Joxan Lizarribar «gizon osoa eta elegantea» zela diote gertukoek

Ataria 2013ko apirilaren 11

Jaime Otamendi, Harkaitz Cano, Martxelo Otamendi eta Joxan Lizarribarren semea, beilatokian

Joxan Lizarribar altzotarraz hitz egiterako unean, «gizon osoa eta elegantea» bezalako hitzak errepikatzen dituzte behin eta berriz  hura ezagutu, eta harekin harremana izan zutenek. Lizarribar, Berria Taldeko presidentea eta Adunako Kelsen enpresako zuzendari nagusia zen, eta gaixo egon ostean, herenegun zendu zen. Euskarak eta euskal kulturak jasan duen galera azpimarratu dute arlo horretan berarekin elkar lanean ibilitakoek, eta herritarrek, altzotar bat galdu dutela diote, nahiz eta hori horrela den sinistea kosta egiten zaien. Hura ezagutu izana harrotasunez azaltzen dute, eta hark utzitako hutsuneak samina sortzen die: «Oraindik emateko zeukan guztiagatik».

Gorpu-beila eta hileta

Joxan Lizarribarri gaur emango diote azken agurra. Bere omenezko hileta elizkizuna gaur egingo dute, 19:00etan, Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santua elizan. Gorpu-beila atzo zabaldu zuten Errekalde auzoko beilatokian, eta gaur, 13:15ak bitarte zabalik egongo da.

Gorpu-beila zabaldu orduko,  jende ugari gerturatu zen Errekaldera. Berria-ko, euskal kulturgintzako, Kelsen lantegiko eta politika munduko ordezkariak senide eta lagunekin elkartu ziren bertan. Lagun min batek zioen bezala: «Lagunak konpartitzea gustatzen zitzaion».

Erreakzioak

Jaime Otamendi

Kazetaria

«Euskal Herria munduan jartzen lagundu zidan, eta munduaren ikuspegi bat eman zidan. Izugarri estimatuko diot hori. Bestetik, euskaldun eta unibertsal izaten irakatsi zidan. Horrez gain, sekulako laguna izan da, eta bizitzako gauza mordoa ikasi ditut berarekin. Anai zaharrago bat bezala izan da, bizitzako gauza asko galdetzen nizkion eta bidea irekitzen zidan. Zulo handia uzten du».

Andoni Mendiola

Adunako Kelsen lantegiko lankidea

«Denbora asko pasa dugu elkarrekin. Une txar eta on asko. Berarengandik asko ikasi dugu. Joxan izugarri eskuzabala izan da bizi guztian zehar. Dena eman du inork eskatzen ez zionean, eta horrek izugarrizko marka utziko du lankide, lagun eta familiarengan».

Jexux Murua

Laguna

«Artzamitarteko Joxeantonio zen guretzat, artean oso gaxte Altzotik joan bazen ere. Aldian aldian, nahikoa maiz, etortzen zen gurera eta irribarrea zabal ibiltzen zen, elegante, elegantea baitzen kanpo-barruz. Ez zuen Altzorekiko lotura galdu, eta altzotarra zela esango zion galdezka zetorkion edonori. Bazterrik bazter hainbeste ibili arren, sustraira beti. Euskal Herria sakon-sakonean bizi zuen eta sekulako fedea zuen honen indarrean eta etorkizunean. Hala zioen: ‘Herrien txiki-handitasuna ez duk geografiaren arabera neurtu behar. Gureaz harro egon behar diagu; gure herria ikaragarri zaharra duk eta ikaragarri gaztea aldi berean. Herri gazterik bada Europan, Euskal Herria duk’. Joxeani zerion baikortasuna da niri iltzatua geratu zaidana. Min dut beragatik, bere sendiko eta lagun guztiengatik, lankideengatik... emateko zeukan guztiagatik».

Marian Galarraga

Tinko Euskara Elkarteko lehendakaria

«Harreman pertsonala nuen berarekin. Euskal zaletasuna elkar banatzen genuen. Alderdi horretatik ere, kideak ginen. Joxan asko maite nuen. Oraintxe, berari buruz hitz egiten ari naiz, baina ez dut onartzen hilda dagoenik, ez dudala gehiago ikusiko. Nahiz eta bi hilabetean behin, edo urtean behin ikusi, oso pozgarria zen berarekin elkartzea. Alde guztietatik begiratuta, gizon elegantea zen; atsegina. Altzotarrak eta auzotarrak ginen txiki txikitatik. Gero, 40 urte pasa ondoren, berriro elkartu ginen, heldutasunean, mundua ikuspuntu berdinetik ikusten genuen. Ezin dut sinetsi. Berriro laster ikusiko dudala pentsatzen dut, irribarretsu».

Agustin Amiano

Irakaslea

«Niretzako gizon dotore bat zen, zentzu guztietan. Jendearekin tratuan ere halaxe zen. Herritik kanpora joan zen bizitzera, baina bere bueltaxkak egiten zituen, eta beti sumatu izan dut denekin hizketan, denekin jator, denekin aurpegi ona. Traturako oso pertsona ona zen, balio zuena. Bestalde, bere konpromisoa aipatu nahiko nuke: momentu zail horietan nola hartu zuen kargua Berria Taldean; euskararekin eta kulturarekin erabat konprometituta egon izan da. Pertsona baliotsua joan zaigu, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua».

