Irujo eta Zabaletaren aurka 13-22 galdu ondoren, azken jardunaldira arte itxaron beharko dute Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroizek finalerako txartela eskuratu ahal izateko. Aimar Olaizola eta Ibai Zabalaren aurka arituko dira finalaurrekoetako azken partida horretan, eta irabaziz gero, aukera asko izango dituzte, txapela irabazteko finalean izateko.
Pasa den igandean, Bizkaia pilotalekuan egindako jokoarekin ez zen batere gustura geratu aurrelari leitzarra. Pilotakada askoko tanto gogorrekin hasi zen partida, baina segituan 6-19ko aurkako emaitzarekin jarri ziren.
«Nahiko partida txarra jokatu nuen. Sakez pare bat falta egin eta beste hainbat pilota galdu nituen. Horrek distraitu egin ninduen, eta une txarrak pasa nituen kantxan. Bagenekien aurkari hauen aurka dena bikain egin beharko genukeela irabazteko aukera izateko, baina ezin izan genuen», adierazi du Bengoetxeak.
Amaieran, Zabaletak izan zuen beherakada fisikoa aprobetxatuz, emaitza zertxobait txukuntzea lortu zuten. Azkenean, 13-22ko emaitzarekin amaitu zen.
Asteburuan, «irabaztera»
Galdu arren, oraindik sailkapeneko bigarren postuan daude, eta finala jokatzea euren eskuetan dago. Datorren asteburuan, Aimar Olaizola eta Ibai Zabalaren aurka arituko dira, eta partida irabaziz gero, finalean egoteko aukera asko izango lituzkete. Beste finalaurrekoan zer gertatzen den ere gertutik jarraituko duten arren, garrantzia kendu nahi izan dio horri Bengoetxeak: «Guk geure lana egin behar dugu, eta irabaztera aterako gara. Azken aukera bezala ikusten dugu».
Aurkariez, ordea, ez da fidatzen Bengoetxea: «Agian finalaurrekoetan ez dute beren maila hoberena eman, baina Ibai atzelari oso ona da, eta Aimar zer esanik ez. Partida zaila izango da eta lan asko egin beharko dugu».
Eskuz Binakako Txapelketako finala
Sailkatzeko aukerak
Irujo-Zabaleta. 1. Hamar tanto edo gehiago egitea Berasaluze eta Albisuren aurka; 2. Olaizola eta Zabalak Bengoetxea eta Beroizi mendean hartzea.
Berasaluze II-Albisu. 1. Irujo eta Zabaletari irabazi, eta hauek 20 tanto edo gutxiagorekin uztea; 2. Irujo eta Zabaletari 22-21 irabazi eta, Bengoetxea eta Beroizek 13 puntu edo gutxiago lortzea Olaizola eta Zabalaren aurkako partidan; 3. Olaizola eta Zabalak Bengoetxea eta Beroiz garaitzea, 22-12 eta 22-19 bitarteko emaitza bat lortuz.
Bengoetxea VI-Beroiz. 1. Olaizola eta Zabalaren aurka irabazi eta Berasaluze eta Albisuk, Irujo eta Zabaletaren aurka galtzea; 2. Olaizola eta Zabala 13 tanto edo gutxiagoan uztea, eta Berasaluze eta Albisuk 22-21 irabaztea; 3. Olaizola eta Zabalari 21 tanto eginez gero, Berasaluze eta Albisuk, galtzea.
Olaizola II-Zabala. 1. Bengoetxea eta Beroiz 10 tanto edo gutxiagoan utzi, eta beste partidan, Irujo eta Zabaletak, Berasaluze eta Albisuri irabaztea.