Aurrera, elkarlanari esker

Ataria 2013ko apirilaren 10a

Murrizketak, kaleratzeak, enplegu erregulazio espedienteak, itxierak... Gure egunerokoan denen ahotan dabiltzan hitz edota egoera horiekin ez da erraza baikortasun mezuak gizartean zabaltzea. Egun bizi dugun krisia, baina, ez da berria sektore batzuentzat, eta krisiak ere eurengan eragin zuzena izan duen arren, aurrera egiteko bide berriak egiten ikasi dute. Lehenengo sektorean elkarlanaren hautua egin dute nekazari askok, bakarka lan egiten jarraitzeak «hiltzera» zeramatzatela ikusita.

Artzainengan argi atzeman daiteke bilakaera hori. Urrun geratu dira baserrian ekoitzitakoa euren kabuz soilik azoketan saltzen zuteneko garaiak. Elkarteetan edota kooperatibetan elkartu eta talde moduan lan egiten dute egun artzain askok.

Latxa Esnea kooperatiban, esaterako, Euskal Herriko 30 artzainek indarrak batu dituzte ardi latxarekin lan egiten duen artzainen lehen kooperatiba sortzeko. Esnea elkarrekin saltzea du helburu, ekoizle eta gaztandegien arteko oreka lortuz. Pasa den urteko maiatzean aurkeztu zuten, eta bertako lehendakari Mariano Imazek balantze «baikorra» egin du lehendabiziko urteak utzi dituen emaitzen inguruan. «Artzainak esnea saldu ezinik egoten ziren, eta saltzen zenean zenbat eta noiz ordainduko zieten ere ez zuten argi izaten», dio Imazek.

Ekimen aitzindari honen bitartez, 6-8 kontratu lortuak dituzte, eta horrek artzainei «lasaitasuna eta ziurtasuna» eman die. «Kontratu horiek baldintza batzuk zehazteko aukera ematen dute, prezioa eta ordainketarako epeak, esaterako, eta hori erabat berria da sektorean». Kooperatibaren barruko artzain gehienak Tolosaldea eta Goierrikoak dira, eta ia denak artzaintzatik bizi dira.

Urtero, ekoizle berriak

Ardi esnearekin batera, esnekiak saltzeko pausoa eman nahi dute Latxa Esnea kooperatiban. Ardi latxarekin eginiko esnekietan hedatuenen artean gazta legoke, eta horien artean Idiazabal jatorri deiturakoa. Hain zuzen ere, egin berri dute gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena, eta bertan ere elkarlana nabarmendu dute abeltzaintza sektorea suspertzeko oinarri. 2013 urterako ekoizpena mantendu edota handitzeko asmoa dutela iragarri dute, beti ere, «ekoizpenaren eta salmenten arteko oreka bilatuz». Dena den, euren helburu nagusia «ekoizpenaren gainetik kalitatea» dela azaldu du Miriam Molina Idiazabal jatorri izendapenaren kudeatzaileak.

Halaber, oso garrantzitsu jotzen du ekoizle edo gaztagileen kopurua, eta hori babestu behar dela uste du: «Urtero ekoizle berriak izaten ditugu, gazteak gainera, eta hori oso pozgarria da guretzat». Molinak dioenez, baserrian geratzen diren gazte askok artaldea jarri eta gaztak egitea erabakitzen dute. «Maite dutelako edo gustatzen zaielako egiten dute, eta era berean, aukera gehiago ikusten dituzte gaztandegia jarrita», dio.

Dena den, «salmenten moteltzea eta abereen mantentze prezioa asko handitu izanaren ondorioz», gaur egun ez dela «lehen bezain erraza» gaztagilearen lana onartu du. «Lehen azoketan eta baserrian bertan nahikoa saltzen zen, baina, gaur egun lan handia egin behar duzu saltzeko», azaldu du Miriam Molinak. Salmentari dagokionez, elkarlanak «berebiziko garrantzia» duela eta hori indartzea dela Idiazabal jatorri deiturako gaztak nahiz abeltzaintza bera bide onetik eramateko gakoa adierazi du Molinak.

