Gutuna: Tolosaldea Txukun (I)

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 24a, 11:57

Tolosaldea Txukun taldeak «informazio bilera» egin zuen Anoetan, Atez atekorik ez lelopean. Hizlariak, kritikarako erabili zuen lehen ildoa «datuena» izan zen. Bere ustez, 5. edukiontziarekin ere %70 jaso daiteke ondo eginez gero. Hipotesia frogatzeko hiruko erregela matematiko bat erabili zuen: hondakinak hiru taldetan banatuz (%40 orain gaika sailka genezakeena, %40 organikoa eta %20 errefusa). Publikotik berehala gogorarazi zioten, urteak daramatzala 5. edukiontziak Gipuzkoako hainbat herri eta auzotan, eta emaitzak ez direla % 40ra iristen (hizlariak onartu egin behar izan zuen datua, frogatua baita).

Kritikarako bigarren argumentua inposaketarena izan zen. Gure ustez, puntu honetan ohartu behar dugu jokoan dagoena oinarrizko eskubide bat dela: ingurune osasungarri batean bizitzearen eskubidea. Inork ez du eskubiderik beste inor zabortegi kutsakor baten ala errauste planta baten ondoan bizitzera behartzeko (Gipuzkoako planak jasotzen du nola).

Bestetik, erabakia hartu behar duen subjektuari buruz ere hitz egin beharko litzateke: A herriak ez dauka eskubiderik B herrira zein zabor eramango duen erabakitzeko, hori erabakitzekotan B herriak erabaki behar du. A herrian galdera egitea proposatzen duenak, esaten ari zaigu B herrian zaborra derrigorrez jaso beharko dutela, eta horrek bi mailatako herritarrak egotea bultzatzen du. Anoeta eta Irurako herritarrok ezin diegu inposatu Zubietakoei gure zaborrak han erretzea. Hori ez da inondik ere demokratikoa eta gutxiago justua. XXI. mendeko Euskal Herrian ez luke egon behar kutsatzeko eskubiderik. Mendian zaborra botatzeko eskubiderik ez dugun bezala.

Tolosaldea Txukunek eskualdeari sinestarazi nahi dio libreak garela gai honetan nahi duguna aukeratzeko. Baina ez da horrela. Bi aukerak hauek dira: Auzo konposta eta atez ateko bilketa, edo 5. edukiontzia eta errauste planta bat Tolosaldeatik 20 kilometrora. Nahiz eta Amantegik hitzaldian makro-errauste plantaren arazoa modu erraz batean konpontzen duen: «hori beste arazo bat da, eta ez gara etorri hona horri buruz hitz egitera». Eztabaida horretan arazoaren osotasuna hartu behar da kontuan. Jendeari esan behar zaio 5. edukiontziarekin berdin berdin banatu beharko lukeela organikoa (Patxi: zergatik erabiltzen duzu etxean kubo gehiegi eduki behar direnaren argumentua?), eta ordutegiak eta kontrolak ere berdin berdin egon beharko dira. Hizlariak onartu zuen, nahiz eta ez jakin erantzuten 5. edukiontziarekin nola kontrolatuko lukeen nork banatzen duen eta nork ez.

Tolosaldea Zero Zabor.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!