Astebeteko udaleku itxiak antolatu dituzte Aralar inguruetan

Ataria 2013ko apirilaren 18a

Larraitz eta Abaltzisketa artean, Txindokiko Itzala Udalekuak antolatu dituzte uztailean. Ekimena, Aralar Kirolak dendak eta Txindokiko Itzalak osatu dute, eta astebeteko udaleku itxiak izango direla azaldu dute. Bi txanda egongo dira: uztailaren 15etik 21era bitarte 2002an, 2003an eta 2004an jaiotako haurrentzat, eta 23tik 29ra, 2000 eta 2001ean jaiotakoentzat. Prezioa 225 eurokoa da, eta izena emateko epea ekainaren 21ean amaituko da. Apuntatzeko hiru aukera zabaldu dituzte: info@txindokikoitzala.com helbide elektronikoan; 628 94 72 53 edo 943 65 47 57 telefono zenbakietako batera deituta, edo Tolosako Aralar Kirolak dendan.

Pertsona kopurua mugaturik dagoela azaldu dute, ondorioz, izen ematea ahalik eta azkarren egitea gomendatu dute.

Abentura, nahi adina

Udaleku itxi hauen ezaugarri nagusia abentura dela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Eskalada, zuhaitz parkea, mendi ibilaldiak, piraguismoa, gau pasa Aralarren... Bi enpresa hauen helburu nagusietako bat, «gazteak naturan erabat murgilduta» aste bat pasatzea dela azaldu dute. Bizi filosofia eta espiritu aktibo bat sortzeko helburuarekin haur eta gaztetxo guztiak gonbidatu dituzte Txindokiko Itzala Udalekuetara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!