«Liztor asiarraren arazoa ez da soilik erlezainona, guztiona baizik»

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 19a, 00:34

Luis Nazabal Erlezaina

Loreak eta zuhaitzak loretan dira, udaberrian sartu garenaren adierazle. Polinizazio edo ugalketa garaia da, beraz, eta ondorioz, erleek lan pilaketa handiena duten urteko sasoia, beraiek polinizatzen baitituzte landareen %90. Erleentzat lan handia izaten bada, zer esanik ez erlezainentzat. Luis Nazabal elduaindarrak urteak daramatza erleen munduan murgildurik. Euren etsai handiena den asiar liztorraren mehatxua ugaritzen ari delarik, «ezintasuna» sentitzen duela dio, oraingoz ezer askorik ezin baitute egin.

Asko hedatu al da gure eremuan asiar liztorra?

Gure zonaldean besteetan baino gutxiago sartu da. Irun eta inguruetan, esaterako, askoz ere gehiago dago. Izan ere, lehenak inguru hartan atzeman zituzten 2010ean. Antza, Franziara itsasoz iritsi zen 2004ean, eta bertatik zabalduz joan da. Asko hedatu da, eta min handia ari da egiten.

Nola jokatzen du liztorrak erleekin?

Liztorra erlauntzaren kanpoan jartzen da, helikoptero baten moduan, hegan eta geldirik. Kanpotik barrura doan erlea harrapatzen du horrela. Hauek nekatuta etorri ohi dira, eta horregatik oso erraz harrapatzen dituzte. Barruan daudenak, berriz, kanpoan liztorra dagoela ohartzen dira, eta ez dira kanpora ateratzera ausartzen. Ondorioz, kanpora ateratzen ez badira, janik gabe geratzen dira, eta hil egiten dira. Udazken aldera, erlea ez bada kanpora ateratzen, liztorra barrura sartzen da, eta kalte handia egiten du.

Zein ondorio ditu liztorrak erleei eraso egiteak?

Erleak gutxituz joaten badira ekosisteman min handia egiten dute. Desoreka sortuko litzateke, izan ere, erlerik gabe polinizaziorik ere ez legoke, beraz, pentsa. Horregatik, argi utzi behar da, asiar liztorrarena ez dela soilik erlezainon arazoa, baizik eta gizarte osoarena.

Liztorrari aurre egiteko zein neurri hartzen ari dira?

Gipuzkoako Erlezainen Elkartea liztorrak soilik erakarriko dituen feromona bat sortu nahian ari da. Horrekin soilik liztorrak erakarriko lirateke, eta ez erleak, tximeletak edo gainontzeko intsektuak. Horrez gain, udalekin eta aldundiarekin ere hitz egin dute liztorrak agertzen direnean zer egin zehazteko. Udal bakoitzak talde bat osatu behar du, udaltzaingoa, suhiltzaile eta erlezainekin, eta kabi bat agertzen denean protokolo bat martxan jarri. Beraz, norbaitek liztor kabiren bat aurkituko balu udalari esan behar dio, eta udalak protokoloa jarriko luke abian.

Feromona hori sortu bitarte, zer ari zarete egiten erlezainak liztorra uxatzeko?

Feromona horrekin, zalantzarik gabe, lan handia aurreztuko genuke. Bitartean, liztorrak nahiko ongi erakartzen dituen tranpa bat jartzeko azaldu digute elkartetik. Ardo zuriz, garagardoz eta siropez osaturiko nahasketa jartzen dugu ontzietan, albo batean zuloa dutelarik. Barrura sartzen dira usainak erakarrita, eta behin barruan direnean ez dute ateratzeko modurik izaten. Martxoan hasi ginen horiek jartzen. Oso garrantzitsua da martxoan,

apirilean eta maiatzean tranpak jartzea, erortzen diren gehienak erreginak izaten baitira. Geroz eta erregin gutxiago egon, orduan eta liztor kabi gutxiago egongo dira.

