Jon Ander Galarraga · Biologoa
Jada hogeita hamar urte beteko ditut igande honetan. Inguruko jendeak mila aldiz errepikatu dit: «Hi!!! Hirugarren zenbakie harrapatuek eh?» Xelebreena da, esaldi hori esan didaten guztiek 40 urtetik gora dituztela. Inbidia ote? Izorrai!!!
Nonbait hirugarren zenbakian sartuko naizen etapa honek eraginda edo, nire garunaren barreneko zatirik primitiboena aktibatu da eta beti bezala, ehiza eta haragiaz pentsatzen hasi naiz. Gainera, bazkaltzeko behi txuleta erdi egin bat jan dut, gora haragia! Jan dezatela brokolia belarjaleek.
Haragijale bikain bat izan nahi duen bizidun orok, ezinbestean, urdail muskulutsu bat eduki behar du, azido ugariekin, jaten duen haragi oro disolbatu eta ahal dituen elikagai gehien lortzeko. Baina noski, haragi hau barrura sartzeko, ahotzar handi bat edo janaria txikituko dituen hagin zorrotzak behar dituzte.
Noski, ezaugarri hauek, mundu guztiko haragijaleek dituzte, beraz, ez dira brometako bizidunak! Mila aldiz nahiago mendian belarjale batekin topatu, haragijale batekin baino.
Gezurra badirudi ere, gure euskal fauna ia galdu honetan, haragijale mordoa ditugu. Inor ez da benetan arriskutsua, gainera, euskaldunok lan handiak hartu ditugu historian zehar haragijale hauek gure inguruetatik desagertu arazteko. Euskaldunen lagun bikaina omen da makila, baina eskopeta ere oso gustukoa dugu gure lur maite honetan!
Gure artean dauden haragijale gehienak txikiak dira, hala nola, erbinude, lepazuri edo lepahoria. Beste batzuk, ertainak dira, azkonar eta azeriak adibidez. Eta baditugu handi xamarrak direnak ere, guztiak ia desagertzeko zorian, otso iberiarra eta hartz arrea bezala. Nonbait, haragijale handiei eskopetarekin apuntatzea errazagoa da.
Betidanik eman zaie haragijaleei fama txarra, adibidez, otsoari. Txikitatik erakutsi digute hori. Txanogorritxuren amona otsoak jan zuen, gero ehiztari kirurgilari batek sabeletik atera zuen arte. Hiru txerrikumeei ere otso nahiko memelo batek, komeri galantak eman zizkien. Zer esanik ez zazpi antxume gaixoei, hauek, otso bizkorrago batek jan zituen eta berriro ere, ehiztari kirurgilari batek atera zituen otsoaren sabeletik. Ipuinetako ehiztariek, lan ordu erdiak ehizatzen eta beste erdiak kirurgilari lanak egiten. Ez dira ez makalak, ipuinetako ehiztariak... ez horixe!!!
Fama kaxkar honekin, gure otso maiteak aspaldi utzi zion gure basoetan ulu egiteari.
Berdina gertatu zaio gure hartz arreari. Gure hartza, hartz arrea, handia eta arriskutsua imajinatzen dugun arren, Pirinioetako hartz arrea omen da munduko hartzik txikiena. Hartz arreak zuen arazo nagusiena, bizitzeko eremu oso zabalen beharra zen. Urtean zehar milaka kilometro egiten ditu sasoiaren arabera elikagai ezberdinak bilatzen. Hibernazio aurretik, atsegin ditu pagadi eta hariztiak, beraien ezkur elikagarria jan eta janari erreserba handiak biltzeko. Behin hibernaziotik esnatuta eta ezkurra ez denean ugaria, gaztainondoetara jotzen dute gaztainak jatera. Gero udaberrian, goi mendiko larreetan barrena dabiltza erlauntzi eta sastrakadietako fruitu gorrien bila.
Noski, hartzaren dietan haragia apur bat ere sartzen da eta noizbehinka bada ere, ehizatzea atsegin du. Hala ere, jaten duen haragiaren gehiengoa, hildako animaliak eta sagutxo txikiak dira.
Haragijale handiak utzi eta haragijale txikiagoei begiratuz, politena azkonarra dugu. Animalia xelebre hau, Euskal Herrian oso hedatua dugu. Zelai eta basoak atsegin ditu, batez ere hosto ugariko baso estaliak, hauek, egunean zehar gordetzeko aukera bikaina ematen baitie. Atsegin ditu ere gizakiak landatutako zerealak ere eta ez da harritzekoa, gauetan zehar artasoroetan barrena azkonarrak ikustea. Baina bere elikagai gogokoena zizareak omen dira, berauek bilatzeko usaimen bikaina dute eta lurrean zuloak egiteko lau atzaparrekin armaturik daude.
Bukatzeko, gurean dugun haragijalerik txikiena ekarriko dugu gure zutabe honetara: erbinudea. Bizkar aldea marroia eta sabelaldea zuria duen haragijale arin honek, soilik 30 zentimetro neurtzen ditu... animalia beldurgarria da benetan! Animalia txiki hau, bera baino txikiagoak diren sagutxoekin elikatzen da, eta atsegin ditu belar altuko belardiak, erraz ezkuta baitaiteke bertan. Gainera oso lurraldekoak dira, jaio eta hiru hilabeteetara, kumeak jada beraien lurraldearen bila alde egiten dute. Ez gizakia bezala, 40 urtera arte gure habitxoan egoten baikara!
Eta gure fauna eta florari buruz informazio baliagarria bilatu nahi duen orok, jo dezala www.euskalnatura.net orrialdera eta ekokulturaren txoko xume honetako biologo-konpostatzaile honekin harremanetan jartzeko... edo apirilaren 28an zoriontzeko, bioaniztasunetik@hotmail.com.