Jon Ander Galarraga · Biologoa
Amaitu dira oporrak, nire doluminik handienak ene irakurle fidelei. Berriro ere gure egunerokoetan hasi behar, baina hementxe dago bi asteroko zutabe xume hau aste egun bat alaitzeko eta noski, beti bezala, zerbait irakasteko!
Asteburu oro bezala, taberna zulo ilun batean garagardo bat parean nuela inspirazio bila nenbilela, edari batez idaztea otu zitzaidan. Baina jada idatzia dut, garagardoaz, sagardoaz eta ardoaz. Euskal unibertsoko edari garrantzitsuenak igaro dira zutabe xume honetatik. Baina bada edari berezi bat garrantzia oso gutxi ematen dioguna eta gizakiaren %99,99ak beren bizitzan zehar edan duena.
Gaurko gure ekokulturaren zutabe, artikulu edo dena delako orri erdi honetan, esneari buruz arituko gara. Animalien historia zoragarrian zehar, kumeak zaintzea asmakizun egokia izan zen. Hasiera batean beren kasa bizitzeko gai diren milaka kume txiki egiten ziren, jaio ostean, gurasoak beraietaz ahazten ziren. Zenbait animalia taldeei, ordea, kume gutxiago egitea otu zitzaien eta kume hauek beren kasa utzi ordez, zaintzea erabaki zuten.
Kume bat zaintzearen lehen pausoa, habi bero eta goxo bat egitea da. Behin hau lortu ostean, kumetxoa elikatu egin behar da, eta hortxe dago koska! Kumea elikatzeko modu bakarra berarentzat ehizatzea da, adibidez hegaztiek egiten duten bezala. Baina hor kanpora ehizatzera irteteak arriskuak ditu, orduan zergatik ez kumearentzat nork bere janaria sortu? Eta hementxe sortu zen esnea.
Esnearen asmakizunarekin, guraso emea habian geratzen zen eta eguna, kumetxoa esneaz elikatzen ematen zuen bere habian, gainera, kumetxoak elikagai kopuru finko bat edukitzen du egunean zehar, kanpoko euria, elurra edo bestelako faktoreetatik salbu.
Esneak izan behar duen ezaugarri garrantzitsuena elikagai askokoa izatea da. Zenbat eta elikagai gehiago eduki, kumea azkarrago hazi daiteke. Ez da harritzekoa, beraz, esnea kumetxoarentzat dagoen janaririk egokiena izatea. Gaur egungo animalietan, esnea ugaztunok soilik sortzen dugu, beno... ugaztun emeek. Ugaztunoi bereizten gaituen ezaugarrietako bat da, ilearekin batera! Beraz, baleek esnea edaten dute, saguzarrek ere bai, satorrek ere bai, baita katagorriek ere! Ez pentsa ugaztun «arraroek» ez dutenik esnerik edaten.
Gainera, esnearen asmakizuna beste animalia taldeek ere kopiatu egin digute: hegaztiek. Ikus dezagun uso (Columba livia) bat. Usoa hegaztia da, baina kumeen lehen hiru egunak, eztarritik sortzen duen esnearen antzeko edari batekin elikatzen dituzte. Ostean usotxo txikia, gurasoek ekarritako janaria jaten hasiko da.
Istoriorik xelebreena, pinguino enperadorearekin (Aptenodytes forsteri) gertatzen da. Beste Antartidako pinguino espezieek udaberri edo udari itxaroten diote kumetxoak izateko, baina pinguino enperadorea beraiek baino gehiago delakoan edo, kumeak Antartidako negu hotzean izaten ditu, 40 gradu zeropean... «Hik dazkek hik potrok!». Pinguino espezie honek, arrautza bakarra izaten du eta arrak zaintzen du, emea ehizara joaten den bitartean. Sarritan emea ez da bere ehizalditik bueltatzen. Arrak ezin du bere kumetxoa bakarrik utzi, hotzak hilko baitzen segituan. Beraz, emeak denbora gehiegi daramanean etorri gabe, pinguino enperadore arrak eztarritik esnea sortzen du. Ez da behi edo ardi baten esnea bezalakoa, baina kimikoki baditu antzeko ezaugarriak. Ziur zaudete futbola bizidunak baino interesgarriagoa dela?
Interes handia dut zuen iritziak jakiteko. Mail bidez edo zuzenean esanez, zuen iritzi eta kritikak jasotzea oso garrantzitsua da. Beraz, idatzi bioaniztasunetik@hotmail.com helbidera.