Berrikuntzari ateak zabalik

Ataria 2013ko apirilaren 17a

Pasa den martxoaren 21ean inauguratu zuten, Apatta industrigunean dagoen Lehiberri zentroa. Egitasmoa bera, ordea, 2008an sortu zen, Lehiberri Tolosaldeko lehiakortasun eta berrikuntzarako foroarekin.

Foroaren jarduna fisikoki kokatu eta gorpuzteko sortu da Lehiberri zentroa, eta beren lan ildo nagusietan aurrerapausoak emateko azpiegitura izango da, aurrerantzean, eraikina; datorren asterako ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte, astelehenetik ostegunera, 15:00etatik 18:00etara bitarte.

Bisita gidatuak izango dira, Jose Luis Urdangarin arduradunak azaldu duenez, «zentrotik pasa behar duten guztiek zentroa ezagutzea baita gure erronka: langabeak nahiz ideia berritzaileak dituzten herritarrak ezagutu nahi ditugu», nabarmendu du.

Besteak beste, formakuntza eta elkarlana sustatuz, enpresa munduko ekintzailetasuna eta nazioartekotasuna jorratuko dituzte, eta Tolosaldea Garatzen-en bidez, enplegua sustatzeko eskualdeko bulego bakarra ere zentroan bertan izango da.

Lehiberriko 3.000 metro karratuak lau solairutan banatuta daude, Tolosaldeko enpresa mundua berrikuntzara bideratze horretan.

Ideia berritzaileen sehaska

Tolosaldea Garatzen agentziaren bulegoak ikusiko ditu bisitariak, Lehiberri zentrora sartutakoan; eskualdeko enplegu bulego bakarra dago bertan, eta aholkularitza eskaintzen diete langabetuei.

Garapen agentziaz gain, ordea, auditorioa ere solairu berean dago, «enpresa munduan erreferentzia izango diren egitasmoak sustatzeko»; 100 lagun ingururentzat tokia dago bertan.

Sotoa ere badu Lehiberrik, eta eskualdeko enpresentzat laborategiak prestatu dituzte bertan: «Eskualdea mikro-enpresez osatuta dago gehienbat, eta lankidetzan sustatze espazio neutral bat eskaintzen diegu hemen, ekintzailetasun klasikoa nahiz berritzailea sustatuz», dio Urdangarinek. Horrela, alokairu «xumeekin», pabiloi txiki modukoetan abiarazi ahal izango dira proiektu berriak.

Lehen solairua, berriz, Lehiberri foroaren beraren gunea izango da, baina horrez gain, IKTetan eta marketing-ean trebatzeko bi formakuntza gela ere badira: «Lehendik ere badagoen formakuntza osatu nahi dugu Tolosaldea GLHIrekin elkarlanean».

Lehiberri zentroaren jarduna biribiltzeko azpiegitura, berriz, enpresen hazitegi eta haztegian kokatu dute arduradunek: «Enpresa bat sortu nahi dutenek nahiz gradu amaierako proiektua egin nahi dutenek, ideia berritzaileak dituztenek, hemen izango dute lekua, interneteko konexio, telefono eta beharrezko azpiegitura guztiekin. Egitasmoek, noski, berritzaileak eta teknologikoak beharko dute izan», azaldu du Urdangarinek.

Behin proiektua garatu eta gero, enpresak sortze bidean direnean, enpresen haztegira pasatzeko aukera izango dute ekintzaileek. Zazpi espazio osatu dituzte, 15 eta 20 metro karratu ingurukoak, eta alokairuan eskainiko dituzte, gehienez ere hiru urterako: «Lehen Miramonera edo Arrasatera bideratu behar izaten genituen eskualdeko egitasmo berritzaileak, eta orain, hemen lan egin ahal izango dute, aholkularitzaren laguntzaz», azaldu du Urdangarinek.

1tolosaldean@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!