Zabor poltsak eta hitzaldiak, atez atekoaren aurkakotasuna azaltzeko

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 25a, 00:41

Tolosaldeko herri nagusietan paisaia aldatu da azken asteetan. Balkoietan zabor poltsak ikusten dira han eta hemen. Hondakin bilketaren harira jarri dituzte bizilagunek zabor poltsak, hain zuzen ere, atez atekoaren aurka daudela agertzeko. Horrez gain, Tolosaldea Txukun plataforma batzar informatiboak antolatzen ari da. Alegian, Anoetan edo Ibarran egin bezala, gaur, Amasa-Villabonan antolatu dute hitzaldia. Gurea zinema aretoan, 20:00etan. Villabona eta Zizurkil Txukun mugimenduak Patxi Amantegi eramango du Gureara, «birziklapenaren alde, eta atez atekoaren aurka» euren ikuspuntua azaltzera.  

Ibarrako kultur etxean astelehenean izan zen Patxi Amantegi, Olatz Peon Tolosaldea Txukuneko kidea alboan zuela. Gipuzkoako plataformen koordinatzailearen hitzaldira, herritar ugari joan ziren; 120 lagun inguruk kultur etxea txiki utzi zuten. Plataformako bozeramaleak hitz egin zuen, eta «atez atekoaren inposaketa» salatu zuen Amantegik.  Ibarrako Udalari, «herritarren borondatea errespetatzea eskatu zion», Tolosaldea Txukuneko bozeramaleak. Amantegik, «inposizioa» salatu zuen, eta udalak auzokideak behartu egin nahi dituela esan zuen, «zikinagoa, deserosoagoa eta garestiagoa den atez ateko bilketa sistema erabiltzera».

Tolosaldea Txukun plataformako bozeramalea, gaur egun, edukiontzien bidez egiten den gaikako bilketaren alde agertu zen, eta hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia hedatzea eskatu zuen, bere esanetan, «askoz erosoagoa eta garbiagoa» delako.

Amantegik, bere hitzaldian, Eguzki ekologista taldea aipatu zuen, bosgarren edukiontziaren alde egiteko: «20 urte daramatzan Eguzki ekologista elkarteak bere web orrian, bosgarren edukiontziaren bidez atez atekoaren emaitza berdinak lor daitezkeela onartzen du». Bide horretatik, Tolosaldeko Zabor Mankomunitateak bosgarren edukiontzi hau zabaltzearen aurka duen jarrera salatu zuen, eta horrela, «gutxi birziklatzen dela argudiatu, eta 'txintxilikarioak´ inposatu» nahi dituela ondorioztatu zuen.

Hitzaldiaren amaieran, herritarrei eman zitzaien hitza, eta gaiak sortzen duen zatiketa agerian gelditu zen.

Tolosaldea Txukunetik hitzaldira joandako guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, eta «Ibarran atez atekoaren aurka 1.470 bizilagunek sinatu dutela» aipatu dute.  Bilduko udal gobernu taldeari Legazpiko eredua kontuan hartzeko esan die plataformatik, eta «ibartarren eskaerei begiak eta belarriak zabaltzeko». Hitzaldian esan bezala, hondakin bilketaren inguruan galdeketa egitea ere eskatu dute Tolosaldea Txukunetik.

Ibarrako PSE-EEk ere bat

Aitor Gonzalez PSE-EEren Ibarrako zinegotziak atez atekoaren aurkako herri plataformaren alde egin du, eta horrez gain, Tolosaldea Txukunen aldarrikapen guztiekin bat egiten dutela gaineratu du.

Gonzalezek Ibarrako udal taldea kritikatu du, eta aldi berean, «herri plataformarekin hartu emanik ez duela eduki». PSE-EEren zinegotziaren ustez, elkarlanerako zilegitasuna «1.470 ibartarren sinadurarekin» irabazi du herri plataformak: «Birziklatzearen  alde daudela erakutsi dute ibartar hauek, baina atez atekoari ezezko borobila eman diote. Bilduk hauteskundeetan «1.100 boto» lortu zituela ere gogoratu du Euskadiko Alderdi Sozialistako zinegotziak.

Aitor Gonzalezek Ibarrako balkoietan dauden zabor poltsen garrantzia azpimarratu nahi izan du, «egunetik egunera ugarituz» doazela gaineratuz. Zakar poltsak atez atekoaren aurka protesta egiteko jarri dituztela dio PSE-EEren Ibarrako zinegotziak: «Herritarrak izango dira kaltetu nagusiak hondakin bilketaren inposaketarekin, bilketa bera, garestiagoa, zikinagoa eta deserosoagoa izango baita».

Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateari ere zuzendu zaio Aitor Gonzalez, herri mugimenduari oihartzuna emateko eskatuz. Horrez gain, «udaletxean datuak ezkutatzen direla» salatu du PSE-EEren zinegotziak. «Ibarrako alkateak osoko bilkuran atez atekoa bai edo bai jarriko zuela esan zuen, eta parte hartze prozesua, zein motatakoa izango zen erabakitzera bideratuko zuela», dio Gonzalezek eta bideragarritasun planik ez duela ezagutzen esan du, ez eta, txosten ekonomikorik edo atez atekoa jartzeko aurrekonturik ere: «Hauetaz galdetuta, erantzuna beti bera izan da, ez. Erabakia hartu dute, baina ez dakigu zein interesekin. Herritarren aurkako inposaketa hutsa da».

Azkenik, Aitor Gonzalezek birziklatzearen alde daudela esan du, baina ez atez atekoarekin bezala, «derrigorrezko neurrien bidez». PSE-EEren ordezkariak gaineratu duenez, «atez atekoa %20 garestiagoa da, eta ez du ekiditen errauste plantaren edo zabortegiaren beharra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!