Irazuk, Saralegik eta Alkizaletek ez dute lortu aurrera jarraitzeko txartela

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Julen Kañamares, Arkaitz Jauregi eta Mikel Larrañaga aizkolariek lortu dute Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketarako txartela. Beraz, herenegun Leitzan lehiatu ziren Jon Irazu zizurkildarrak, Eneko Saralegi leitzarrak eta Jokin Alkizalete asteasuarrak ez dute aurrera egiterik lortu.

XV. Urrezko Aizkora Txapelketako laugarren jardunaldia hartu zuen Leitzako Amazabal pilotalekuak. Bertan hamabi aizkolarik hartu zuten parte, eta enbor bat moztera lehiatu ziren.

Lehen faseko irabazleek hirugarren fasea jokatu zuten, eta galtzaileek bigarren fasea. Azken hauek aurrera egiteko azken aukera zuten. Fase honetan, Kañamares III.a, Eneko Otaño eta Oihan Larretxea sailkatu ziren. Ezustea eman zuen aizkolarietako bat Jon Irazu zizurkildarra izan zen. Garaipena lortzeko faboritoetako bat zen, baina ezin izan zuen lehen fasea irabazi, ezta bigarrena ere.

Hirugarren fasean, Alkizalete II.ak Zaldua menderatu zuen, Arkaitz Jauregik Eneko Saralegi eta Mikel Larrañagak Iban Resano. Laugarrenean, Kañamares II.ak irabazi zuen Xabier Zalduaren aurka, Eneko Otañok Iban Resano garaitu zuen, eta Oihan Larretxeak Saralegiri irabazi zion. Finalean, bestalde, Kañamares II.a Alkizalete baino gehiago izan zen; Arkaitz Jauregik Oihan Larretxea garaitu zuen eta Mikel Larrañagak Eneko Otaño.

23 urtez azpikoak, Asteasun

Asteburu betea izan da Tolosaldean eta Leitzaldean aizkorari dagokionez. Leitzan Urrezko Aizkorako lehia izan bazen, larunbatean, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan 23 urtez azpikoen lehendabiziko kanporaketa jokatu zuten. Kañamares III.ak, Rodriguez II.ak, Otañok eta Vicentek lortu zuten

Beran datorren larunbatean jokatuko den jardunaldirako txartela.

Asteasun ere 12 aizkolari lehiatu ziren, lau multzotan banatuta, eta horien artean ziren Alkizalete II.a asteasuarra eta Eneko Saralegi leitzarra. A multzoan Kañamares III.a izan zen lehena Kañamares IV.a bigarren eta Naredo azkena; B multzoan, Rodriguez II.a izan zen lehenengoa, Vicente II.a bigarren eta Larrea III.a hirugarren; C multzoan Saralegi gailendu zen, Etxeberria II.a geratu zen bigarren, eta Irazabal hirugarren; eta D multzoan, Eneko Otaño izan zen lehenengoa, Alkizalete bigarrena eta Kortxero hirugarrena.

Hurrengo fasea lehenengo bi sailkatuen artekoa izan zen. Hemen, Otañok Kañamares IV.ari irabazi zion; Kañamares III.ak Alkizaleteri; Rodriguez II.ak Etxeberria II.ari; eta Vicentek Saralegiri. Hain justu, lau irabazleak sailkatu dira hurrengo saiorako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!