Asier Izagirre: «Berriro eskalatzen hasteko motibazioa izango da emanaldia»

Ataria 2013ko apirilaren 11

Sustraietara itzuliko da gaur Asier Izagirre (Tolosa, 1972), Amezketan; esanahi sinboliko ugari dituen emanaldia eskainiko du kultur etxean, 20:00etan.

Tolosarra, Amezketan murgildu zen eskalada munduan, Zazpi Iturriko harkaitzetan; Himalaiako proiektuak albo batera utzita, hastapenen inguruko hitzaldia eskainiko du Mendi Astearen barruan, hau da, eskaladari buruzkoa, eta hori nahikoa ez balitz, gaurko proiekzioa hastapen berri bat izan daiteke Izagirrerentzat. Amezketa-Izagirre binomioaren urrats berria ikusi nahi duenak, Patagonian zehar emanaldira joatea nahikoa izango du.

Pasioa eta ilusioa transmititzen ditu Asier Izagirrek mendiaz hitz egiten duenean, modu zuzen eta garbian gainera. Bere hitzak entzunda mendira joateko gogoa sartzen ez zaionari...

Zein elementu izango ditu Mendi Astearen barruan eskainiko duzun emanaldiak?

2000n, 2004an eta 2005ean Patagoniara joan nintzen eskalatzera, eta bertako irudiekin pelikula moduko bat egin nuen. Argazkiak eta bideoak ditu, eta emanaldia DVD horren inguruan joango da.

Zenbateko iraupena dauka proiekzioak?

45 minutu ingurukoa.

Emanaldiaren ostean etorriko al dira azalpenak eta galdera-erantzunak?

Proiekzioan bertan joango naiz azalpenak ematen, izan ere, momentu batzuetan soinuarekin baldin badago ere, tarte gehienetan isila izango da, eta une horietan hitz egiteko aukera izango dut. Proiekzio guztian, beraz, nire hasierak zeintzuk izan ziren, Patagoniara egindako bidaiak... azalduko ditut.

Eskalatzaile moduan izan ziren hasiera haiek.

Eskalatzailea izanik, Patagoniara eskalatzera joan nintzen. Ondoren, Himalayista bezala ezagunago bihurtu naiz, baina pixka bat hortik joango da emanaldia: nire hastapenak zeintzuk izan ziren, eta ondorengo bilakaera nolakoa izan den azalduko dut.

Nola kokatzen duzu zure burua, mendigoizale bezala edo eskalatzaile moduan?

Eskalatzaile edo alpinista bezala. Azken finean, alpinismoa mendiarekin lotutako guzti hori da, eta eskalada, barruan hartzen duen modalitate bat; ondorioz, eskalatzaile-alpinista.

Nola moldatu zineten DVDean ikusten diren irudiak lortzeko?

Garai hartan gure kamera eta bideo kamerekin grabatzen genituen irudiak. Ez daude formatu handian edo egun ikusten ditugun pelikula horien moduan grabatuta; proiekzio normala dela esango nuke, gure neurrian eta moduan egina.

Patagoniako zein ingurutan hartu zenituzten irudi horiek?

Hiru urte haietan hiru bidaia egin genituen Patagoniara, baina ez ginen Cerro Torre bezalako leku ezagunetara joan. Bakardadea, edo abentura kutxuko bidaiak izan ziren, leku desberdinak ezagutzeko gogoa baikenuen. Cochamo, Torres del Brujo eta Torre Avellano-ko irudiak dira.

Nazioarteko esperientzien hasiera?

Euskal Herrian eta Pirinioetan ibiltzen ginen eskalatzen, eta pixka bat, urrats moduko bat izan zen Ameriketarako bidaia hori. Pareta handiak eta abentura bilatzeko nahia genuenez, urrats hori ematea erabaki genuen.

Eta Amezketan, hastapen horietaz mintzatuko zara.  

Bai, eta gogotsu nago gainera. Himalaiako boom hori, eta Edurne Pasabanekin egindako bidea amaitu da, eta hastapenetara itzulera  moduko bat izango da. Horretaz hitz egiteaz gain, espero dut niretzat ere eskaladara itzultzeko modu bat izatea.

Azaltzen duzun moduan, deseatzen zaudela dirudi.

Amezketan eskainiko dudan proiekzioa prestatzen hasi nintzenean, irudi zaharrak ikusten hasi nintzen etxean emaztearekin. Oroitzapenekin eta irudiekin  emozionaturik gelditu nintzen. Zenbat denbora grabaketa haiek ikusi gabe! Nolako oroitzapen politak eta gogoa! Nik uste, kontatzen hasten naizenean emozio hori nabaritu egingo zaidala.

Azken urte hauetako zure mendi ibilbidea boom moduko bat izan da. Amezketatik deitu zizutenean, errazena Himalaiaren inguruko zerbait eskatzea izango zen, ezta?  

Iaz ere Amezketan izan nintzen nire sei zortzi milakoen inguruan hitz egiten. Aurten, deitu zidatenean, zerbait desberdina bota zitekeela pentsatu nuen. Azken espedizioaren inguruko zerbait eskaintzeko aukera egon bazegoen, baina beti Himalaia gora eta Himalaia behera... badaude mendiarekin lotutako beste hainbat eskaintza polit. Eskaladaren inguruan emanaldi bat eskaintzeak poz handia ematen zidanez, hori proposatu nien, eta aurrera.

Horrela azalduz gero...

Gauzak azaltzerakoan nahiko garbia naizela esaten didate, eta hitzekin pasioa transmititzea asko gustatzen zait. Momentu honetan, nahiz eta zaharra ez sentitu, gure esperientziak eta gure pasioak jende gazteagoari transmititzea tokatzen zaigula uste dut, eta hori oso garrantzitsua delakoan nago. Tolosan mendi elkartean txikitatik nabil, eta bertan pasa zidaten grina hori, eta orain, lan hori egitea niri tokatzen zaidala uste dut.

Mendi Astea bezalako ekimenek zer suposatzen dute zuretzat?

Primeran iruditzen zait; egin beharreko gauzak dira nire ustez.  Tolosarra izanik, Amezketan ikasi nuen eskalatzen, Zazpi Iturriko harkaitzetan. Orain, berriro Amezketatik deitzea oso polita da niretzat. Askotan, nabaritzen duzu beraiek erreparo moduko batekin deitzen dizutela: «Asier Himalaian egon da eta etorriko al da Amezketara?». Gu jende normala gara, eta askotan ilusio gehiago egiten digu herri txikietatik deitzen digutenean, ekitaldi handietatik baino. Ni behintzat oso gustura sentitzen naiz horrelako emanaldietan.

Azken aldian Asier Izagirreren berririk ez dugu izan: zertan dabil?

Asier Izagirre azken espedizioak amaituta menditik pixka bat aldendu da, aitatxo izan baita. Hori izan da azken denboraldiko espedizioa. Urte oso intentsuak bizi izan ditut, eskalatzen eta abenturan, eta orain, azken urte t’erdian lasaiago nabil. Haurrarekin eta familiarekin gozatzeko eta denbora gehiago egoteko aprobetxatu dut.

Aurrera begira, zerbait ba al daukazu buruan?

Lehenik eta behin, Amezketako emanaldia. Berriz eskalatzen eta entrenatzen hasteko data eta motibazioa izango dela uste dut. Proiekziorako argazkiak eta irudiak ikusten hasi nintzenean lagun bati esan nion, berriro ere eskalatzen eta... hasi behar genuela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!