Gutunak: Tolosaldea Txukun (II)

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 26a, 10:39

Tolosaldea Txukun taldeak «informazio bilera» egin zuen Anoetan, Atez Atekorik ez lelopean. Hondakinak biltzeko sistema berriaren aurka erabili zuen hirugarren argumentua ekonomikoa izan zen (aurreko artikuluan aipatu genituen beste biak). Oso garestia omen da. Herrietan 12.000 euro gastatzen ari omen dira kuboetan. Patxi Amantegi jauna: zenbat kostatuko litzaioke Gipuzkoako herri bakoitzari Zubietako errauste planta? Kostu totala behintzat, milioika euro; zergatik ez duzu esaten zenbat aurreztuko duen herri bakoitzak zaborrak errauste plantara eta zabortegietara eraman gabe? Usurbilgo udalak 150.000 euro aurreztu ditu hondakinen bilketa eta kudeaketan 2012an. Sistema berriek lanpostuak sortzen dituztela onartu zenuen, eta hori ere zalantzan jartzen saiatu zinen (bilketa sistema mekanizatutik eskuzkora pasatzea atzerapausoa dela, ea nork egin nahiko duen lan hau krisia pasatzen denean…). Nola da hori posible? Zenbat balio du aire garbia arnasteak?

Bilera horretan, hizlariak ez zuen hitz egin nahi izan estetika edo erosotasunari buruz, gai subjektiboak omen direlako. Baina bilera deitzeko erabili zuten karteletan, zabor-poltsaz betetako posteen argazkiak jarri zituzten, jakinik Anoeta eta Iruran, hondakinak  kuboetan bilduko dituztela. Gure ustez, fede txarrarekin jendea manipulatzea da hori, informatu beharrean.

Eta gure ustez, salagarriak dira bileran esandako beste batzuk ere. Adibidez, hizlariak modu ironikoan  bota zuen Spora enpresa katalana Hernanin ezarri dela eta «oso ondo dihoakiola» (lana desprestigiatu nahian). Publikotik norbaitek «¡a esos habría que fusilarlos a todos!» esan zuen, eta Amantegi jaunak bilera publiko batean horrelakoak moztu beharrean, «no, que son muchos» erantzun. Edo nola saiatzen den balioa kentzen galderak «zailei»: «Zuk jaisten al duzu zaborra? Ez dut uste». Edo nola saiatzen den garrantzia kentzen Legorreta eta Lezon gertatutakoei:  «Bi poste bakarrik hautsi dira». (Publikotik gogorarazi zioten batzuk Audientzia Nazionalera bidaltzen dituztela sabotajeagatik). Eta okerrena, bilera amaieran botatakoa: «Berdintsu izango litzateke organikoa komunetik botatzea, Adunako kolektorean jasoko bailitzateke».

Gure ustez iritzi guztiak errespetagarriak dira, eta zilegi da atez atekoaren kontra egotea, baina birziklatzearen alde dagoela dioenak, zabor poltsa lurrean uzteko edo organikoa ibaira botatzeko esatea, oso larria da, Tolosaldea Txukun-eko bozeramailearen ardura-falta handia erakusten baitu.

Talde ekologista nagusiek (Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace) auzo-konposta eta atez atekoaren aldeko apustua egin dute, eta Europar Batasunak eredugarritzat jo du Gipuzkoako hainbat herrik hartu duten bidea.

Diferentziak diferentzia, ahalik eta hondakin gutxien sortu, eta ahalik eta gehien birziklatzearen alde gauden guztiok, ahalegin bat egin behar dugu, denon helburuak bermatuz,  balekoak izango diren sistemak adosteko.

Gaur egun bizi dugun liskar giroa baztertu, eta jarrera eraikitzaileak, nahiz elkarri entzutea beharrezkoak dira. Zergatik ez saiatu?

Tolosaldea Zero Zabor

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!