Joseba Otaegi: «Amaitu arte lan erregularra egitea da apustu bat irabazteko gakoa»

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 19a, 11:23

Joseba Otaegi, aizkolaria

Joseba Otaegi[/caption]

Zizurkildik aldendu samar, naturaren erdian, landa eremu berde batean dagoen baserri baten ondoan entrenatzen du Joseba Otaegik (Zizurkil, 1983). Behien marruak eta txorien txioak dira nagusi, egurra kolpatzen hasi den unera arte. Kolpe bakoitzaren oihartzuna bailarako basoetan zehar galtzen da. Lasai hasi, eta gogorrago amaitu du. Igandean, Tolosako zezen plazan Antonio Senosiainen aurka jokatuko duen apustua du buruan. Besterik ez.

Zer dela eta luzatu zizun apustua Senosiainek?

Hori berari galdetu beharko diozue. Lan polita egiteko gai dela ikusiko zuen, eta ni, berriz, garaitzeko moduko aurkaria...

Zerk bultzatu zintuen, baina, apustua onartzera?

Batez ere egin beharreko lanak, hogei kana erdiko lanak, gehien gustatzen zaidan egurra da.

Zer sentitzen du aizkolari batek apustu bat sinatzerakoan?

Karga handia. Ordura arte desafioka egoten gara, eta saltsa hori gustatzen zaigu, baina behin sinatu ondoren, egun osoan zehar hori darabilkizu buruan. Gutxienez, ez dut asko itxaron behar izan, duela bi hilabete sinatu baikenuen apustua.

Orain arte jokatu dituzun apustuetatik ze balantze daukazu?

Hau bosgarrena izango da. Jokatutako azken apustua galdu egin nuen Zalduaren aurka, eta gainontzeko hirurak, irabazi.

Duela bi hilabete sinatu zela esan duzu. Nola sentitu zara denbora tarte horretan?

Oso ondo. Binakako txapelketan zentratuta nengoen garai hartan. Behin hori amaituta, hilabete eta erdian nahiko denbora izan dut patxadaz prestatzeko. Proba polita da eta prestaketei dagokienez, ongi aritu naiz.

Nola prestatzen da horrelako apustu mota bat?

Aizkoran zentratu gara gehienbat. Astean birritan entrenatu dut aizkorarekin. Nahiko entrenamendu gogorrak izan dira, exijentzia handikoak. Azken hamabost egunetan, berriz, saio motzagoak eta biziagoak egin ditugu. Gainontzean, astean bitan gimnasiora joan  eta mendian ibiltzen saiatzen naiz, fondoa hartzeko.

Desberdintasunik al dago, horrelako apustu bat edo txapelketa bat prestatzearen artean?

Alde handia dago, bai. Txapelketak proba motzagoak eta esplosibogoak dira, batez ere binakakoak. Gehienez hamar edo hamabi minutuko lanak egin behar izaten dira. Apustuetan, ordea, lasaiago hartu behar da lana. Seguraski ordubetez egon beharko dugu lanean igandean. Beraz, desbertintasuna handia da.

Mentalki prestatzea ere eskatzen al du apustu batek?

Txapelketekin alderatuta gauza on bat dute apustuek, laguntzaileak. Ondoan bi laguntzaile izateko aukera daukazu, bat aizkorak emateko, eta bestea, makilarekin non ebaki esanaz eta azpiko ezpalak kenduz. Babestuta sentitzen zara, beraz, ondo. Aldiz, txapelketetan bakar bakarrik egotea tokatzen da. Apustuetan presio handiagoa izaten da, dirua eta jendea daudelako tartean, baina ni ondo nago.

Fisikoki nola aurkitzen zara?

Ondo, gogo askorekin, eta hori da garrantzitsuena. Gero agian egunean bertan gauzak ez dira nahi bezala ateratzen, baina horren aurka ezer gutxi egin daiteke. Ni, behintzat, ondo sentitzen naiz.

Gainera, urrezko aizkorako binakako txapelketa irabaztetik zatoz...

Bai. Horrek ere morala ematen dizu. Baina lehen esan dudan bezala, bi mundu desberdin dira binakako txapelketa eta apustuena, eta erreferentzia gisa ez dute ezertarako ere balio.

Nola ikusten duzu Senosiain?

Ez dut aspaldian ikusi. Beti kiloz gehitxo ibili da, baina Olasagastiren aurkako apustu batean ikusi nuen, argalduta ikusi nuen. Dirudienez, berak ere serio hartu du apustua. Lan asko egin beharko dut irabazteko.

Egurrak erdibana eramango dituzue. Zer aurkitzea espero duzu?

Guk egur normalak eramango ditugu. Senosiainek, berriz, atzo [herenegun] Euskadi Irratian esan zuenez, egur gogorrak komeni zaizkiola esan zuen, lana luzatzearren. Beraz, pentsatzen dut egur gogorrak eramango dituela, ikusiko dugu. Horrek ere esan nahi du, lan ona egiteko gai ikusten dela, eta guk ondo prestatuta joan beharko dugula.

Zeintzuk izango dira irabazteko gakoak?

Apustuetan gakoa hasieratik bukaerara lan erregular bat egitea izaten da beti. Txapelketetan, bakarrik izaten zarenez, askotan elkar botatzera ateratzen gara, eta buruz ere errazago erori ohi gara. Apustuetan, ordea, laguntzaileak izanda, errazagoa izaten da lan erregular eta konstante bat egitea. Hor egongo da gakoa, lana ondo osatzean.

Urduritasuna nabari al duzu orain?

Bai, zertxobait bai. Eguna gerturatzen ari den heinean nabari da. Eta are gehiago, bezperan plazan egurrak jartzen direnean. Tripan horrelako  kilika berezi bat sentitzen da.

Apustuaren ondoren Urrezko Aizkorako banakako txapelketa dator. Zein helburu duzu?

Egia esan ez dakit, oraingoz ez bainaiz horretan pentsatzen ari. Aspaldidanik ez zait batere ondo eman banakako txapelketa. Lan motzak dira, eta adar batekin topo eginez gero, kanpoan gera zaitezke. Orain, apustuan besterik ez dut pentsatzen, eta ondoren etorriko dira ondorengoak.

Nor ikusten duzu Urrezko Aizkora irabazteko faborito nagusi?

Betikoa, Floren Nazabal. Oso zaila da bera garaitzea. Atutxa ere ondo ibiltzen da, baina uste dut Nazabalek irabaziko duela.

Aizkolaria izateaz aparte, bertsozalea ere bazara. Ausartuko al zinateke igandeko apustuari begira bertso bat botatzen?

Sentitzen dut, baina orain ez nago bertsotarako. Beste batean akaso.

>

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!