Loli Arandia

Laguna

«Altzotar bezala ibili da munduan. Jaioterriaz harro sentitzen zen, eta gu harro sentitzen gara bere lagun izan garelako, eta bera altzotar izan delako. Joxan gizon osoa zen. Lagunak biltzeko ere aparta zen; bere ondoan biltzen ginen. Beilatokian, adibidez, jende ugari ikusi dut, eta denak bere bitartez ezagutzen nituen; lagunak konpartitzea gustatzen zitzaion. Euskararekin konprometitua zela diote orain, eta bai, horrela zen, baina ez euskararekin bakarrik, familiarekin, lagunekin eta inguruko guztiarekin zen horrela. Beti hor zegoen; denentzat zuen denbora. Zaila egiten zait bera nolakoa zen pentsatu behar izatea. Joxan oso barruan daukat, eta oso barruan sentituko dut beti. Beti hor egongo da. Beti».

Xabier Olano

Gipuzkoako Ogasun zuzendaria

«Zortea izan nuen oso haurtzaroan ezagutu ginelako elkar. Gure baserriak elkarren ondoan zeuden, eta gurasoak lanean zeuden bitartean, gu jolasean ibiltzen ginen. Gaztetan Hernanira joan ziren bizitzera, eta gero, bizitzan zehar, leku askotan egin dugu topo. Euskararen eta kulturaren ekintzailea zen, eta ni ere esparru horretan ibilia naizenez, elkarlanean askotan ibili ginen. Joxan oso pertsona gozoa zen, oso langilea. Definitu beharko banu, gizon osoa zela esango nuke».

Pilar Zubiarrain

Abokatua

«Arlo pertsonalean ezagutzen nuen, senidea bainuen. Familian izugarrizko samina utzi du. Izugarri ukitu nau bere heriotzak. Zoragarria zen. Pena ematen dizu pertsona on bat joan delako, kategoriako pertsona. Beti irribarrez, beti denei agurtu eta hitz egiten zien; behin ere ez zuen aurpegi txar bat edo jarrera txar bat».

Iritzia:Martxelo Otamendi, BERRIA-ko zuzendaria

Eta Washingtongoa zer?

Faena ederra egin diguzu, Joxan; Washingtonen enbaxada zabaltzeko gero eta gertuago geundenean, esan diguzu enbaxada hori ez eta eternitatearen enbaxada hartuko duzula, lurrekoa baino nahiago duzula, enbaxada hartzekotan, Etereolandakoa hartu. Nork eta zuk, gure artean zehatza eta praktikorik egon bada zeu izan zarenean. Ulertzen dut enbaxada horretan osatu ahal izango duzun lantaldea lehen mailakoa dela, ikaragarri estimagarria izan behar duelako Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka, Martin Ugalde, Txillardegi eta aurretik joan zaizkigun agregatu eredugarriekin lan egitea. Zeu enbaxadore. Urrezko taldea osatuko duzu horiekin, baldin eta bakoitza berean zentratzea lortzen baduzu;  zuk horrenbeste gorrotatzen dituzun Bizantzioko eztabaida alfer, amaigabe eta loarazleak bazter utzita. New Yorkekoa eta Washintongoa bata bestearen atzetik zabaltzeko asmotan geunden; nagusia lehendabizi, hiriburukoa, eta handik gutxira NBEkoa, New Yorken. Orain dudatan utzi nauzu New Yorkekoa hartu edo ez, biak, bi enbaxadoreak, pakete batean zihoazen, gindoazen; eta, egia esan, ez daukat gogo handirik enbaxadore lana egiteko zure gertuko  maisutza gabe. Ikusiko dugu.

Bitartean, zuk askotan esan bezala, hobe dugu espabilatzea: goazen martxan, ez enbaxada eta ez ondoko txakur txabola. Ilusio handiarekin hartu zenuen garai politiko berria, baikor, hamarkadetan eduki ez dugun abagune ikusten zenuelako. Aukera Euskal Herrian, eta kanpoan. Gurean abertzaleen gorakadak itxaropenerako arrazoiak ematen dituelako. Eta kanpo hurbilean, aspaldi ez bezala, inoiz ez bezala igual? Europako nazio historiko batzuetan —Eskozia, Flandria, Herrialde Katalanak—, oso serio hartzen ari zirelako independentziarako bidea. Serio, alegia, sendo, indartsu, dudarik gabe.

«Ez liatu autodeterminazio eskubidearekin: estatu bat behar dugu. Mundu guztiak ulertzen du estatua esaten dugunean; autodeterminazio eskubidearekin, bakoitzak nahi duena ulertzen du. Ez liatu: besteek bezala, estatu bat behar dugu. Ez liatu». Hori zen zure pentsamendu argia.

Gogoratzen duzu nola pasatu genituen 45 minutu «premtsa si us plau» akitzeraino esanez, Bartzelonako iazko Diadaren manifestazio erraldoi hartan, metro geltokitik atera eta manifestazioak irten behar zuen lekuraino? Non ikusi da egunkari bateko lehendakari bat, kazetari kredentziala paparrean jarrita, 45 minutu bultzakadak jasoz? Erredakziotik kanpo aurreneko aldiz kalera erreportajea egitera irten den kazetari hasiberriaren ilusioarekin ibili zinen manifestazioaren buruan, gonbidatu OPIen esparruan, euskaldun askorentzat beste aberria den Kataluniarentzat egun handia zela sumatuta. Ikusiko dugu nolako bilakaera daukan katalanen ahaleginak, baina konbentzituta etorri zinen han prozesu garrantzitsua ari zela sendotzen eta abiatzen, zuk horren ondo ezagutzen zenuen Katalunia ez zenuela sekula horren indartsu ikusi.

Oso garai txarrean zaildutako belaunaldiko kidea izan zara, Joxan; dena aurka eduki eta, hala ere, gure herriarentzat horren garrantzitsuak izan ziren hurrengo urteetarako adreilu erregogorrak jartzea egokitu zitzaion gazte multzo eredugarrian jardun zenuen. Zorretan gaude zurekin, eta hor nonbait topatuko dituzun joandako aitzindariekin. Eman eskuminak eta esan bukatuko dugula lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!