Hamarkada bat musikariak hazi eta heziz

Ataria 2013ko apirilaren 25a

Egun batetik bestera, helburu finkorik gabe, eta hamar lagunekin hasi zuen bidea Bonberenea Txarangak. Urteen poderioz, hiru bider handitu da taldea. Bizitako esperientziek, musikari gisa aberastu ditu gazteak, eta gaur egun, helmuga ez dute finkatu. Ez dute mugarik.

 

Ion Altuna ‘Miles’ eta Mikel Zelaia ‘Mirri’ · Bonberenea Txarangako kideak

«Ez gara pentsatzen jarri egin dugun guztiaz, urteen poderioz ohartuko gara»

 

Zaila da Ion Altuna (Tolosa, 1987) eta Mikel Zelaiak (Tolosa, 1992) hamar urte hauetan Bonberenea Txarangan izan duten funtzioa zein den azaltzea: zuzendari gisa aritu izan dira, kantu eta moldaketak egin dituzte, eta nola ez, jotzen aritzen dira. Baina zein instrumentu jotzen duten zehaztea ere ez da erraza, izan ere, hamarkada honetan, «etengabeko ikaskuntzan» aritu dira uneoro txarangari esker, eta euren musika ezagutzak areagotu dituzte.

Zer-nolako balantze egiten duzue hamar urte hauen inguruan?

Mikel Zelaia: Balantze bat egiteko, izan dugun eboluzioa ikustea besterik ez dago.

Ze bilakaera izan du , ba?

Ion Altuna: Duela hamar urte, abenduan, Bonberenearen urteurrena ospatzeko bandan ibiltzen ginen gazteak elkartu ginen, etorkizunari begira inongo helbururik gabe. Primeran pasa genuen, eta sanjoanetan berriz ere ateratzea erabaki genuen. Harrez geroztik, emandako pauso bakoitzak ondorengo bat ekarri zuen.

M.Z.: Hasieran ez genekien noraino iritsiko ginen ere. Eta pixkana, aurrera jarraituz, hiru disko grabatu ditugu, DVD bat kaleratu dugu, herri eta hiri askotan izan gara, lagun asko egin ditugu... Nork esango liguke...

Ezerezetik hasita, nola eraman dira aurrera hiru disko?

M.Z.: Hirurak oso ezberdinak izan dira. Oso. Lehenengoa esperimentala izan zen, proba bat. Estudiora sartu eta ea zer ateratzen zen. Hasieran maketa gisa planteatu zen, baina azkenean kantu gehiago sartu eta disko itxura izaten amaitu zuen. Nik hamahiru urte nituen orduan.

I.A.: Nik 18 nituen, eta adin horiekin bat batean Koldo Mitxelenan geunden diskoa aurkezten. Tolosan, horrelako boom bat izan zen, zerbait berria izan zelako, herriko gazteek egina. 500 ale atera genituen, eta gaur egun ez da bakar bat ere geratzen.

Ondoren Rocka eta urrezko komona izeneko diskoa etorri zen...

I.A.: Salto kualitatibo handia izan zen. Ordu asko pasa genituen lanean. Kantuak ere desberdinak ziren ohiko txaranga kantuetatik alderatuta. Rock doinuak egin genituen, kaleari beste giro bat emateko. Jendearengan oso harrera ona izan zuen. Eta gaur egun ere hori mantentzen da. Adibidez, Mendizorrotzan, Alaves futbol taldeak gola sartzen duen bakoitzero, Raymons kantua ipintzen dute bozgorailuetan.

Pirritx eta Porrotxekin ere ibili izan zarete. Nolakoa izan da hauekin egindako ibilbidea?

M.Z.: Hasieran, saio batzuetan baino ez ginen ibiltzen. Ondoren, gure hirugarren diskoa publikatu genuen beraiekin batera, eta Euskal Herriko hainbat txokotan ibili gara. Nolabaiteko elkarlana izan da.

Zer jaso duzue Pirritx eta Porrotxengandik?

I.A.: Milaka pertsonen aurrean, aretoetan jotzeko esperientzia berriak bizitzeko aukera emateaz gain, txarangaren lana Euskal Herri osoan zabaltzen lagundu digute. Nolabaiteko izena eman digute.

