1988. urtean du jatorria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Bi eskualdeetako 17 herri kide ziren jada, eta Tolosa gehitu berri zaio, euskara gizarte-hizkuntza nagusia izatea helburu duen egitasmoari
Tolosan, larunbateroko azoka izan ohi da euskararen arnasguneetako bat.
Euskal Herrian Euskaraz elkartearen ekimenez abiarazi zen, 1988. urtean, Udalerri Euskaldunen Mugimendua. Bertan, 30 udalerri euskaldunek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Arautegia onartu zuten, herri horietako eremu guztietan euskaraz bizi ahal izateko bitartekoak jartzeko helburuz; euskararen arnasguneen mapa osatuz
Lehenago ere bazen, udalerri euskaldunetan euskara hutsean funtzionatzea ahalbidetzen zuen lege-artikulu bat: Eusko Jaurlaritzak emandako 10/1982 Euskararen Legeko 8.3 artikulua hain zuzen. Artikulu hau, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak indargabetu zuen. Gauzak horrela, eta 1988ko arautegiaren ondorio gisa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, UEMA, sortu zen 1991ean.
Besteak beste, erakunde publikoetan euskara nagusitzeko lanean aritu da UEMA: «Hizkuntza politika aurrerakoiak sustatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikek ez dietelako kide diren herrietako errealitate soziolinguistikoei erantzuten», diote arduradunek.
Helburu horiek lortzeko, trebakuntzan, dokumentuen normalizazioan, kontratazioetako hizkuntza irizpideak zehazten, euskarazko aplikazio informatikoak lortzen, merkatariei eta tabernariei euskara zerbitzuak eskaintzen, tokian tokiko euskalgintzarekin harremanak sendotzen nahiz udal euskara zerbitzurik ez duten herri txikienetan, zerbitzu hori bermatzen aritzen da UEMA.
17 herri, euskararen mapan
Euskal Herriko 69 herrik osatzen dute UEMA, eta horietatik 17 dira, Tolosaldeko eta Leitzaldekoak; biztanleen %70ak, gutxienez, euskalduna behar du izan, UEMAkide izateko.
Pasa den martxoaren 21ean sartu zen Tolosa, Zarautz, Lesaka, Munitibar eta Lekeitiorekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, eta UEMAko herririk handienetakoa da orain.
Herri euskaldun guztiek bat egin eta hizkuntza politikan sinergiak sortze horretan, Tolosarekin batera, Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain eta Orexa ere UEMAkide dira. Leitzaldean, berriz, Areso eta Leitza ere udalerri euskaldunen mapan daude.
IÑAKI AZALDEGI, Tolosako Udaleko euskara teknikaria: «Jarrerak euskaltzaletu egin behar ditugu»
Tolosarren euskalduntzeak aurrerapauso handiak eman ditu azken hamarkadetan. Gaur egun, gazteen jarreretan kontzientzia sortzeari garrantzia eman dio Tolosako Udaleko euskara teknikaria den Iñaki Azaldegik.
Tolosa UEMAn sartu berri da. Zer ekarriko dio horrek herriari?
Lehendik datorren euskalduntze prozesuari jarraipen sendoagoa ematea da. Udal euskaltegia duela 32 urte sortu zen, eta urte pare bat lehenago bazen, jada, euskara zerbitzu bat. Garai hartan hasi zen euskalduntze prozesua udalean, eta herritarren artean lehenago: ikastola duela 40 urte baino gehiago sortu zen, eta baita AEK ere, udal euskaltegiaren aurretik gau eskolak izan, bazirelako.
Hori guztia indartuko du, beraz.
UEMAn sartzeak bultzada bat emango dio prozesu horri, baina egun batetik bestera salto ikaragarria ere ez dugu joko. Euskara Tolosako gizarte bizitza osoan, udalean, enpresetan, merkataritzan eta ostalaritzan nahiz elkarteetan, hizkuntza nagusia izatea nahi dugu. Horretara iristeko, pauso eraginkorra da UEMAn sartzea, gure ustez; guk gauza on bat izango dela uste dugu, baina hizkuntzen aldaketa ez da ematen egun batetik bestera, horrek bere denbora behar du.
Euskalduntze prozesu horretan zein behar eta zein gabezia ditu Tolosak?
