Maorien lurraldera bidaia

Ataria 2013ko apirilaren 17a

Ezezaguna askorentzat, eta ezagutzen dutenentzat edertasun handia gordetzen duen lurraldea. Euskal Herritik milaka kilometrora geratzen da Zeelanda Berria, eta horregatik agian ez da euskaldun askorentzat jomuga euren bidaietan. Josu Mendizabal ibartarrak ederki ezagutzen du Zeelanda Berria. Bi bidaia egin ditu bertara, eta han ateratako argazkiekin erakusketa osatu du Ibarrako kultur etxean, «lurralde ikusgarri hura ezagutarazi asmoz».

2010. urtean egin zuen lehendabiziko bidaia Mendizabalek Zeelanda Berrira. Bertako lagun bat du, eta lurralde hura gertutik ezagutzeko pausoa eman zuen. Bada, hango lurrak zapaldu eta pixkanaka gehiago ezagutzearekin batera, «maiteminduz» joan zen. «Ikusgarria, zoragarria iruditzen zait, eta lehen bidaia hartatik itzultzeko gogoz itzuli nintzen». Eta baita egin ere. Bi urte geroago, 2012. urteko abenduan, berriki, beraz, Zeelanda Berrian egon da. Lehenengo bidaian hiru hilabete egin zituen, eta bigarrenean, berriz, bi.

Hango ikuspegiek utzi dute «txundituta» ibartarra: «mendi ugari daude, amaitzen ez diren zelaiak, kilometro ugari dituzten laku andana, fiordoak, flora eta fauna aberatsa... natura gustatzen zaionarentzat leku aparta da». Ikuspegiez gain, bertako gizartearen ezaugarriak ere nabarmendu ditu: «herri oso lasaia da, adeitsua eta guk duguna baino gutxiagorekin konformatzen dira; euren ingurunearen aberastasunaz jakitun dira, eta asko zaintzen dute. Kontuan hartu behar da gainera, 300 urteko historia besterik ez duen lurraldea dela, eta azken urteetan turismoak gora egin badu ere, oro har, nahiko ezezaguna da», dio.

Lehen aldia da Josu Mendizabalek argazki erakusketa jartzen duena. Bidaiatzen duenean argazkiak egitea gustuko duela dio: «Argazki ugari ditut eginak, kultur etxean proposatu nuen erakusketa jartzeko ideia, eta onartu egin zuten». Hala, zituen 5.000 argazkietatik 120 aukeratu, eta erakusgai jarri ditu Ibarran. Maorien lurraldera Josu Mendizabalen begien bidez bidaiatzeko aukera zabalik dago, eta herritar oro animatzen du erakusketara hurbilduz, nahiz bertara joanez, Zeelanda Berria bisitatzera, «edertasun hori ezagutzeak merezi baitu».

Datuak

Erakusketa. Zelanda Berritik. 120 argazkiz osaturiko erakusketa: paisaiak, mendiak, lakuak, itsasoa, fauna, flora, Maori kulturaren elementuak...

Egilea. Josu Mendizabal ibartarra.

Non. Ibarrako kultur etxean.

Noiz. Apirilaren 30era bitarte.  10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!