Kalitatearen gorenean

Gaztaren kalitatearen erakusgarri mundu mailan egiten den azken gazta txapelketan domina irabazi zuten bost gaztagile izan ziren agerraldian. Bost horietatik hiru Tolosaldekoak dira: Orexako Oihan-Txiki, Asteasuko Goine eta Orendaingo Zelaieta.

Hiru horiez gain, Amasa-Villabonan, Amezketan, Berastegin, Leitzan eta Tolosan ere badira gaztagileak. Ardi gazta egiten dute guztiek, baina denak ez daude Idiazabal jatorri deituraren barruan. Dozenaren bueltan ibiltzen diren artzain horiek duten artaldearen tamainaren araberako ekoizpena dute. Hori bai, badira ardi esnea erosi beharra izaten dutenak euren ekoizpena asetu ahal izateko, eta badira, era berean, ardi esnea saldu beharra dutenak ekoizpenetik soberan geratzen zaielako.

Artzain izateko hautua baserrietan geratzea erabakitzen duten gazte askok egiten duen arren, horrek ez du esan nahi pauso hori ematea erraza denik. Arantzazun kokaturiko Itsasmendikoi Artzain Eskolako koordinatzaile Batis Otaegik azpimarratu duenez, «ezagutza handia izatea eskatzen du artzaintzak». 1997. urtean jarri zen abian artzainak hezteko eskola, eta 210 ikasle igaro dira. Ikasleen adinaren batez bestekoa 26 urtekoa da, %25 dira emakumezkoak, eta prestakuntza jaso dutenetatik erdiak baino gehiagok, zehazki 111 artzainek, jarraitzen dute lanbidearekin.

Otaegik azaldu duenez, azken bi urteetan «asko» zaildu da artzaintzaren egoera. Bere ustez,  abereen elikagaien prezioen igoerari ardi gaztaren kontsumoaren jaitsiera batu zaio: «Kalitate goreneko produktua izaki ez da merkea, eta egungo egoeran normala da kontsumoak behera egitea». Horregatik, merkatua zabaltze aldera, artzainek beste esnekiekin proba egiten ari direla dio Otaegik.

Artzainen lana eta egoera «erraza izan ez arren» etorkizuna, oraingoz behintzat, «ziurtaturik» duela adierazi du Artzain Eskolako koordinatzaileak: «Bokazioak bultzatutako artzainak edota natura maite dutenak dira eskolara gerturatzen direnak, erreleboa ematen ari da, beraz, oraingoz ez du artzaintzak desagertzeko itxurarik». Era berean, artzainen kalitatean ere «bilakaera» ematen ari dela nabarmentzen du: «Teoria eta praktika tartekatzen ditugu, zentroan bertan nahiz baserrietan, eta ondorioz geroz eta formatuagoak dira gure artzainak. Beraz, artzainen kopurua jaitsi daitekeen arren, kalitatean gora egingo dugu».

Peio Etxeberria Artzaina

Peio Etxeberria amasarra[/caption]

«Antzerako kopurua ekoiztu, baina lan handiagoa egin beharko dugu saltzeko»

Baserrian jaio eta hezi zen, eta bertan bizi da gaur egun ere, Peio Etxeberria amasarra, lanbidea baserria bera aukeratu baitu. Artzaina da, eta Latxa Esnea kooperatibako kidea izaki ardi esnea saltzen du. Horrez gain, gaztagilea ere bada, eta Idiazabal jatorri izendapeneko gazta merkaturatzen du. Artzainen egungo egoerea «oso zaila» dela azaldu du, eta kooperatiba sortu izanak artzaintzari ekarri dion «onura» nabarmendu.

Ardi gaztaren ekoizpenak zer nolako bilakaera izan du?

Izan dira urteak ekoizpen kopurua handitu, eta gero guztia ezin saldu ibili garena. Bizi dugun egoera kontuan hartu behar da, eta horren arabera egin gazta kopurua. Ezin da guztia egin, ez baita saltzen lehen saltzen zen neurrian. Une honetan, krisiaren eraginez, gazta saltzea asko kostatzen da.

Beraz, ekoizpena jaitsi egin al da?

