6.000ra iritsiko al dira?

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 17a, 07:19

Euskara bizitzako alor guztietara zabaltzea ez da lantegi erraza. Urratsez urrats egin beharreko bidea, inondik ere. Errenta aitorpena edo deklarazioa hainbat herritarren bizimoduaren parte bilakatu da. Udaberriarekin batera, kukua bezala, kantuan hasten den betebeharra. Burokrazia eta gaztelera sarri loturik joan ohi dira; eta euskarak badu zer irabazia zurrunbilo horretan.

2012ko urteari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina hilabete honetan hasi zen. Amaiera data, ekainaren 25ean jarri dute. Egun, herritarrek hainbat bide dituzte deklarazioa egiteko, eta bide horretan, lehen erabakia hizkuntzarena izaten da: Zein hizkuntzatan egingo dut errenta aitorpena? «Egizu deklarazioa euskaraz!», esan dute ondorengo eragileek: Kontseilua, Galtzaundi Euskara Taldea, Ibarra, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek eta UEMAko kide diren Tolosaldeko beste zortzi udalerrik, hau da, Aduna, Anoeta, Alegia, Altzo, Amezketa, Ikaztegieta, Irura eta Orexak.

Guzti hauek, Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren sustapen taldea osatu dute, eta taldearen izenak dioen bezala, deklarazioa herritarrek euskaraz egin dezaten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, kanpaina jarri dute abian: Aurten noraino?

Ez da lehendabiziko urtea. Aurrez, helburu berarekin, kanpaina gehiago egin dituzte elkarlanean, eta emaitzak hor daude. Iaz, urrutira joan gabe, 5.200 herritarrek egin zuten deklarazioa euskaraz; aurreko urtean baino 681 lagun gehiagok. Euskaraz errenta aitorpena egitea oso erraza dela azaldu dute sustapen taldeko kideek: «Ez dago inongo zailtasunik». Datuak gizentzen jarraitu nahi dute, eta horretarako, aurten ere kanpaina egitea erabaki dute. Leloak herritarrei galdera bat luzatzen die: Aurten noraino? Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren sustapen taldeak erantzuna argi du: «Helburua 6.000 lagun baino gehiagok deklarazioa euskaraz egitea da». Iazko igoera gainditzea lortuko al dute? «Pauso handia eta sendoa izan dadin, beste behin ere, guztion babesa eta parte hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza».

Kanpainaren xehetasunak

Eskualdeko herritar guztiek kanpainaren berri izan dezaten, 10.205 esku orri banatuko eta 266 kartel jarriko dira. Tolosaren kasuan, Galtzaundi aldizkariarekin banatuko dira esku orriak, eta eraikin publikoetan ere eskuratu ahal izango dira. Gainerako herrietan, etxez etxe egingo da banaketa.

Errenta aitorpena egiteko modu desberdinak daude, eta euskarak, guztietan dauka bere txokoa. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldunditik autolikidazio proposamenak ari dira bidaltzen egun hauetan etxeetara. Ados egonez gero, berresterakoan zein hizkuntzatan jaso nahi den adierazi behar da. Telefonoz berretsi daiteke, 902 100 040 zenbakira hots eginez. Autolikidazio proposamena berresteko aukera eskatu ostean, ondorengo mezua entzungo da: Ogasun eta Finantza Departamentuarekin euskaraz egin nahi baduzu sakatu 1.

Internet bidez berresteko, www.gipuzkoa.net/ogasuna/errenta webgunera jo, eta bertan, partikularrek autolikidazio proposamena onartzeko atalean sartu behar da. Identifikatu eta gero, 3. pausoan hizkuntza aukeratu daiteke.

Errenta aitorpena egiteko beste aukera era mekanizatua da, gestoria baten bidez edota foru aldundiaren laguntza programa erabiliz. Mekanizatuan egiteko hitzordua eskatu behar da lehendabizi, 902 100 040 telefono zenbakira deituta, edota internet bidez www.gipuzkoa.net webgunean. Kasu guztietan, euskaraz egin nahi dela adierazteko modua dago.

Datua

10.205 esku orri

Tolosan, Galtzaundi aldizkariaren barruan banatuko dira. Eta beste herrietan. Etxez etxe banatuko dituzte esku orriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!