2013ko Eusko Label Banakako Aizkora Txapelketaren barnean, asteburu honetan parte hartzen zuten Tolosaldeko eta Leitzaldeko lau aizkolaritatik Jokin Alkizaletek bakarrik egin du aurrera. Zerainen eta Bilboko Santutxu auzoan jokatutako kanporaketetan, Asier Pellejero, Eneko Saralegi eta Iñaki Agirre kanporatu zituzten.
Larunbatean Zerainen jokatutako kanporaketan, Dorronsoro, Zaldua, Urteaga, Agirre, Esnaola, Beltza, Goñi, Resano, Kañamares III.a, Pellejero, Vazquez eta Jauregi aritu ziren nor baino nor. Lehen fasean 45 ontzako enborra moztu behar izan zuten. Bigarrenean, kana-erdiko bana, eta azken fasean, berriz, 60 ontzako bana. Kañamares III.ak eta Resanok egin zuten aurrera.
Igandean, Bilbon jokatutako kanporaketan, berriz, Mugertza III.a, Eneko Otaño, Alkizalete II.a eta Eneko Saralegi izan ziren azken faseko sailkatuak, eta asteasuarraz gain, Otaño sailkatu zen. Saralegik, ordea, 23 urtez azpiko txapelketan jarraituko du.
Igandean, Leitzan
Hurrengo kanporaketa igandean jokatuko da Leitzan, 12:00etatik aurrera. Hamabi aizkolarien artean, bi eskualdeetako lau ordezkari izango dira bertan: Mujika, Irazu, Saralegi, eta Alkizalete. Larunbatean, berriz, Asteasun 23 urtetik beherakoen txanda izango da.