Lau bazkari ospatu ziren larunbatean Tolosaldean. Hauetatik hiruk, jai giroa zuten ardatz, eta laugarrenak, aldarrikapena. Azken hau, Tolosako Usabal kiroldegian ospatu zen, eta bertara, 80 lagun inguru joan ziren. Tourette sindromea ezagutzera emateko helburua zuen bazkariak, eta Afestta elkarteak antolatu zuen. Sindrome hau gaixotasun ez ohikoen barruan sartua du FEDER Espainiako gaixotasun ez ohikoen federazioak. Eli Agirretxe, Afestta elkarteko kide tolosarraren esanetan, sindromea zer den azaltzeko gaixo bakoitza aztertu beharko litzateke: «Tik sinple edo konplexuak izan daitezke. Gaitz neurologikoa da, eta ohiko bizimodua egiten baldin badute ere, egoera batzuen aurrean arreta falta, jarrera arazoak edota hiperaktibitatea erakusten dute».
Tourette sindromaren inguruan lanean dabiltzanei laguntzeko ekimenak hasi besterik ez dira egin, eta bazkarira joateko aukerarik izan ez zutenek, badituzte beste hainbat laguntza bide. Bat, kamisetak erostea izan daiteke, eta bestea, Kutxabank-en zabaldu duten kontu korrontean ekarpena egitea.
Gaixotasunaren inguruko informazioa nahi dutenek, www.facebook.com/TouretteEuskadi orrialdean aurki dezakete, edo afestta@gmail.com helbidera idatzita.
Usabalen bezala, Ibarran ere mahai inguruan elkartu ziren herritarrak larunbatean, kasu honetan, ordea, Txiribitu Aisialdi Taldearen urteurrena ospatzeko asmoz. Herriko plazan kokatu zuten jangela Txiribitukoek, eta 160 bazkaltiar inguru elkartu zitzaizkien. 20 urte bete ditu Ibarrako aisialdi taldeak, eta data berezi horren harira, aste guztian zehar hamaika ekimen antolatu dituzte. Larunbatekoa, ospakizun horien azken eguna izan zen. Eguna dianarekin jarri zuten martxan Txiribitukoek, eta ondoren, mendira egin zuten txangoa. Herrira itzultzean, eguerdian, triki poteoan zeharkatu zuten Ibarra. Plazara itzultzean, hainbat boluntariori esker, bazkaria zain zuten. Eguna Dinbi Danba perkusio taldearen emanaldiarekin agurtu zuten.
Txiribitukoak ez ziren izan urteurrena ospatu zuten bakarrak. Asteasuko Matxintxulo Gaztetxeak duela urtebete zabaldu zituen ateak, eta larunbatean, data berezi hori ederki gogoratu zuten. Bertso bazkarian, Unai Mendizabal eta Adur Gorostidi aritu ziren asteasuarrekin bertsotan.
Ugarteko bizilagunek ez zuten aitzakia berezirik behar izan elkartu eta sagardotegira joateko. Belaunaldi desberdinen topaleku bilakatu zen Petritegi sagardotegia larunbatean. Jaiak auzoko elkartean izan zuen jarraipena, goizeko ordu txikiak arte, Xabier eta Iban Gurrutxagaren musika emanaldiarekin.
Ikastetxeak eta olinpiadak
Iruran, larunbatean, II. Olinpiada Herrikoiak jokatu zituzten. Partaideak lau taldetan banatu ziren, eta hauetatik hiru gazteen artean osatuak izan ziren. Helduak beraz, talde bakarrarekin aritu ziren. Irurarrak goiz nahiz arratsalde ibili ziren jokoetan, eta tartean, bazkaria egin zuten.
Hirukideko 44 ikasle eta hiru irakasle, batxilergoko lehen mailakoak, Poloniatik iritsi ziren larunbatean, bi asteko egonaldia egin ondoren. Urtero bezala, bidaiaren helburua elkartrukea izan zen. Ikastetxetik azaldu dutenez, Poloniara iritsi baino lehen Berna eta Praga bisitatu zituzten, eta itzuleran, Berlin eta Paris. Poloniako egonaldia Poznanen izan zen, eta bertako ikasleen etxeetan egon ziren lotan. Elkartrukean Varsovia eta Auschwitz kontzentrazio-esparruan ezagutu zituzten, besteak beste.
Samaniegokoek ere irteera egin zuten, baina egun bakarrekoa. Igandean, Urkizura joan ziren 100 lagun inguru, eta Lizardiren omenezko monolitoan geldialdia egin ondoren, ikasle, irakasle eta gurasoak bazkaltzeko orduan iritsi ziren Tolosako auzora. Indarrak berritu ostean, jolasean ibili ziren Urkizun.