Tolosako Sortu alderdiak bere sorrera iragarri du, eta Amasa-Villabonakoak, herritarren aurrean aurkezpen ekitaldia egingo duela azaldu du, larunbat honetan Amasan, eta apirilaren 20an, Villabonan.
Lau hilabeteko eztabaidaren ondoren eratu zen Sortu alderdia Euskal Herrian. Ezker abertzalearen barruan kokatzen den antolakundeak, nazio mailako izaera dauka. Lan taldeak herriz herri, eskualdeka, lurraldeka eta nazio mailan sortu dituzte. Tolosan, «gaztetasunaren indarrarekin eta ilusioarekin tolosarren alde borrokatzeko prest» daudela iragarri dute. Helburu horretan, herritar guztien parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute: «Horretarako, Sortzaileak egitera animatu nahi dugu tolosar oro. Sortzaileentzako gune ezberdinak eratuko ditugu herrian: eztabaida gunea, aldizkari ofiziala, deialdiak eta garrantzitsuena deritzoguna, zuen iritzia kontutan edukitzeko konpromisoa Tolosako herri programan».
Herritarren parte hartzea bultzatzeko, Ni Sortzailea naiz, eta zu? kanpaina jarriko dute abian, eta deialdiei adi egotea eskatu diete tolosarrei.
Sorturen lan esparrua bi eremutan kokatu dute tolosarrek: «Alde batetik, instituzioetan eta bestetik kalean, azken honek garrantzia berezia izanik». Kalean, eragile sozialekin, sindikatuekin, gazte eragileekin eta oro har, lanean ari diren eta lanerako prest dauden herritar guztiekin batera lan egin nahi dutela aitortu dute, «gauzagarriak diren alternatibak denen artean martxan jarri eta justuagoa izango den jendarte bat eraikitzeko», esan dute Sortuko kideek.
Sorturen oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua Zutik Euskal Herria adierazpena ardatz duen eztabaidan finkatu direla esan dute Tolosako Sortutik, eta helburu estrategikoak, Euskal Herri independientea, sozialista, feminista eta euskalduna direla gaineratu dute.
Amasan, bihar aurkezpena
Amasa-Villabonako Sortuk bere burua aurkezteko asmoz, apirilaren 13an, bihar, Amasako Kultur Etxean ekitaldi xume baterako deia egin die herritarrei. Ekitaldia 12:00etan izango da, eta bi helburu edukiko ditu: «Ezker abertzalearen baitan sortu dugun antolakunde berria osatzen dugun kideak aurkeztea, eta etorkizunari begirako erronkak aurkeztea, otsailean Baluartean Sortuk finkatu zituen erronkak bermatzeko zeregina geure eginaz».
Amasan egin bezala, Villabonan apirilaren 20an egingo dute aurkezpen ekitaldia, 20:00etan, Bear Zana pilotalekuan. Ondoren, herri afaria egingo dute, eta dagoeneko txartelak salgai jarri dituztela azaldu dute, Iratzar tabernan.
Amasa-Villabonatik ez dute ahaztu nahi izan Sortu Bilduko kide ere badela, eta ondorioz, «Udal gobernuaren ardura dugun neurrian, herritarren kezka eta dena delakoak entzun nahi ditugu. Argi baitugu denon artean dela soilik posible Amasa-Villabona berri eta aurrerakoi bat egitea», esan dute.
Azkenik, Amasa-Villabonako Sortu, eragile desberdinekin aldebiko harremanak garatzen hasia dela esan dute.