen, eta bi aldeak asebeteko dituen irtenbidea bilatu behar dela.

Nafarroa Bai alderdiko Asun Fernandez de Garaialdek, eskaera eta mozioa onartuko dituztela berretsi zuen, «plataformak herria ordezkatzen duelako. Bada garaia zer nolako polizia behar dugun eztabaidatzeko, eta Leitzak ez du Guardia Zibila behar».

Eloy Villanueva popularrak, ordea, bere horretan uzteko aldarria egin zuen, «herrian bere lana betetzen dutelako».

Ezkerreko Txema Mauleonek berriz, «aldarrikapen logikoa» zela esan eta mozioa babestu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!