Berria Taldea lemazainik gabe geratu da. Atzo hil zen Joxan Lizarribar (Altzo, 1951) Berria Taldeko presidentea, duela zenbait astetik biriketan izandako arazo batzuen ondorioz. Lizarribar sorreratik, 2003ko ekainetik, izan da Berria Taldearen lemazaina (2003an taldeak Euskarazko Komunikazio Taldea izena zuen, eta Lizarribar Administrazio Kontseiluko presidentea zen). «Kasualitatez», esaten zuen. Ezkondua zegoen eta hiru seme-alaba zituen.
Lanbidez Adunako Kelsen SA enpresako zuzendari nagusia zen. Aurretik hainbat urte egin zituen komertzial buru lanetan. Lizarribarrek jada buruan zuen erretiroa hartzea. Adreilu erregogorrak egiten ditu Kelsenek, altzairugintza sektoreko enpresetarako. Altzairua urtzeko labeetan erabiltzen dira adreilu erregogorrak. Mundu guztira esportzen dituzte. Kelsenen aritu aurretik urte asko egin zituen Krafften.
Lizarribarrek euskarazko egunkariaren ardura hartu aurretik izan zuen lotura euskal kulturarekin. Hamasei urte zituenetik. Donostiako Argia dantza taldearen eta Juan Antonio Urbeltzen bitartez 1970eko hamarkadan harremana izan zuen Ez Dok Amairu taldearekin. Benito Lertxundi eta Joseangel Irigarai lagunak zituen, esaterako.
Hala ere, Lizarribarrek onartu izan zuen sortzailea baino gehiago, bera «kultura kontsumitzaile ona» zela. Irakurle eta zinemazale amorratua zen. ‘Irentsi’ egiten zituen euskal literatura eta literatura anglosajoia. Irakurtzea arnasa hartzea bezain beharrezko zuela esaten zuen. Asko gustatzen zitzaizkion balleta, opera eta musika klasikoa, eta Donostiako Musika Hamabostaldira joan ohi zen.
Euskal Herriko sortzaileekin eta artistekin «harreman estua» zuen gaur egun ere. Harkaitz Canorekin, Mikel Urdangarinekin, Kirmen Uriberekin eta Ainhoa Artetarekin, esaterako. Lagun zituen, eta ahal zuen neurrian lagundu egin zien aurrera egiten.
Harreman estua
Berria sortu aurretik izan zuen harreman estua euskarazko egunkariarekin, 2000. urtetik izan baitzen Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko kide. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean nezeserra prest zeukan, bera ere atxilotu egingo zutela uste baitzuen. Harpideduna zen. Euskaraz irakurtzea hasieran «esfortzua» zen harentzat, baina «normaltasun» bihurtu zen gero. Euskalgintza jarraitzen zuen, baina berak zioen moduan, «bazterretik». 2003tik aurrera bertatik bertara, barrutik, bizitzea erabaki zuen, Administrazio Kontseiluko presidente lanetan.
Lizarribarrek nekez pentsatuko zuen Guardia Zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bera izango zela Euskaldunon Egunkaria-ren oinordekoaren, Berria-ren, administrazio kontseiluko presidentea. Itxieraren berri jakin zuenean beldurra sentitu zuen. Hala onartu zuen, 2003ko otsailaren 26an Egunero-n argitaratutako Ametsa ostu nahi izan digute artikuluan. «Baina Egunkaria egunero egiten duen taldeak aurrera jarraitzeko erakusten zuen jarrera ikusteak eguna salbatu zidan». «Hauek bere etorkizuna zalantzan dutenean», zioen, «herri bezala gure normaltasuna salbatzeko prest baldin bazeuden, zer eskubide nuen nik suntsituta sentitzeko?».
