Aingeru Castro eta Anjel Castro garaile, Ñañarri Rallyesprintean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 23a, 11:08

Markos Landa eta Joseba Iturrioz ibartarrek istripua izan zuten lasterketan zihoazela

74 gidarik parte hartu zuten larunbateko rallysprintean.

Mungia Racing taldeko Aingeru Castro eta Anjel Castro izan dira VI. Ñañarri Rallyesprinteko irabazleak. Irurako Ikastolak Sardara lasterketa taldearen laguntzaz antolatu du, aurten ere, proba, eta «orain arteko parte hartzaile kopuru altuenetakoa» izan zen larunbatean, arduradunen arabera.

Guztira 74 gidarik parte hartu zuten, beren gidarikideen laguntzaz, eta Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketetarako proba puntuagarria izan zenez, gidari ezagun askok parte hartu zuten Ñañarri Rallyesprintean.

Lasterketako hiru txandak 61 gidarik soilik amaitu zituzten, eta txandak inongo atzerapenik gabe egin zituztela azaldu dute antolatzaileek: «Guztia aurreikusitakoaren arabera joan zen, eta gidariek esandakoaren arabera, ez zuten arazorik izan zirkuituan barrena eta irudipen onarekin geratu dira datorren urterako ere».

Aipatzekoa da, Ibarrako Markos Landa eta Joseba Iturriozek istripua izan zutela, Opel Kadett GSI 16V kotxearekin, eta ondorioz ez zuten proba amaitu.

Podiuma, beraz, horrela geratu zen: Aingeru Castro eta Anjel Castro izan ziren lehenak, Jon Davoz eta Vicky Gorriz bigarren sailkatu ziren, eta hirugarren postuan Mattin Villares eta Andoni Blas sailkatu ziren.

Azkenik, Irurako Ikastolako antolatzaileek bolondres aritu diren guztien lana eskertu nahi izan dute, eta baita udaleena nahiz babesleena ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!