Atentatua asmatu zuen guardia zibilari zigorra berretsi diote

Ataria 2013ko apirilaren 11

Nafarroako Auzitegiak lau hilabeteko kartzela zigorra berretsi du Leitzan 2009ko azaroan ETAren atentatu baten biktima izan zela asmatu zuen guardia zibilarentzat. Auzitegiak, beraz, ez du onartu Iruñeko hirugarren Zigor Epaitegiak 2012ko ekainean ezarri zion sententziaren aurka defentsak jarri zuen helegitea.

Salvador Melendez guardia zibilari ezarritako sententzia, ondorioz, irmoa da. Delitu simulazio saiakera eta desordena publikoak egin izana egotzi diote, eta lau hilabeteko espetxe zigorra eta 360 euroko isuna ordaintzera zigortu dute.

2012ko urtarrilean epaitu zuten Melendez. Epaileari onartu zion 2009ko azaroaren 30ean, bere buruari egin ziola tiro, eta atentatu baten biktima izan zela esan zuela. Kuarteleko bere kideei besoan tirokatu zutela esan zien, eta topatu zuen materialaren berri eman zien. Material hori berak bertan jarria izan zela ere onartu zuen. Fiskalak delitua gertatu izanaren itxura egitea eta desordena publikoa egotzi zizkion, eta horregatik, zortzi hilabeteko kartzela zigorra eta 2.400 euroko isuna eskatu zituen. Melendezen abokatuak, bestalde, deliturik ez zegoela argudiatu, eta absoluzioa eskatu zuen, eta deliturik egotekotan, berriz, isuna ezartzeko eskatu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!