Administrazio Kontseiluko presidente izateko eskaintza onartu egin zuen. «Ezezkoa ematea ez zen batere erraza». Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria-rekiko sentitzen zuen «konpromiso handiagatik»; bestetik, itxierak eragin zion «amorruagatik». Onartu egin zuen, «koherentziagatik». «Ofizioa» ere ikasi zuen. Hala ere, bere buruari askotan galdetzen zion zer arraio egiten zuen horretan lanean.
Ordain materialik gabeko lana zen; bestelako ordaina jaso zuen, ordea. Egunkaria-ren itxiera osteko eta Berria-ren sorrerako hilabeteak bere bizitzako «garai beteenetarikoa» izan zirela aitortu zuen, bai itxierari emandako erantzunagatik, bai proiektu berria hutsetik sortzeko, gorpuzteko eta sendotzeko lanagatik. Sortu eta urtebetera, pozik zegoen lortutakoarekin, nola produktuarekin, hala jasotako babesarekin: «Egunkari estandar, serio, europar, mendebaldar, normal bat gara». Urteetako perspektibarekin, egindakoaren neurria are handiagoa zela zioen. Independentzia eta zabaltasuna zituen administrazio kontseiluko lanaren oinarri. Ez zuen zalantzarik. Berria da produkturik «zabalena».
Ardurak larritasunak eta kezkak ere eragin zizkion. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren urte luzeetako segidak eragindakoak batez ere. 2005eko Korrikan berak eraman zuen lekukoa, Berria-ren kilometroan, Bilboko kaleetan. Urte hartan, Korrikako arduradunek liburu batekin korrika egiteko eskatu zieten herritarrei. Lizarribarrek Egunkaria-ren itxieraren kronikarena eraman zuen, Lorea Agirreren Gezurra ari du.
Gizon jantzia
Bestelako zailtasunei ere aurre egin behar izan zien. Krisiei erantzutea tokatu zitzaion, bai krisi ekonomikoaren ondorioei, bai papereko komunikabideenari.
Gizon jantzia zen eta munduko herrialde asko ezagutzen zituen. Gertukoen esanetan, Euskal Herrian jende gutxi izango da Lizarribarrek adina bidaiatu duenik, bost kontinenteetako herrialdeetara. Gaztetan Argia dantza taldearekin; gero, lanagatik; eta baita oporretan ere. Urte asko zeramatzan Ameriketako Estatu Batuetara, Argeliara, Argentinara, Australiara, Filipinetara, Indiara, Indonesiara, Iranera, Kanadara, Malaysiara, Singapurrera, Thailandiara, Txinara... bidaiatzen. Europara ere bai, jakina. Zipre kuttuna zuen. Krisiak herrialde ‘exotiko’ horietako batzuk Euskal Herriko enpresentzat merkatu eta aukera bihurtu aurretik joaten zen Lizarribar haietara. Thailandiako armadaren estatu kolpeak bertan harrapatu zuen 2006ko irailean.
Bidaiek «dena erlatiboa» dela erakutsi zioten, esan zuen Euskadi irratiko Faktoria saioan 2007an egindako elkarrizketa batean. Euskaldun izaera ere indartu zioten, «kanpoan euskaldun izatea baita zure erreferentzia bakarra, ez zara beste ezer».
Jende askorentzat Joxean Lizarribar ETBko Firin Faran programan egin zen ezagun, tertuliakide lanean, gaurkotasunari buruz hitz egiten. Programaren sorrerako solaskide taldeko kidea zen, Begoña Munarrizekin, Noel Elorgarekin, Juanjo Gabiñarekin, Martxelo Otamendirekin... batera.
Hitzezko besarkada
Iritzia
Joanmari Larrarte · BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria
Joxanekin pare bat aldiz baino ez nintzen egon 2003ko otsailaren 20aren aurretik. Egun hartan, Egunkaria itxi eta gure lagunak atxilotuta eraman zituzten egun hartan, mahai berean eseri ginen, Martin Ugalde kultur parkean, prentsaren aurrean azaltzeko itxieraren bidegabekeria eta lagunegatiko kezka, langileon eta arduradunen izenean.
