Gaur hasiko dira jardunaldiak, Aranburu jauregian ‘Urak, ibaiak eta herriak’ erakusketa 19:30ean irekiz
Shole Martinek, Iñaki Errazkinek eta Ibai Iriartek aurkeztu dituzte aurten, Naturaldia jardunaldiak.
Hausnarketarako deia egiteko helburuz, eta uraren kultura berri bat garatze bidean, Bizirik al daude gure ibaiak? lelopean hasiko da, gaur, 2013ko Naturaldia. Atzo aurkeztu zituzten, Gipuzkoako Foru Aldundian, naturaren inguruan 24. aldiz ospatuko dituzten jardunaldiak; Shole Martin antolatzailea, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde antolakuntzako diputatua izan ziren agerraldian.
Urteroko moduan, hitzaldiek eramango dute egitarauko hari nagusia, baina horrez gain, erakusketa eta mahai ingurua ere izango dira, ibaien eta beren biodibertsitatearen inguruan hausnartzeko.
Iñaki Errazkinek, Gipuzkoan ibai asko daudela nabarmendu du: «Bizitza sozio-ekonomikoa ibaien inguruan antolatu izan da Gipuzkoan, eta duela gutxira arte, oso kutsatuta egon izan dira; zabortegi gisa erabili izan ditugu, biodibertsitate handiena duten espazioak». Horrela beraz, diputatuak «kontzientzia eta konpromisoarekin» erantzun behar dela uste du.
Ibai Iriartek, bere aldetik, «Tolosarako eta Oriaren bailararako ura oso gai egokia» dela uste du: «Tolosak eta Tolosaldeak Oria ibaiaren inguruan garatu dute beren bizitza, eta horren adibide da, esaterako, paper fabrikek Tolosan izan zuten gorakada». Lantegi hauek Oria ibaiaren kutsadura ekarri zutela gogora ekarri du: «Eta orain gauzak hobeto dauden arren, baliabide mugatuak dira ibaiak, eta kudeaketa integrala beharrezkoa da».
Bizirik al daude gure ibaiak? leloa aukeratu dute aurten, Gestonaturako antolatzaileek. Oria ibaiari, gainera, arreta berezia eskainiko diote mahai inguruaren bidez: «Jardunaldiak tolosarrei gerturatu nahi izaten dizkiegu beti, eta gainera, herritarrek jakin egin behar dute ibaia, nahiko polita dagoen arren, kutsatua egoten jarraitzen duela. Jorratu beharreko gaia da, beraz», nabarmendu du Shole Martin antolatzaileak.
Ibaiak eta beren bizitza
«Aurten ere, eztabaida eta kontzientziazio ekologikoaren erdigunean kokatuko da Tolosa», antolatzaileen arabera, eta bide horri eutsiz, uraren kultura berri bat garatzearen beharra helarazi nahiko diete herritarrei: «Ondasun natural mugatu honekin harremanetan dauden ekosistemak kontserbatu eta hobetu egin behar dira».
Batetik, maiatzaren 11ra bitarte ikusgai izango den Urak, ibaiak eta herriak erakusketaren bidez sustatu nahiko dute hausnarketa; aipatzekoa da, gaur bertan inauguratuko dutela erakusketa, Aranburu jauregian.
Nazioarteko zortzi argazkilariren 185 lan ikusi ahal izango dira, eta guztiak uraren kudeaketan arazoak sortu izan dituzten kasuen inguruko erretratuak izango dira; gatazka hauen aurpegi humanoa islatuko du erakusketak, testigantzekin argazkiak osatuz.
Pedro Arrojo da erakusketako zuzendaria, eta hain zuzen, Arrojok berak eskainiko du, bihar bertan, 19:30ean lehen hitzaldia, Uraren pribatizazioa, austeritatea ala negozioa? izenburupean; Topic zentroan izango da. Nazioartean aditu da ingurumen gaietan, eta saio honetan, uraren kudeaketa publikoaren alde egingo du, ura giza eskubide den aldetik.
Bigarren hitzaldia, berriz, astelehenean izango da, ordu eta leku berean, Arturo Elosegi tolosarraren eskutik. Ibaiak eta aldaketa globala izenburua jarri dio saioari, eta besteak beste, ibaiak kontserbatzeko dagoen beharraz ohartarazi nahiko ditu bertaratuak.
Asteartea, hilak 23, mahai inguruaren txanda izango da; Iñaki Antiguedad, Patxi Tames, Iñaki Arrate eta Hasier De los Rios ingurumen adituak, Ibai biziak izateko erronkak. Oria ibaiaren arroa gaiaz ariko dira.
Asteazkenean, berriz, Jordi Sargatal naturalista helduko da Naturaldira, Uraren xarma hitzaldiarekin.
Tolosan azken hitzaldiaz gozatzeko aukera osteguna izango da, eta Ibai biziak hitzaldia eskainiko du, Pedro Brufaok; gizarteak ibaiez duen ikuskeraz ariko da, besteak beste.
Azkenik, 2013ko Naturaldia, Donostiako Aquariumean amaituko da beste behin ere. Miguel Delibes de Castro biologo eskarmentudunak Ura, baliabide baliotsu eta mugatua saioa eskainiko du.
Naturaldia 2013, EGITARAUA
Apirilak 18, osteguna
19:30. Pedro Arrojoren zuzendaritzapean osatutako Ura, ibaiak eta herriak erakusketaren inaugurazioa izango da, Aranburu jauregian.
Apirilak 19, ostirala
19:30. Uraren pribatizazioa, austeritatea ala negozioa? izeneko hitzaldia izango da, gazteleraz, Topic zentroko aretoan, Pedro Arrojoren eskutik.
Apirilak 22, astelehena
19:30. Ibaiak eta aldaketa globala hitzaldia izango da, euskaraz, Arturo Elosegi biologia katedradun eta irakasle tolosarraren eskutik, Topic zentroko aretoan. (Maiatzaren 9an hitzaldi bera gazteleraz eskainiko du hizlariak, Errenterian).
Apirilak 23, asteartea
19:30. Mahai ingurua Topic zentroko aretoan: Ibai biziak izateko erronkak. Oria ibaiaren arroa. Iñaki Antiguedad, Patxi Tames, Jose Maria Sanz de Galdeano eta Hasier De los Rios izango dira hizlariak.
Apirilak 24, asteazkena
19:30. Uraren xarma hitzaldia izango da, gazteleraz, Jordi Sargatalen eskutik, Topic zentroko aretoan.
Apirilak 25, osteguna
19:30. Ibai bizidunak hitzaldia izango da, gazteleraz, Pedro Brufaoren eskutik, Topic zentroko aretoan.
Maiatzak 6, osteguna
19:30. Ura, baliabide baliotsu eta mugatua hitzaldia eskainiko du, gazteleraz, Miguel Delibes de Castrok, Donostiako Aquariumean. Biologiaren esparruan aditua da bera, eta aurtengo Naturaldiko jarduerarik nabarmenetakoa izango da honako hau.