Aduna izan zen, duela sei hilabete, Tolosaldean auzo konposta martxan jarri zuen lehendabiziko herria, eta balantze baikorra egin dute izandako emaitzaren inguruan. Egun 15 familia dira auzo konposta egiten dutenak, eta denbora gutxian 60 izatera pasako direla azaldu dute, «herrian sortzen duten materia organiko ahalik eta gehien herrian bertan kudeatuz».
Sei hilabeteetan zehar, konposta egitearen prozesu guztia ezagutu dute parte hartu duten herritarrek, baita azken pausoa ere, hau da, euren etxeetan sortutako hondakinetatik eratorritako ongarria. Udaletik adierazi dutenez, «auzo konpostaren aukera eskaini aurretik, herritar horiek erabilera bat eman dakiokeen materia organiko hori guztia zabortegira botatzen zuten, baina orain, konpostari esker, familia hauetako bakoitzak, bere hondakinen %40-50 gutxitzen du».
Adunatar hauek lortu duten ongarria herriko lorategietan erabiliko dute. Halaber, ongarri moduan erabiltzeko aukera izango du nahi duenak, auzo konpostako gunetik hartuta, bertan kaxa batean egongo baita.
Hala, geroz eta herritar gehiagok konposta eginez, adunatarrek sortzen duten ongarria herrian bertan tratatzea lortu nahi du udalak: «Denon onurarako erabilera bat emanez eta ez zabortegira botaz. Gainera, merkeagoa ere izango da hondakinen kudeaketa, zabortegira ez baita hainbeste hondakin eramango».
Aduna izan zen Mankomunitatea osatzen duten herrietan lehena auzo konposta martxan jarri zuena, baina beste herri askok ere martxan dituzte euren auzo konposta guneak. «Zero zabor lurralde izateko bidean, eman beharreko pausoak dira, gure bizitzetan egindako ahalegin txikiek aldaketa handiak eragiten baitituzte», esan dute.
Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietako edonork auto konposta zein auzo konposta egiteko aukera zabalik dagoela ere gogoratu dute. Horretarako, konpostatu.tolosaldea.org helbidean topatu daiteke informazioa, eta eskaera ere egin daiteke bertan. Mankomunitatearekin edota udalarekin harremanetan jarrita ere lor daiteke informazio guztia.
Ibarran, 115 familia
Bestalde, Ibarran hastear dira auzo konposta egiten. Guztira 115 familiak erakutsi du parte hartzeko interesa, eta horietatik hamarrek konpostagailu indibiduala eskatu dute. Udala «oso pozik» agertu da izan duen erantzunarekin, «saiakera horrek zero zabor bidean urratsak ematen lagunduko duelako». Bada, izena emateko epea bukatuta dagoen arren, oraindik ere izena eman daiteke, eta itxaron zerrendan sartuko lirateke herritar horiek. Hori bai, udalak herritar orori eman nahi dio auzo konpostarako aukera.
Bi gune aurreikusten zituzten, baina, ekimenaren «arrakasta» ikusita, gutxienez 5 gune jartzea pentsatu dute. Guneen kokaleku zehatzak aztertzen ari dira, baina aurretik, izena eman duten familien zenbait datu behar dituzte, hala nola, familiako kideen eta otorduen kopurua. Udaletxera (943 67 11 38) deituta edo idatzita (ingurumena@ibarrakouda-la.net) egin ahalko dute. Datu guztiak dituenean auzokonpostarako guneak kokatuko ditu udalak, eta orduan jarriko dute martxan ekimena.