Liztor asko erortzen al dira tranpetan?

Hasieran gutxi batzuk harrapatzen zituen, baina orain gehiago. Erlezain batzuk, zonaldearen arabera, asko harrapatzen dituzte. Harrapatutako liztorrak bertan uzten ditugu, kanpoko liztorrak gehiago erakartzen dituztela baitiote.

Zer sentitzen duzue erlezainek horrelako mehatxuen aurrean?

Inpotentzia handia sortzen du egoera honek. Izan ere, guk erlezainok tranpak jartzen ditugu, baina, oraingoz ezin dugu ezer gehiago egin.

Nolakoa da asiar liztorra?

Erlea baino hiru aldiz handiagoa da. Kolore beltzekoa da, ipurdi eta hanka horixkekin. Bertako liztorraren aldean, beltzagoa da, eta hego meheagoak ditu. Hemengoa gorriagoa da.

Gurera erraz egokitu dela esan daiteke.

Oso erraz egokitu da, eta horregatik asko eta azkar ari da zabaltzen. Gainera, ez du eraso egin diezaiokeenik topatu. Ez du ez txoririk ez ezer aurka egin diezaiokeenik. Asian, esaterako, erleek ikasia dute nola egin taldean eraso liztorrari, baina hemen ez dakite oraindik hori egiten.

Erleari kalte eragiten dien faktore gehiago badira, akaroak, esaterako.

Bai, min handia egiten dute. Urtero-urtero euren aurkako sendagaiak jarri behar izaten ditugu. Erreginari zuzenean eragiten dio, eta ondoren jaiotzen diren erleak kutsatuta jaiotzen dira, elbarri egongo balira bezala. Oso

mingarriak izaten dira, baina sendagaiekin aurre egitea lortzen dugu, neurri batean behintzat. Liztorrarekin alderatuta, ez du hainbesteko kalterik egiten.

Udaberrian sartu berritan gaude. Zein izaten da erlezainen lana?

Udaberria iristen denerako beheko kaxa prestatzen da, garbitu eta argizari berria jartzen da. Erle gehienak indarrean beharko lukete dagoeneko, eta ordurako goiko altza jarrita izan behar dute, bertan eztia jarri dezaten. Oso garrantzitsua da erlauntzak txukun eta garbi mantentzea, gaixotasunik ez izateko. Guk milalore eztia biltzen dugu, eta bilketa abuztu bukaera aldera egin ohi dugu. Eztia bildu ostean, negurako prestatzen da guztia.

Nondik datorkizu erleenganako afizioa?

Aita hasi zen aspaldi, eta ni berari laguntzen egoten nintzen. Pixkanaka ikasten joan nintzen, aitari ikusiz, ni nire kabuz irakurriz edota Erlezain Elkarteak antolaturiko ikastaroetara joanez. Egun, aita eta biok aritzen gara, eta 15 erlauntza ditugu Elduainen.

[gallery columns="4" ids="40614,40615,40616,40617"]

Aurten oraindik ez da liztor kabirik agertu

Liztor asiarra kalte handia ari da eragiten, erleak gogor erasotzen baititu. Gure ingurunera aise egokitu denez, erraz ari da zabaltzen, eta pixkanaka Euskal Herri osora ari da iristen. Tolosaldera iritsi da, erlezainek jarritako tranpetan argi ikusten denez. Halaber, liztorraren hainbat kabi ere aurkitu dituzte.

Villabonan atzeman dituzte, baina tamaina handikoak direnak hutsi daudela, eta ondorioz ez dutela arriskurik adierazi du Udaltzaingoak. «Horiek iaz hustutakoak dira; gauden garaian oraindik kabiek tamaina txikiak izaten dituzte, eta oraindik ez dugu abisurik jaso», azaldu dute. Oso garrantzitsua dela kabiak deuseztea diote: «kabi handi horietako batean 30-40 erregina egon daitezke, eta ondoren bakoitzak kabi bana jarri dezake».

>

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!