Ibarrako gazteei zuzenduriko etxebizitza dotazionalak prest daude. Apartamentuak altzariz hornitu eta bertara bizitzera joatea besterik ez da geratzen. Horretarako, aurretik, udalak zozketa egingo du izena ematen dutenen artean. Etxebizitza hauetara bizitzera joateko interesa dutenek maiatzaren 10a baino lehen eman beharko dute izena. Oraingoz, 20 herritarrek egin dute eskaera.
32 etxebizitza dira orotara, eta batez besteko azalera 30 m2koa dute. Horietatik bi ezintasunen bat dutenentzat egokituak dira, beste bi, bi gela dituztenak dira, hau da, menpeko pertsonaren bat duten familientzat, eta gainerako 28 apartamentuak gela bakarrekoak dira. 18 eta 35 urte bitarteko ibartarrek dute etxebizitza hauetara bizitzera joateko aukera. Zozketaren ostean etxebizitza egokitzen zaienek bost urtean bertan bizi ahalko dute alokairu bidez. Alokairua 150 eurotik 350 euro arterainokoa izango da, diru sarreren arabera. Trastelekua ere badute etxebiziztek, eta garajea ere aukeran izango dute, hilean 60 euro ordainduta.
Berezitasuna ere badu eraikinak, izan ere, energiarren aurrezpenari arreta berezia jarri nahi izan dio udalak. Hala, kogenerazio sistema bidez baliatu egiten du ura berotzeko erabiltzen duen energia.
Ate irekiak
Herritarrek apartamentuak ikusteko aukera izango dute bi egunetan. Datorren astelehenean, apirilaren 29an eta ostegunean, maiatzaren 2an, ateak zabalik izango dira, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.