Oria ibaia Tolosan dragatzearen aurka azaldu da Eguzki talde ekologista

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 9a, 10:15

«Ibaiko hondakinak bakarrik» garbitu behar direla diote, PSE-EEk proposaturikoaren harira

Euriteen ondorioz, ohikoa izaten da Tolosan ibaiak gainezka egitea.

Eguzki talde ekologista, Tolosako Udaleko PSE-EEk aurkezturiko proposamenaren aurka agertu da; Oria ibaia, Tolosako zatian, garbitzea eta dragatzea beharrezkoa dela diote PSE-EEko kideek, baina talde ekologista ez dago ados jarraibide honekin, eta «ibaiean hondakinak bakarrik» garbitu behar direla uste dute: «ikuspuntu kritikoa azaldu nahi dugu honen inguruan», diote.

Aipatzekoa da, Tolosako Udalean PSE-EEk duen ordezkariak proposamen bat aurkeztu zuela duela bizpahiru hilabete, Oria ibaiaren garbiketarekin lotuta; besteak beste, uholdeak ekiditeko helburuz «Oria ibaia garbitu eta dragatzea» proposatu dute.

Eguzki talde ekologistak, lehenik eta behin, garbitzea zer den zehaztu nahi izan du: «Garbitzea, zikinduta dagoena kentzea da, eta beraz, kasu honetan, herritarrek sorturiko zikinkeria garbitu beharko litzateke, hondakinak bakarrik garbitu beharko lirateke». Bide honetan, ibaietan gizon-emakumeen ondorioz sortzen den zikinkeria garbitzea erabat babestu nahi du Eguzkik.

Talde ekologistak, ordea, «beste garbiketa mota batera» bideratu ditu kritikak: «Hondakinez gain, sedimentuak eta landaredia ere deuseztatu nahi dituzte, hau da, ibaiak berezkoak dituen elementu naturalak desagertarazi. Garbiketa mota honen aurrean erabateko desadostasuna azaldu nahi dugu».

Honekin batera «ibaia hobekien garbitzen duena ibaia bera» dela nabarmendu dute: «Ibaia hazten den bakoitzean, sedimentuak zabaldu eta sailkatu egiten dira, eta landaredia ere ordenatu egiten da. Hori da ubidea garbitzea». Finean, beraz, giza inbasioa da, Eguzkiren arabera, arazoak sortzen dituena.

Horrela, beraz, PSE-EEk Tolosan proposaturikoa «alferrikakoa» dela uste dute: «PSE-EEk Tolosan proposatu duen garbiketa mota alferrikakoa da, ibaia berriro hazten denean sedimentuak berriro pilatuko baitira. Gainera, bigarren mailako ondorioak dakartza ibaia dragatzeak nahiz landaredia deusezteak, ibaiak ez baitira sedimentuen ondorioz hazten».

«Ibaiari espaziorik ez kendu»

«Oria ibaiaren arroan jada berandu den arren, ibaiari espazio gehiagorik ez kentzea lehentasunezkoa da», Eguzki talde ekologistaren arabera.

Izan ere, Oria ibaiak Tolosan duen ubidearen %95a gizakiak artifizialki bideraturikoa da, eta ondorioz, «ibaiak gainezka egitearen arriskua ez da sekula desagertuko», diote Eguzkiko kideek. Honen aurrean, lurralde antolakuntza errotik aldatzea da, uholdeen Europako zuzendaritzaren arabera, konponbiderik eraginkorrena. Tolosaldean, ordea, hori ezinezkoa denez, Eguzkiko kideek argi azaldu nahi izan dute uholde arriskuak saihesteko egin beharrekoa: «Eremu honetan, Anoetan, Amasa-Villabonan nahiz Adunan dauden lur zati lauak gizakiak nahiz azpiegiturek ez okupatzea da bideetako bat, Tolosako uholde arriskua arintze aldera».

Honenbestez, ibaiko hondakinak nahiz landare inbaditzaileak garbitzearen alde, eta sedimentu eta landaredia ez deuseztatzearen aldeko aldarri hauen, Tolosako Udalari helarazi nahi izan dizkiote: «Alfredo Ollero adituaren eskutik sakondu ahal izan dugun hausnarketa hau, Tolosako Udalak Oria ibaiaren garbiketaren auziaz aritzeko sortu duen mahaian eztabaidatzea espero dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!