Helburu guztiak bete dituzte Alemaniako bidaian

Ataria 2013ko apirilaren 23a

Zizurkilgo Huyck Wangner-eko  langileak Alemanian izan dira, lau eguneko bidaian. Multinazionaleko zuzendaritzarekin hitz egiterik izan ez badute ere, helburu guztiak bete dituztela azaldu zuen Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak larunbatean, autobusetik jaitsi orduko egindako lehen balantzean.

Tolosatik irten zirenean Alemanian zer aurkituko zuten ez zekitela esan zuen Zabaletak; itzuleran, elkartasun izugarria jaso dutela azpimarratu zuen: «Oso bidaia aberasgarria izan da. Bertako langileen, komitearen eta IG Metall sindikatu erraldoiaren babes handia jaso dugu. Metalgintzan Europako sindikaturik handiena den honen ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan genuen, eta bertan, milaka alemaniarren aurrean hitz egin genuen, euren elkartasuna jasoz».

Zuzendaritza urduri ikusi dutela esan zuen Zabaletak, izugarrizko segurtasun neurriak hartu baitzituzten euskaldunen bidaiaren aurrean. IG Metall-ekin eta hango komitearekin egindako batzarrean, informazio ugari elkartrukatu dutela esan zuen Zabaletak: «Multinazionala Europa osoko lantegietan langileak beldurtu nahian dabil, ez hemen bakarrik. Espero dugu bilera hori askoren lehena izatea».

Bidaia posible egin duten sindikatuko kide guztiei eskerrak eman ondoren, mobilizazioei dimentsio berri bat emanaz, borrokan jarraitu beharra dagoela esan zuen Zabaletak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!