Maxux Arsuagaren margo erakusketa jarri dute erretiratuen tabernan

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 10a, 10:41

Paisaiak, baserriak, animaliak... Maxux Arsuagaren lanak ikusgai daude Alegiako erretiratuen tabernan. Apirila guztirako jarri dute erakusketa, eta koadroak erosteko aukera ere badago. Salneurriei begiratuta, 20 eurotik hasi eta 200era bitartekoak ikusten dira.

Maxux Arsuaga anoetarra da, eta marraztea «betidanik» gustatu izan zaiola dio: «Gustukoa izan arren, lanarekin eta abar, ez nuen denborarik. Ondoren, alabak ikastaro batetara apuntatu ninduen, eta orain hor joaten naiz Tolosako kultur etxera. Horrela hasi nintzen marrazten». Olioan egiten ditu bere margoak, eta eskuetatik kentzen dizkiotela dio: «Baserri gehiago jarri nahi nituen erakusketan, baina ezinezkoa izan da, agortu baitzaizkit. Dirudienez jendeari gustatu egiten zaizkio, eta gustura, beraz».

Afizioarengatik marrazten baldin badu ere, enkarguz hainbat lan egina da Maxux Arsuaga. Jendeak bere baserriak marraztea eskatzen dio, eta Anoetan adibidez, modu horretan makina bat lan egina dela onartzen du. Helburu horrekin anoetarrarekin harremanetan jarri nahi duenak 615 78 09 66 telefono zenbakira deitu behar du.

Erretiratuen tabernan bere lanak jartzen dituen lehen aldia ez da izango hilabete honetakoa, 2012ko urtarrilan beste erakusketa bat zintzilikatu baitzuen bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!