Edozein hizkuntza hitz egiteko, guztiek ulertu egin behar dute, gutxienez, hizkuntza hori. Elebitasun pasiboa, ulertzen duenari euskaraz egitea da, berak erdaraz erantzunda ere. Baina Tolosan elebitasun pasiboa erabiltzen ez dugunez, euskaldunak ere erdaraz egiten du. Orduan, ahulezia handienetako bat euskalduntze prozesua orokortzea da, hau da, denak euskaldunak izatea. Hori gertatzen denean, euskaldunak arazorik gabe erabili ahal izango du euskara, leku guztietan.
Erdaldun elebakarrek eragin handia dute horretan?
Oraindik 3.000 lagun erdaldun ditugu Tolosan, erdaldun petoak. Hizkuntza bat ez dakiten 3.000 lagun baldin badaude, eta gainerako guztiek haien hizkuntza baldin badakite, noski, elebakar horiek dira besteei beren hizkuntza inposatzen dietenak. 3.000 lagun asko dira, eta toki askotan egoten dira: kuadriletan, elkarteetan, lantokian, kalean,... Horrek asko baldintzatzen du euskararen erabilera.
Euskara jakin eta erabiltzen ez duenik ere bada.
Bai, badira beste 3.000 inguru, eta praktikan, erdaldunak dira beren bizitzaren zatirik handienean. Behar bada bilobekin-eta, beti erdaraz hitz egiten duten aiton-amonek, erabiltzen dute. Tartean heldu bat sartzen denean, ordea, gaztelerara jotzen dute segituan, erosoago daudelako. Hau ulergarria da: finean, gizakiok erosotasunera jotzen dugu. Norberak primeran erabiltzen duen tresna bat baldin badauka, eta horrekin batera, beste tresna bat kamuts-kamuts baldin badauka, eta honekin erdipurdi eta lotsatuta aritzen bada, normala da lehena erabiltzea. Hizkuntza egoki dakienak erabiltzen du, gaur egun, Tolosan eta Euskal Herrian, eta horixe da beste erronka, hain ondo ez dakitenak ere erabiltzen hastea; hitz eginez ikasiko baitute, ez da beste biderik.
Euskaldun zaharrek trebatze horretan lagun dezakete?
Bai. Onartu egin behar ditugu ‘hankasartzeak’, eta hizketan normal jarraitu, zuzentzaile zorrotzarena egiten ibili gabe; animatu egin behar ditugu euskaraz egitera, hankasartzeak hankasartze.
Kontzientziazio lanean lagunduko du, beraz, UEMAk.
Euskara hizkuntza nagusi bilakatzeko denbora beharko da, baina aurrerapausoak eman behar dira, UEMAren tresnen bidez. Zer gertatzen da? Batzuk euskaltzaleak garela, eta euskaraz bizi nahi dugula. Beste batzuk, berriz, euskaldunak dira, eta ez zaie gehiegi axola bat edo beste erabiltzea. Azken hauek euskaltzale bihur daitezke, eta euskaraz egitera bultza. Beste sektore bat ere bada, euskararen aurka dagoena. Horiek, neurri batean, jarrera zibilizatu batera ekartzea lortu behar dugu, euskaraz egiten utz diezaguten.
Gazte tolosarrek zein leku betetzen dute erabileraren mapan?
Aldaketa kualitatibo handia gertatu da, Tolosan, azken urteotan; 1981etik honako datuak Euskal Herriko onenetakoak izan daitezke. 1981ean, 24 urte bitarteko haur eta gazteen erabilera %12aren bueltan zebilen. Gaur egun, 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoak %65en bueltan dabiltza, eta gazteen %45-50ak erabiltzen du euskara.
Euskalduntze prozesua bide onetik doa, beraz, Tolosan.
Egia da, duela 10 urte euskara gehiago erabiltzen zela ume eta gazteen artean, eta D ereduak azken urteotan izandako aurrerakadak, gaur egunerako erabilera altuagoa aurreikustera eraman gaituela. Hala ere, gaur egun ezin da esan adin horretako tolosarrek euskaraz ez dakitenik. Beraz, euskalduntzeko lana ere, errazagoa da: jarrerak euskaltzaletu behar ditugu. Konbentzitu behar ditugu, euskara erabiltzeko dela, eta Euskal Herria izango bada, euskara erabiltzen dugulako izango dela, eta bestela ez dela izango, alferrik ari garela. Hemen, bagara edo ez gara, eta hori hizkuntzak egingo du, ez kaikua edo txapela janzteak. Beraz, kezkatzen gaituzten gauza batzuk badiren arren, konponbidea hizkuntza ohiturak aldaraztea da, euskaraz jakin badakitelako; eta hori hizkuntza ikasi behar izatea baino errazagoa da. Gurera ekarri behar ditugu, goxo-goxo.