Maddi Amiano judokak Espainiako Iparraldekoa irabazi du

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Espainiako Iparraldeko junior mailakoen Judo Txapelketan lehen postua lortu berri du Maddi Amianok. Ondorioz, Espainiako Txapelketan lehiatzeko txartela lortu zuen altzotarrak, baina brontzea lortzeko lehia batera geratu zen.

Beñat eta Maddi Amianok jokatu zuten Iruñean izan zen Espainiako Iparraldeko Txapelketan. Bertan, Nafarroa eta Errioxa eta Aragoiko judoken aurka egin beharra izan zuten. Beñat Amianok ezin izan zituen kanporaketak gainditu. Maddik, berriz, oso maila ona erakutsi zuen, lehen postua lortuz, eta horrela Espainiako finalean lehiatzeko txartela eskuratuz.

Espainiako finala Madrilen jokatu zen. Maddi Amianorentzat zazpigarren aldia zen gisa horretako finala jokatzen zuena. 15 aurkari zituen, eta lehen kanporaketa gainditzea lortu zuen Amianok. Bigarrenean, ordea, Kantabriako judokaren aurka galdu zuen. Ez zen, baina, final zortzirenetan geratu, bigarren aukera bat izan baitzuen. Bigarrenean saiatu zen, baina brontzea lortzeko borroka batera geratu zen.

Infantil mailakoak, bikain

Bestalde infantil mailakoen Gipuzkoako Txapelketa jokatu berri da baita ere, eta bertan lau tolosarrek maila polita eman dute. Laurek lan handia egin zuten lehen bi postuetako bat lortu, eta horrela Euskadiko Txapelketarako txartela lortzeko.

Enara Amianok hirugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen, 48 kiloetan. Intza Egizabalek bigarren postuan sailkatzea lortu zuen, 52 kiloetan, Euskadiko Txapelketarako sailkatuz. Iñaki Lakunzak ere zilarrezko domina eskuratu zuen 50 kiloetan, lan bikaina eginez, ippon bidez irabazi baitzituen borrokak. Mikel Asensiok, bere aldetik, lan ederra egin zuen, ippon bidez borroka garrantzitsuenak eskuratuz, baina finalean ezin izan zuen urrea lortu, eta zilarrarekin konformatu beharra izan zuen. Asensiok ere Euskadiko Judo Txapelketan lehiatzeko aukera izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!