Hamar urte daramatzate leitzarrek Maxurrenea herriarena dela aldarrikatzen. Hamar urte eta gero, aldarria betetzeko ordua dela diote. Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideek euren eskaria Nafarroako Parlamentura eramango dute asteazkenean, hilaren 24an, eta bertako lan saio batean azalduko dituzte aldarriaren arrazoiak, «etxea herriaren beharrak asetzeko erabili behar dela, alegia».
Hitzordu horren aurretik, beste hainbat lanketa eta ekimen antolatu dituzte plataformatik. Alde batetik, hilaren 22an, astelehenean, Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin elkartuko dira, PPNrekin izan ezik. Iluntzean, «herritarren nahia kalera ateratzeko helburuarekin», elkarretaratzea egingo dute Leitzako plazan. Mobilizazioa 20:00etan hasiko da, eta bertan erabiliko duten leloa ondorengoa izango da: Maxurrenea herrintzat, 10 urte eta gero, ordua da!
Ekimen guzti hauen inguruko informazioa eta balorazioak http://maxurreneaherrintzat.blogspot.com.es/ web orrian zintzilikatuko dute herri plataformako kideek.
Sinadura bilketa
Elkarretaratze eta batzarrekin batera, sinadura bilketak aurrera jarraitzen duela azaldu dute herri plataformatik, erritmo onean, gainera. Hala eta guztiz ere, oraindik sinatu ez duten herritarrak sinatzera gonbidatu dituzte.
Horretarako zerrendak hainbat lekutan jarri dituzte: Torrea herrikoa, Gaztañaga, Landaberri, Peritza, Txoko, Musunzar, Adur, Leitzarra, Beatrizenea, Zortziko, Ogiberri eta Zirkulo tabernetan; udaletxean, Sarrion, liburutegian eta gaztetxean, eta Maimur eta Astiz liburudendetan.
Hitzorduak
Apirilak 22, astelehena
Egunean zehar. Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideak Nafarroako Parlamentuan dauden taldeekin elkartuko dira: EH Bildu, Geroa Bai, UPN, PSN, eta Izquierda-Ezkerrarekin. PPNrekin ez dute hitzordua zehazterik lortu.
20:00etan. Leitzako plazan elkarretaratzea egingo dute, Maxurrenea herrintzat, 10 urte eta gero, ordua da! lelopean.
Apirilak 24, Asteazkena
Arratsaldean. Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideek Nafarroako Parlamentuko lan saio batean parte hartuko dute. Ondoren, asteko balorazioa egingo dute, eta besteak beste, http://maxurreneaherrintzat.blogspot.com.es/ web orrian zabalduko dute balorazio hori.