Umeek ere ezagutzen zaituztete...

I.A.: Bai, harrigarria da. Kalean geratu izan naute, edo kaletik jotzen noala ume asko begira-begira geratu izan zaizkit, eta ondoren gurasoren bati entzuten diozu, «Pirritx eta Porrotxeko poster eta bideoetatik ezagutzen zaituzte bai». Azken finean, ume askok pailazoekin gozatzen duten bezala, beste askok txarangarekin ere gozatzen dute.

M.Z.: Arrasaten, adibidez, ume bat txarangako posterra firmatuko ote genion galdezka etorri zitzaigun. Ez nuen espero horrelakorik.

Erreferente bilakatu al da Bonberenea Txaranga?

I.A.: Hori baino gehiago, ezberdina dela esango nuke.

Zer du, ba, ezberdina?

I.A.: Hasteko, filosofia. Ez da beste txarangak bezalakoa. Egiten dugun guztia besteei laguntza emateko da. Gehienbat Bonbereneari. Musikari bezala hezi eta hazteko aukera eman zigun, diskoak grabatu ditugu... Beraz, zerbait jaso izan dugunean, etxearentzat utzi izan dugu, proiektuak aurrera eramaten jarraitzeko. Kukutzan, Gasteizen, Hondarribian eta beste hainbat tokitan izan gara laguntza behar izan dutenean. Laguntza emate horrek pertsonalki bete egiten gaitu. Azken finean, helburu sozial bat duela esan daiteke.

Helburu sozial horien artean, hezkuntza aipatu duzu. Zer egiten du Bonberenea Txarangak alor horretan?

M.Z.: Urte hauetan egindako lana ondorengo belaunaldiei erakutsi zaie. Ez du ezertarako balio lan hori gordetzeak. Ni bigarren belaunaldikoa naiz, eta lehenengokoek erakutsi zidaten bezala, orain hirugarren belaunaldiko gazteei erakusten ari gara.Ez hori bakarrik. Gu ere etengabeko ikaskuntzan gaude esperientzia berriak biziz.

Musika munduan hasi berritan dauden herriko gazte askorentzat motibazio izan al daiteke Bonberenea Txarangan jo nahi izate hori?

I.A.: Bai, baliteke. Beti eman izan diegu aukera herriko musikari gazteei, eta esan zaien horiek begiak itxita etorri dira. Gauza berri asko egiteko aukera ikusten dute. Azken finean, egindako guztiak eboluzio bat behar du, uneoro berritzen joan behar du. Eta horretarako garrantzitsua da gazte jendea sartzen joatea. Gure erronka lan eta ilusio hori iraunarazi eta balaunaldiz belaunaldi pasatzea da.

Epe motzean, hurrengo erronka maiatzean daukazue, kontzertu formatuan. Nola bizi duzue?

M.Z.: Desberdina da. Jotzeko beste modu bat. Pasa den urteko ekainean Bonberenean DVDa grabatzeko egin genuenaren antzekoa da. Baina ezta gauza bera. Orain eszenatoki handiagoa, puntako kolaboratzaileak izango ditugu, ahotsak... Orain lanean gaude, eta horretan bakarrik pentsatzen dugu, ez da taldea nekatu behar.

Duela urte batzuk sinetsiko al zenuten, adibidez, Aitor Gorosabelekin batera joko zenutela esanez gero?

I.A.: Ez. Beti behetik ikusi izan dugu. Berarekin joko duzula pentsatzeak, edo berak zurekin joko duela pentsatzeak, emozio izugarria pizten du. Ez berarekin bakarrik, gainontzekoekin ere bai.

M.Z.: Nik uste dut oraindik ez dugula baloratzen egin dugun guztia. Urteak pasa ahala ohartuko gara zer egin dugun. Iruditzen zaigu normala dela egindakoa.

Eta hurrengo erronka gisa nazioartera zabaltzea planteatu al da?

I.A.: Denborak esango du. Duela bi urte ez genuen espero horrelakorik, eta begira. Ez dakit, baina momentua bizi behar dugu, eta etorriko dena, etorriko da. Beti bezala, pauso batek bestea ekarriko du. Ez daukagu helmugarik. Eta etor daitekeenari heltzeko prest gaude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!