Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, Emakumeentzako bioenergetika eta ahalduntze tailerra izango da larunbatean, hilaren 27an, Leitzako kiroldegian, 09:30etik 12:30era. Teresa Martinez psikologoa eta gorputz lanketan adituak eta Koro Ormaetxea psikologoa, sexologoa eta gorputz lanketan adituak emango dute saioa. 15 urtetik gorako emakumeei zuzendurikoa da, eta parte hartu nahi dutenek gizarte zerbitzuetara hots egin beharko dute, 948 51 08 40 edo 681 265 189 zenbakietara. Parte hartzaileek arropa erosoa eman beharko dute, galtzerdi potoloak eta manta bat.
Bigarren aldia da gisa honetako tailerra antolatzen dutela. Lehendabizikoa iragan azaroan egin zuten, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean. Lehen tailerrak izan zuen erantzun ona, eta jendearen balantze baikorra ikusita, bigarrengoz egitea erabaki dute.
Teresa Martinezek nabarmentzen duenez, bi helburu ditu larunbateko ekimenak: «Batetik, kontzientzia lana da eta gure gorputza ezagutzea du xede, eta bestetik, emakumeak elkartu eta euren artean konplizitatea sortzeko aukera eman nahi da». Azken honi erreferentzia eginez, Martinezek Leitzaldean burutzen ari diren Berdintasun Plana gogoratzen du: «Diagnostikoaren arabera, emakumeek euren artean elkartzeko beharra sentitzen dute, eta horrelako tailerren bidez harremanak sendotzen dira».
Ahalduntzeko beharra
Teresa Martinez psikologoak azaltzen duenez, «emakumea beti izan da ahulagoa, eta horregatik behar du ahalduntzea». Ahalduntze hori gaitasunen, aukeren eta boterearen kontzientzia hartuz lortzen dela dio Martinezek. Era berean, ausardia maila igotzea, mugak jartzen eta gure espazioa defendatzen, eta guretzako preziatuena dena baloratzen eta eskuratzen ikastea jorratuko dute tailerrean.
Gorputza ezagutzeko bide horretan, «kontzientzia lana» egin behar dela dio Martinezek: «Gorputzean sentitzen den min edo tentsio hori entzun behar da, eta nahi edo behar izanez gero, aldatu». Pertsonen egunerokoan izan dezaketen adibide arrunt bat ematen du psikologoak: «Egoera zail baten aurrean bagaude, horrek tentsio bat sor diezaguke. Tentsio hori arnasketarekin landu eta arindu dezakegu, edo besterik gabe, nahikoa da konturatzea edo jabetzea tentsioa zergatik dugun».
Gure buruaz gehiago jakiteko, «gorputza zer esaten ari den jakitea da giltza» psikologoaren arabera. «Gaur egungo gizarteak, ordea, abiadura handian bizitzera bultzatzen gaitu, eta albo batera uzten dugu hori», dio.
Tentsio horiek askatzen, kontzientzia hartzen, erlaxatzen eta energiaz kargatzen ikasteko hamaika ariketa proposatuko dituzte bi psikologoek larunbat goizeko saioan.