Gutuna: Uretaren erantzuna EAJri

Ataria 2013ko apirilaren 23a

Gorengo Auzitegiak, Uretaren aldeko erabakia hartu eta gero, 2010eko martxoaren 10ean alegia, data hartatik hiru urtera gogoratu zaio EAJri, Ureta jipoitu behar duela. Batzoki berriaren inaugurazioa dela eta aitzakia hartuta.

Jakinda eta sinesturik gauden, gure Ureta Etxea 1932-33az geroztik, Uretarena zela, garai hartako buruzagiek argi eta garbi utzi zutelako jabetasuna. Urte mordoa igaro dugu aipatutako alderdi politikoak eta guk, auzitegiz auzitegi elkarren arteko lehian. Azkenean Justiziak normala den bezala, Ureta-Etxea gurea zela eta ez EAJrena erabaki zuen.

Orain EAJ azaldu da biktima antzera, gure aurkako "loretxo" batzuk eskaintzen "justiziako itzuli-mitzuliak, sakabanaketak, interesa... epaiketaren erabakia irentsi ezinik bezala.

Esan dezagun Ureta Inmobiliaria S.A.ren inguruan, 280 akzionista inguru dituela. Bertan, erabakiak, Akzionisten Batzar Nagusian hartzen direla, Administrazio Kontseiluaren txosten edo informearen arabera. Administrazio kontseilua, hasi zenetik gaur arte ez da berdina, baizik eta aldatzen joan da urteren poderioz. Uretako akzionistek Ureta Etxearen jabe direnez, beroiek erabakiko dute zer egin etxearekin. Horretarako eskubide guztia dutelarik.

Bukatzeko, ez dugu ziurtasunik ikusten, gure aurrekoek gaur bizi balira, EAJri etxea utziko lioketenik, batipat, alderdi horrek gure etxean egin dituen puskaketak eta sarraskiak ikusi ondoren.

Miren Lopez-Mendizabal. Uretako Lehendakaria

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!