Gazteenetik hasi eta helduetara, neska zein mutil, hitzordu polita dute guztiek etzi arratsaldean Leitzan. Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta, eta Leitzako Udalaren, Kaxkabeltza merkatarien elkartearen eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariaren laguntzarekin XXXV. Herri Krosa egingo dute.
16:30ean hasiko dira lasterka korrikalariak. Hauek zazpi kategoriatan banatuta ariko dira. Benjaminek 800 metroko ibilbidea egingo dute; alebinek eta infantilek 2.500 metrokoa; kadeteek, juniorrek eta senior emakumeek 5.000 metrokoa, eta senior gizonezkoek, 10.000 metrokoa. Benjaminak izango dira abiatuko diren lehendabizikoak, ondoren, 17:00etan, alebinak eta infantilak irtengo dira, eta 17:30ean gainerakoek egingo dute.
Nahi duen herritar orok parte hartu ahalko du proba honetan. Aurrez eman ahalko da izena, www.kirolprobak.com webgunean, gaur delarik azken eguna, edo bestela, lasterketaren egunean bertan, izen emate orria beteta, Aurrera kirol elkartean, 15:30etik 16:30era. Izena aurretik ematen duten Aurrera elkarteko bazkideek 9 euro ordainduko dute, eta gainerakoek txiparen arabera, 9 edo 10 euro. Lasterketa egunean bertan izena ematen duten Aurrera elkarteko bazkideek 10 euro ordainduko dute, eta gainerakoek 15 euro.
Sari ugari
Bestalde, lasterketa amaitzen dutenean parte hartzaileek kiroldegian dutxa hartu ahalko dute. Maila guztietako korrikalari guztiak helmugaratzen direnean, sari banaketa eta luncha egingo dute. Benjamin, alebin, infantil eta kadeteei dominak emango zaizkie, eta beste guztiek kamiseta bana jasoko dute. Trofeoak kategoria bakoitzeko lehenengo eta bigarren sailkatuari, eta lehenengo leitzarrari emango dizkiete, eta diru saria, berriz, sailkapen orokorreko lehen lau korrikalariek jasoko dute, kategoriak kontuan hartu gabe.
Igande goizetik larunbat arratsaldera aldatu zutenetik, 200 lagun inguruk parte hartu izan dute azken urteetan Leitzako herri krosean, baina antolatzaileek azaldu dutenez, gutxiago espero dute aurten, aurrez izena emandakoen kopurua oraindik nahiko txikia delako. «Leitzarrak ezezik, Nafarroako hainbat herritako jendea gerturatzen da, Iruñea aldekoak, esaterako, eta Gipuzkoatik ere jende ugari etorri ohi da, Donostiatik, Tolosatik, Andoaindik edota Ibarratik adibidez», adierazi dute Aurrera elkartetik.
Bada, herritar guztiak animatu dituzte etzi Leitzara joan eta lasterketan parte hartzera, «giro ederra nagusituko baita».