Manex Castro euskal presoa Villabonan izan da

Ataria 2013ko apirilaren 24a

Manex Castro preso billabonatarra gurasoen etxera eraman zuten atzo goizean, 09:45ak aldera. Duela bi aste, bere aitaren heriotzaren berri izan ondoren, Cadizeko Puerto espetxetik Villabonarako bidean jarri zuten, baina bi aste behar izan ditu bere sendiarekin elkartzeko.

Castro zekarren autoa errepide erdian gelditu, eta bertatik, preso billabonatarra eskuburdinekin atera zuten. Autotik bere etxera segundo gutxiko bidea bertan bildu ziren hainbat herritarren animo artean egin zuen. Lau orduko bisita egin ahal izan zuen etxean, eta goizean zehar, senide gehiago hurbildu ziren, hala nola, bere lehengusu eta izebak. Bere alaba besoetan hartzeko aukera ere izan zuen. Senideen esanetan, Castrok ondo zegoela esan zien. Bien bitartean, geroz eta herritar gehiago pilatzen joan zen etxearen atarian, Castro noiz irtengo zain, elkartasuna azaltzeko.

Tentsio uneak

13:30ak aldera, jende mordoa bildu zen Castroren etxe azpian azken agurra emateko. Ordu laurden pasa ondoren, ertzainen bi furgoneta azaldu eta jendea zegoen lekutik mugiarazi zuten, poliziaren autorako bidea garbi utziz. Castro etxetik atera zutenean, bertan bildutako lagun, ezagun eta herritarrak oihuka eta txalo artean agurtu zuten.

Une horretan, ertzainetako batzuk jendea bultzatzen eta kolpatzen hasi ziren, eta gizon heldu bat lurrera bota zuten. Oldarraldiaz gain, bigarren furgonetako gidariak jendeari iseka eginez eraman zuen lekutik ibilgailua. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren alde egin zuten arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!