Zizurkildarrak bi minutu baino gehiago atera dizkio Antonio Senosiaini, Tolosan egindako apustuan
20 kanaerdiko ebaki behar izan zituzten bi aizkolariek, pasa den igandean, Tolosako zezen plazan.
Bere lanarekin «gustura», garaile suertatu da Joseba Otaegi zizurkildarra, bere bosgarren apustuan, Antonio Senosiainen aurka. Pasa den igandean jokatu zuten apustua, 600 ikusle ingururen aurrean, Tolosako zezen plazan, eta 20 kanaerdikoak bi minutu azkarrago ebaki zituen zizurkildarrak.
Otaegik «ondo» ikusi zuen apustua barrutik: «Hasieratik alde txikia hartu nuen, eta ondo joan zen saioa. Aurretik joanda, normalean animoz ere hobeto ibiltzen da bat. Sufrituz aritu nintzen saio osoan, baina gustura amaitu nuen».
Aipatzekoa da, aizkolari bakoitzak 6.000 euro jokatu zituela apustuan, eta enborrak erdibana eraman zituztela norgehiagokara. Modu honetara, Antonio Senosiain nafarrak enbor gogorrak eraman zituen, eta Otaegi zizurkildarrak, berriz, enbor arruntak eraman zituen.
Hasieratik nagusi izan zen Joseba Otaegi, eta saio osoan zehar alde handiegirik atera ez zion arren, pixkana denbora tartea zabalduz joan zen aizkolari zizurkildarra. Lan erdiak eginda, minutu bat eta 18 segundoko aldea zuen Otaegik, eta bigarren erdian, aldea eusteaz gain, handitu egin zuen.
Horrela, 1:00:20eko denbora behar izan zuen Otaegik, lanak amaitzeko; Senosiainek, berriz, 1:02:44ean ebaki zituen 20 enborrak.
«Ez nuen pentsatu zenbat denbora aterako ote nion; berak lan ona egingo zuela pentsatu nuen, baina ez nizkion buelta gehiago eman», azaldu du Otaegik. Besteak beste, bere lana ondo egitera joan zen zizurkildarra, eta gustura dago lortutakoarekin: «Nik nire lana egin dut, eta gustura geratu naiz apustuarekin».
Atseden hartzeko garaia
Jokatu dituen bost apustuetatik laugarren garaipena du Otaegik. Aurten, ordea, beste lehiarik ez du jokatuko zizurkildarrak: «Momentu honetan ez dut beste apusturik buruan, denboraldia oso luzea izan da eta; abuztuan hasi nintzen Gipuzkoako txapelketarako entrenatzen, eta ia geratu gabe aritu gara orain arte, apustuarekin eta binakako txapelketarekin. Beraz, atseden pixka bat hartuko dut orain, eta gero udako erakustaldiak egingo ditut».
______________________________________________________________________________
> Ruben Saralegi final erdietara, 23 urtez azpikoen txapelketan
Ruben Saralegi aizkolari leitzarra 23 urtez azpiko Urrezko Aizkora txapelketako finalerdietara pasa da, joan den larunbatean Berako (Nafarroa) Eztegara pilotalekuan jokatutako saioan hirugarren postua eskuratu eta gero.
Hasierako fasea lehen taldean jokatu zuen Saralegik, eta bigarren sailkatu zen bere taldean, hiru norgehiagokatik bi irabazita.
Bi taldeetako lehen bi sailkatuek finala jokatu zuten. Horrela, Julen Kañamares izan zen garailea, eta jarraian Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Jon Rodriguez sailkatu ziren; guztiek finalerdiak jokatuko dituzte.