«Balantze positiboa» egin dute atez atekoaren gizarteratze prozesuaz

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 17a, 06:59

Herritarrekin bilerak egin dituzte Alegian, Amasa-Villabonan, Anoetan, Iruran eta Zizurkilen

Villabonako Udalak bilerako «hutsunea» nabarmendu du.

Hilabete bada jada, Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Alegia eta Zizurkilek «bilketa eredu eraginkorrago baten aldeko apustua» publiko egin zutenetik. Herritarrei begirako informazio bilerak burutu dituzte bost herri horietan, eta Tolosaldeko Zabor Mankomunitateak bileretako parte hartzearen «balantze oso positiboa» egin du, «herritarrek informatzeko nahia eta hondakinen gaiarekiko ardura erakutsi baitute».

Mankomunitateak, gizarteratze prozesuaren garrantzia nabarmen du: «Herritarrentzat ari gara lanean, herritarrekin egotea ezinbestekoa delako». Bide honetan, atez ateko bilketa eredua aukeratzearen arrazoiak azaldu dizkiete herritarrei.

Besteak beste, «etorkizunean zabortegiek orain arteko sistemekin jarraituz gero izango luketen eragina, gaur egun udalentzat defizitarioa den eredu honekin jarraitzeak dakarrena, eta hondakinak ongi sailkatzeak ingurumenean eta ekonomian izan dezakeen onura”, azaldu dituzte. Hondakinak atez ate biltzeko hautuaren arrazoiak azaltzeaz gain, funtzionamenduaren inguruko datuak ere eman dizkiete herritarrei, eta azkenik, herritarrek eurek kezkan nahiz zalantzak azaltzeko aukera ere izan dute bileretan.

Tolosaldeko bost herri hauetan ordezkari politikoen eta herritarren artean egindako bilera hauetatik, ondorio bat atera du mankomunitatea: «Herritarrak birziklatzera bultzatzen ditu sistema honek, eta ondorioztatu dugun moduan, guztiok birziklatu nahi dugu gehiago».

Era berean, «aldeko eta aurkako iritziak» ere islatu dira bileretan. Dena den, «herritarrek egungo egoerak dakarren erronka eutsi nahi dute, oro har, gaur egungo eredua aldatu egin behar baita», diote.

Bileretan ikusi ahal izan dutenez, «herriz herri hainbat kezka errepikatu egin dira». Honen aurrean, mankomunitateak eta udalek honakoa nabarmendu nahi izan dute: «Ez dugu isunik jarriko sailkapena gaizki eginez gero; ondo egin ahal izateko, berriz, bitarteko guztiak jarriko ditugu».

Halaber, arlo ekonomikoak ere kezkak sortzen dituela azaldu dute. «Esan behar da, atez ateko sistema merkeena dela», azaldu dute mankomunitateko arduradunek: «Gaur egun udalek hondakinen inguruan duten zama ekonomikoa murrizteko, atez ateko bilketaren emaitza onengatik, ezagutzen dugun sistemarik eraginkorrena eta sostengarriena delako, aukeratu dugu atez ateko bilketa eredua».

Honenbestez, herritarrek beren aldetik, eta baita mankomunitateak eta udalek ere, bileren balorazio positiboa egin dute, mankomunitateak azaldu duenez: «Informazio guztia mahai gainean jartzearekin, herritarren kezkak uxatu egin dira. Saioek aurrera egin ahala, gainera,  giroa baretu dela ikusi dugu, eta herritarren kezka eta ardurek erantzuna izan dute; hori oso ondo hartu dute herritarrek».

Bilera bidez buruturiko gizarteratze prozesua amaitu den arren, bilera horietara joaterik izan ez duten nahiz informazio gehiago nahi dutenen herritarrei begira, informazio bulegoak ireki dituztela jakinarazi dute udalek.

Villabonan, «hutsunea»

Amasa-Villabonan pasa den astean egin zituzten bilerak, eta udalaren arabera, «orokorrean, eztabaida hauek nolabait pobretu dituena EAJ eta PSE-EEren hutsuneak izan dira, alkatearen iritzia soilik geratu baita agerian, 170 lagun ingururen aurrean».

Villabonako Udalak, gainera, Galder Azkue alkateak gizarteratze prozesuko bileran parte hartzeko gonbidapenaren erantzunik ez duela jaso nabarmendu nahi izan du: «Ez du erantzun ofizialik edo ez-ofizialik jaso, baina hala ere, bertaratutakoek proposamen eta ideia asko plazaratu zituzten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!