Bai. Urte oso onak izan dira, baina beste arlo batzuetan gertatu den moduan, ekoizpena jaitsi egin da. Eta, orain, gainera, lan handia egin behar da saldu ahal izateko. Artzain bakoitzak duen merkatuaren araberako ekoizpena egiten jakin behar du.

Nola uste duzu joango dela 2013 urtea?

Pasa den urtea oso gogorra izan zen, eta uste dut aurtengoa are gogorragoa izango dela, bereziki  Gipuzkoan. Hori enpresetan-eta ikusten dugu, lehen ere nahiko egoera zailean zeudenak ateak ixten edota erregulazio espedienteak ari baitira sartzen. Horrek guztiak eragin zuzena du, izan ere, egoera ez hain onak bizi ditugunean behar beharrezkoak ez diren produktuak baztertu egiten ditu jendeak. Beraz, iazkoa baino zailagoa dator urtea. Kopuru antzekoa produzituko dugu, baina lan handiagoa egin beharko dugu saltzeko.

Zein zentzutan?

Lehen, baserrian bertan dela, edota azoketan, errazago saltzen genuen gazta artzainok. Gaur egun, baina, gisa horretan saltzen den kopurua jaitsi egin denez, gehiago mugitu behar dugu, eta horretan elkarteek eta izendapenek garrantzi handia izan dute. Gaztagileak Euskal Herri osoan gaude hedatuak, beraz, ez da erraza hutsuneak topatzea merkatuan, horregatik, gure mugetatik at ere asko saltzen da.

Merkatua kanpora hedatzeak, beraz, garrantzia izan du.

Bai, gure mugetatik at salduko ez bagenu ez legoke guztiontzako lekurik, eta prezioen gerra modukoa emango litzateke. Izan ere, norberak bereari begiratuko lioke, eta bere gaztak saltzeko ahal lukeen guztia egingo luke.

Lehengaien prezioen gorakadak ere eragin zuzena izan du.

Izugarri egin du gora. Baserritarrek egiten duten produktuak prezio beretsua mantendu duen arren, azken bi urteetan sekulako gorakada izan dute abereentzako lehengaiek, kasu batzuetan %40 arterainokoa. Gastuak erruz igo dira, baina produktuaren prezioa ez dago igotzerik merkatua erdi beterik baitago. Merkatu globalizatu honetan lehengaiak prezio hain altuetan daudelarik oso zaila da aurrera egitea. Horrela mantenduz gero desagertzeraino ere irits daiteke merkatua, zenbakiak ez baitira ateratzen.

Norentzat da bereziki gogorra egungo egoera?

Batzuk pixkana aurrera goaz, baina egoera okerrenean daudenak orain gutxi hasi eta inbertsio handiren bat egin berri dutenak dira. Horientzat oso zaila izango da egoera. Besteontzat, berriz, merkatua jaitsi egin da, baina aurrera goaz poliki-poliki.

Latxa Esnea kooperatibarekin ikusi dute argia artzain batzuk.

Latxa Esnea kooperatiba sortu zen esnea saltzen duten artzainak elkartu eta industriarekiko zuten mendekotasunaz babesteko. Izan ere, artzainak ardi esnea saltzen banaka ari ginenean ez ziguten batere errespeturik. Latxa Esnea kooperatibaren bitartez beste artzainekin elkartu gara, indar handiagoa dugu, ekoizpenaz negoziatzera joaterakoan babesa dugu. Enpresek indar handia hartu dute, beraz, euren maila berean jarri behar duzu, bestela nahi dutena egiten dute. Lasaitasuna eman digu artzanoi, eta aurrera egiteko bermea.

Zenbat urte daramazu artzain moduan?

20 urte inguru. Hasieran ardiekin hasi nintzen lanean, eta pixkana gaztak egiten jarri nintzen. Ardiak beti eduki izan ditugu baserrian, baina aita behizalea zen. Lursail asko ditugu malkarrak direnak, eta horietan behiekin lan egitea oso zaila da, eta gainera, ardiak asko gustatzen zitzaizkidanez, eurekin lan egitea erabaki nuen. Une honetan ardiekin besterik ez dut lan egiten. 350-400 ardiko artaldea dugu, eta esan bezala, aurrera goaz, poliki-poliki.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!