Naturaldia jardunaldien barruan, Pedro Arrojok zuzenduriko ‘Ura, ibaiak eta herriak’ erakusketa ikusgai dago
Katrina katastofe naturala nola bizi izan zuten ikus daiteke zenbait argazkitan.
Munduan 1.000 milioi pertsonatik gora dira, egunero-egunero, edateko urik izaten ez dutenak. Arrazoi honegatik, 10.000 pertsona hiltzen dira egunero, eta haurrak izaten dira gehienak. Pedro Arrojok holokausto hidrologiko izena jarri die, urak eragindako katastrofe hauei guztiei; holokausto hauetako biktima ikusezinei ahotsa eta irudiak eman nahi izan dizkie, Aranburu jauregian ikusgai dagoen Ura, ibaiak eta herriak erakusketan.
Presak eraikitzetik hasi, eta Katrinaren gisako katastrofe naturaletarainoko errelitateak errepasatu ditu erakusketak, irudi gordinetan barrena. Uraren kudeaketa txarrak eragindako krisi honi aurre egin zioten aitzindariek, ordea, itxaropenaren kutsua ere ezartzen diete argazkiei. Nazioarteko zortzi argazkilariren 180 irudiren bidez, lanak gaika sailkatu ditu Pedro Arrojok: Presa Handiak; Giza eskubidea, indarkeria eta ura; Hondamendiak eta herrien ahultasuna; Ekosistema akuatikoen degradazioa eta gosea; Pribatizazioa eta edateko ura izateko giza eskubidea, eta azkenik, Garaipenak eta aukera onak.
Datorren maiatzaren 11ra bitarte ikusgai izango da, beraz, Aranburu jauregian, Urak, ibaiak eta herriak erakusketa.
Ibaiei beren bizia itzultzera
Naturaldia jardunaldien barruko saioetan, Pedro Brufao izango da gaurko hizlaria. Ríos con vida hitzaldia eskainiko du, Topic zentroan, eta izen bereko erakundeari buruz ere ariko da.
Aurtengo Naturaldia amaitzeko, azkenik, amaiera hitzaldia maiatzaren 16an izango da, Donostiako Aquariumean, Miguel Delibes de Castroren eskutik; Ura, baliabide baliotsu eta mugatua izenburupean ariko da, 19:30etik aurrera.
Presa handiek eragindako lekualdatzeak eta erretratatu dituzte. HITZA
_________________________________________________________________________________
PEDRO BRUFAO, AEMS-Rios con vida taldeko koordinatzailea: «Uraren erabilera ilegalaren aurka borroka egin behar da»
Ingurumen zuzenbidean aditua da Pedro Brufao (Cadiz, 1970), eta AEMS-Ríos con vida erakundea koordinatzea da bere jardunetako bat. Ibaietako bizitzari buruz hitzaldia eskainiko du, gaur, 19:00etan, Topic zentroan.
Zertaz ariko zara Ríos con vida hitzaldian?
Espainiako ibaien egoeraz ariko naiz, eta egoera hori nola iritsi den ere azalduko dut. Horrekin batera, ibaiei bizitza pixka bat bueltatzeko, zenbait erakundek elkarlanean egin ditugun proposamenak ere hizpide izango ditut.
Ibai asko al daude egoera kezkagarrian?
Hasteko, esan behar da, Espainian 100 kilometro baino gehiago dituzten ibaien artean, bakarrak duela jario librea: Almonte ibaia da, eta Caceresen dago. Monfrague biosferaren erreserbaren zati da. Honekin, guztia esanda dago: Espainiako arro handienak hamaika eta bat aldiz zatikatuta daude, eta berez, ibai izaerarik ez du ez Ebrok, ez Jucarrek, ez Segurak, ez Duerok, ezta Guadianak ere. Galdu egin dute berezko funtzionaltasun ekologiko, biologiko eta geografikoa. Finean, geldiarazitako eta kutsatutako ur masak dira ibai horiek guztiak.
Gizakiak eragin handia du, beraz, ibaien egoera txar honetan.
Bai, noski. Adibide bat jartzearren, Deba ibai txikiak, bere ibilbide osoan, 233 oztopo ditu, 233 aldiz zatituta dago. Bidasoa, berriz, 100 alditan baino gehiagotan zatitu dute. Egoera honetan, beraz, ibai gutxik biziraun dezake.
Eta zuk, honen aurreran, zein neurri proposatuko zenituzke?
Lehenik eta behin, lurralde antolaketa ona egin behar da, izan ere, ibaiak lurraldearen zati dira. Eta ibaiak ura baino askoz ere gehiago dira; kanalaz, mendi hegalaz, lautadaz eta ur geruzez haratago, askoz ere gehiago dira ibaiak, eta arroari eragiten dion guztiak eragiten dio ibaiari berari. Honekin batera, gaur egun indarrean dagoen kontzesio sistema berrantolatu behar dela uste dut; kontzesioak Espainian egiten dira, eta ibai eta arro publikoen pribatizazioak epe oso-oso luzeetarako ematen dituzte.
Zenbat urterako?
Espainian egindako ibaien kontzesio gehienei, 2061. urtean amaituko zaie epea, eta XX. mende hasieran emandakoak dira. Mende eta erdi egon gaitezke, beraz, ibaiak esku pribatuen pean izanda, eta erabilera guztiz ekonomikoarekin.
Ura nahierara erabil dezakete, beraz, jabe hauek?
Bai. Hain zuzen ere, hirugarren neurri gisa, uraren erabilera ilegalaren aurka borroka egin behar dela aipatuko nuke. Zoritxarrez, uraren erabilera ilegalez, hamaika aldiz biderkatzen dituzte legearen barruko erabilerak. Behin hiru neurri horiek hartuta, ibaiak ondo kudeatzen has gintezke.
Zatikatzeekin batera, ibaiak oso kutsatuta zeuden duela zenbait urte. Araztegiekin aurrerapausorik nabaritu da ibaietan?
Noski. Uraren landa- erabilerari eta erabilera industrialari dagokionez, egoera asko hobetu da. Jada ezabatu da, Euskal Herriko ibaietan metro inguruko aparrarekin ikusten ziren ibai haien irudia. Erakunde, enpresa eta norbanako askoren lanak ekarritako lorpena da hau, baina hala ere, bada oraindik, egitekorik.
Honek guztiak, biodibertsitateari zuzenean eragiten dio.
Kontua da, ibaietako biodibertsitatea Lurreko aberatsenetakoa dela. Biodibertsitate hau bera da, ibaietako habitata suntsitzearen eragin txarrak jasotzen dituena, eta espezie inbaditzaileen zabaltzeak ere kalte handia egiten dio.
Lehentasunezkoa da, beraz, herritarrek ibaiekiko kontzientzia hartzea.
Azken finean, ibaiak jabetza publikokoak dira, eta lurraldearen antolaketak guztioi eragiten digu. Beraz, informazioa jasotzea berebizikoa da, gainerakoan, etekinetarako ibaia aprobetxatu nahi duenak edozer egin dezakeelako. Norbera izan daiteke, ibaien zaintzale. Informazio gehiagorako www.riosconvida.es bisita dezakete herritarrek.