Handik aurrera, egunero elkarrekin aritu izan gara lanean hamar urtez. 2003ko apirilean BERRIA proiektuko lehendakari izatea eskaini genion. Gezurra esango nuke segituan baiezkoa eman zigula esango banu. Joxanek denbora hartu zuen ondo pentsatzeko, erantzukizunak neurtzeko eta aztertzeko, eta hori ere elkarrekin egin genuen. Eta gauzak behar bezala aztertu eta pentsatu ondoren, baietz esan zigun, eta horrek balio bikoitza ematen dio orduko erabaki hari. Joxan oso ondo jabetzen zen egoeraz. Gainontzeko guztiok bezala, berak ere ez zekien hurrengo hilabeteetan zer gertatuko zen, eta Egunkaria-koen bide beretik atxilotuta gerta gintezkeela bazekien. Hala ere, onartu egin zuen kargua, eta horrek asko esan nahi du Joxanen alde eta Administrazio Kontseilu hura osatu zuten guztien alde.
Hamar urte hauetan elkarrekin aritu gara lanean, proiektu zail, konplexu eta apasionantea den BERRIA proiektuan. Eta hamar urteotan Joxan handi bat ezagutzeko aukera eta ohorea izan dut. Enpresagizona ezagutu dut, zorrotza, sendoa eta ikuspegi argikoa. Kulturzalea ezagutu dut; kulturaren ezagutza handia zuen eta bete-betean bizi zuen eta euskal kultura denaren gainetik sustatu behar zela sinesten zuen. Euskaltzalea ezagutu dut; euskara muinean zuen Joxanek, eta ezin zuen eraman herri honetan euskararekin egiten den utzikeria. Eta, batez ere, BERRIA barruraino bizi izan duen gizona ezagutu dut.
Joxanek BERRIA berea zuen, erabat sentitzen zuen eta edozertarako prest egon izan da urteotan proiektu honi eusteko, proiektu honek etorkizuna izan dezan. Bere lanagatik asko bidaiatzea tokatu izan zaio, eta munduko edozein bazterretatik deituko zuen jakiteko zertan ginen, dena ondo ote zihoan. Zenbat aldiz egokitu ote zituen bere lan bidaiak BERRIAren beharren arabera, bileraren bat, hitzorduren bat edo ekitaldiren bat garrantzitsua zela pentsatu eta hura ez hutsegiteagatik. Lehendakari ona izan du BERRIAk hamar urteotan; behar zenean, lana egin du; behar zenean, aurpegia jarri du, eta beti animoa eta lanean jarraitzeko indarrak eman dizkigu.
Urtero, garaitsu honetan, urteko batzarra prestatzeari ekiten genion bion artean, eta intentsitate handiz bizi zuen garaia izaten zen. Dena ondo prestatzea gustatzen zitzaion; urteko gure ekitaldirik garrantzitsuena zela esaten zuen: «Ez ahaztu proiektu hau gauzatzeko dirua jarri duen jendearen aurrean azalpenak ematera goazela!», gogoraraziko zigun. Aurten bera gabe egin beharko dugu, eta ez da berdina izango: zailagoa izango da.
Joxan, baldintza bat jarri hidan BERRIAko lehendakaria izateko, nik hartzea proiektuaren zuzendaritza; esan hidan ni hemen nengoen bitartean hi ere izango hintzela lehendakari. Horrelaxe genian programatuta, datorren ekainean biok utzi behar genizkian gure karguak, beste batzuei lekua egin eta guk proiektuan beste eginkizun batzuekin jarraitzeko. Azkenean, hori gertatu aurretik hil haiz, eta triste, oso triste utzi gaituk. Nire eta gure buruetan iltzatuta geratu haiz, eta baita bihotzean ere. Hitz hauen bidez eman nahi diat eman ezin izan dudan besarkada hori.